Saguzarrak: buruz behera, eta hankaz gora

Uste okerren eta mito faltsuen jomugan egon diren animaliak dira saguzarrak, eta galzorian daude asko. 'Euskal Herriko saguzarren gida'-n jasota daude bertako 27 espezieak, eta beste hainbat argibide. Ugaztun «konplexua» da, eta badu zer ikertua oraindik.

Saguzar batzuk buruz behera, kobazulo batean. ION FONTENLA / NATURTZAINDIA
Saguzar batzuk buruz behera, kobazulo batean. ION FONTENLA / NATURTZAINDIA
enekoitz telleria sarriegi
2024ko maiatzaren 1a
05:00
Entzun

Buruz behera eta hankaz gora zintzilikatu dutena da saguzarraren iruditeria. Buruz behera egiten duelako lo, eta hankaz gora jartzen dituelako berari buruzko uste oker eta mito faltsu guztiak. Eta asko dira, baina gaindituta behar lukete egon. Ez Dracula, ez banpiro, ez Transilvania, eta ez COVID. Arriskurik ez du gizakiarentzat, eta gizakia bihurtu da arrisku haientzat. Dela haien habitata suntsitzeagatik, dela haien gordelekuetan eragindako kalteengatik, galzorian daude asko.

«Euskal Herrian galzorian dauden ugaztunen artean, saguzarrak dira bost. Ur satitsua, hartza, bisoi europarra… eta zerrendan gainontzekoak saguzarrak dira». Joxerra Aihartza EHUko Zoologia irakasle eta adituarena da datua, eta sententzia. Elkarren segidan jartzeko modukoak dira haren azalpenak eta hausnarketak: munduan ia 1.500 saguzar espezie daudela deskribatuta, eta horietatik 27 Euskal Herrian daudela. Beraz, saguzarra ez dela animalia bakarra, eta ezin dela hitza modu generikoan erabili: «Arrainak, sugeak, txoriak... balira bezala». Saguzarrena ugaztunen arteko talderik «dibertsoenetan» bigarrena dela —karraskariena da dibertsoena—, eta ugaztun hegalari bakarrak direla. Gautarrak, eta intsektujaleak: «Baina badaude azeri hegalariak fruta jaten dutenak, badaude saguzarrak fruitu txikiak jaten dituztenak, eta nektarra, eta polena... Eta badaude gutxi batzuk espezializatu egin direnak: txoriak, igelak, sugandilak eta beste saguzarrak ere jaten dituztenak». Badira kobazuloetan gordetzen direnak, badira etxe eta baserrietako ganbaretan babesten direnak, eta badira basoetan bizi direnak.

Saguzar belarrihandi arrea (Plecotus auritus), hegaldi betean. JOXERRA AIHARTZA
Saguzar belarrihandi arre bat (Plecotus auritus), hegaldi betean. JOXERRA AIHARTZA

Aihartzak hogeita hamar urte baino gehiago daramatza saguzarrak ikertzen. «1985ean Ornodun Kontinentalen Atlasa egin zuten, eta EAEko ugaztun guztiak jaso zituzten, besteak beste. Guztiak, saguzarra izan ezik. Ez zegoelako informaziorik. Eta pentsatu nuen: ‘Bete dezadan zulo hori, ikus dezagun zer espezie dauden Euskal Herrian’. Baina behin horretan hasita, ikusten dudana da sekulako aberastasuna dutela ikuspegi zientifiko batetik». Azken urteotan gehien ikertu diren animalietako bat dela dio Aihartzak: konplexutasun ekologikoa dutela, ikasketa prozedura ezberdinak, ekokokapena, eta zentzumen ezberdinak; trofikoki ere ezberdinak direla, elkarrekintza ezberdinak dituztela, eta intsektu ezberdinak jaten dituztela. «Azken boladan ari gara aztertzen zenbat izurri jaten dituzten: zer zerbitzu ekosistemiko ematen diguten». Anatomia aldetik ere animalia «konplikatuak» direla dio: «Heterotermoak dira, negua lozorroan pasatzen dute, baina eskualde epeletan egunez ere beraien metabolismoa asko jaisten dute». Sistema immunologikoa ere oso garatua dutela, eta horrek ere aztergai bihurtu dituela: «Zer birus duten, zer bakterio… horri buruz asko lan egin da. Famatua egin zen COVIDaren garaian, baina gu 2003tik ari ginen birologoekin saguzarren birusak aztertzen». Bi hitzetan: «Oso talde errentagarria da ikuspegi zientifikotik». Eta neurgailu ederra, gizakiaren jardunarenetik: «Galzorian dauden saguzar ia denak basoekin lotura dutenak dira. Baso osasuntsuak behar dituzte. Ez da harritzekoa, beraz, Euskal Herrian ditugun baso landaketa eta baso ustiaketako eredu negargarriekin inguru horiek erabat hondatuak ditugunez, hori gertatzea. Neurri handi batean, saguzarrak ari zaizkigu azaltzen zein den gure basoen egoera».

Gida baten beharra

Horren guztiaren jakitun ondu du Naturtzaindia Elkarteak Euskal Herriko saguzarren gida liburuxka. Iazko ekainean eman zuten argitara, Arrasateko (Gipuzkoa) Udalaren laguntzaz. Naiara Corcuera eta Ion Fontenla dira egileak. «Naturtzaindiak zenbait herritan dauzka naturaren kontserbaziorako proiektuak. Eta hasi ginen kobazuloak ikertzen, datuak jasotzen, eta saguzarren kontserbaziorako neurriak proposatzen», azaldu du Corcuerak: «Saguzar espezie bakoitzarentzat mapak osatzen hasi ginen. Eta osatzearekin batera, konturatu ginen herritarrei hori zabaltzeko zerbait egitea interesgarria izango zela: herritarrek saguzarrei buruzko ezjakintasun handia zutela. Erakusketa ibiltari bat prestatzen hasi ginen, eta saguzar gauak antolatzen. Irakasteko zein inportantea den horiek kontserbatzea, zer funtzio garrantzitsua betetzen duten geure ekosistemetan, eta zer egin daitekeen eurei laguntzeko». Ildo beretik mintzatu da Fontenla: «Ezezagutza handia dago, ikertzeko ez baita animalia erraza: gautarrak dira, hegalariak dira, ez ditugu entzuten, ihes egiten digute, eta kopuruak zehaztea oso zaila da. Gure gida hau ale bat baino ez da». Zergatia argitu du Corcuerak: «Dibulgazio lan hori egiteko, euskarri fisiko bat behar genuen, saguzarrei aurpegiak jarri, nolakoak diren esan, eta agertu».

Saguzar belarrihandi bat, eskuetan hartuta. ION FONTENLA
Saguzar belarrihandi bat, eskuetan hartuta. ION FONTENLA / NATURTZAINDIA

Eta hori guztia jaso dute gidan: saguzarren berezitasunak, babeslekuak, intsektizida natural funtzioa, ekokokapena, kontserbazioa, familiak, generoak, espezieak, arriskuak, eta zer egin haietako batekin topo eginez gero. Fontenlak dio belaunaldi berriek «beste sentsibilitate bat» dutela: «Gure gurasoentzat gaizki ikusiak zeuden saguzarrak. Sugeekin bezala, akabatuz gero, hobeto. Orain, ordea, saguzar gauak-eta antolatzen ditugunean, ohartu gara gazteenek jakintza handia dutela, eta badakitela zaindu eta babestu egin behar direla. Sentsibilizazio aldetik, albiste ona da hori», azaldu du Fontenlak, baikor. Berdin mintzo da Corcuera: «Aurreiritziak dira denak, ez ditugu ezagutzen, zeren saguzar batekin topo egitea edo gertutik ikustea oso zaila da. Gau horietan denek bukatzen dute esanez: ‘Ze ederrak diren, ze inportantea den hauek zaintzea’. Haiei buruzko kuriositate asko ezagutzen dituzte, eta interesgarriak iruditzen zaizkie. Ezinezkoa da haiekin enpatiarik ez izatea».

Mendialdean, gorotz bila

Nerea Vallejo zoologo eta ikerlariak erabateko enpatia die. Gradu amaierako lana egiteko sartu zen saguzarren munduan, Joxerra Aihartza eta beste irakasle batzuen eskutik, eta tesia ari da egiten orain mundu berean: «Geoffroy saguzarraren ekologia trofikoa ari naiz ikertzen; haien dieta». Mendialdean egin ditu egun batzuk. Euskal Herriko kolonietan biltzen ditu laginak, baina baita Katalunian eta Landetan ere. «Haien dieta teknika molekularren bidez aztertzen dut. Saguzarren gorotzak biltzen ditugu, eta bertan dagoen DNA ikertzen dugu era masiboan. Horrela, jakin dezakegu zer jan duten, eta zertan aldatzen den dieta urtaroen arabera eta leku batetik bestera». Europa hegoaldean eta Mediterraneo aldean agertzen da Geoffroy saguzarra —Euskal Herrian ere bai—. Berezia du dieta: armiarmak jaten ditu, batez ere. «Eta hori Europako beste saguzarrek ez dute egiten. Ez da batere ohikoa. Espresuki bilatzen dituelako armiarmak. Eta joaten da ukuiluetara, eta jaten ditu euliak ere. Asko ikertu dute horri buruz Herbehereetan eta Alemanian. Ukuilu barruetara sartzen da, eta ehizatzen ditu mugitzen ez diren euliak. Ehizatzen ditu nola armiarmak ala euliak guztiz inaktibo daudenean. Eta euli horietako asko ganaduaren gaixotasunen bektore izan daitezke, ganaduak ziztatu eta kalteak eragin behien eta zaldien ongizatean».

Duela gutxi Euskal Herriko hainbat abelbururi erasan dien gaixotasun hemorragiko hepizootikoa ere eltxo baten ziztadak eragindakoa da. Aipatu du gai hori ere Vallejok: «Badaude gurean saguzarrak eltxoak jaten dituztenak eta oso ohikoak direnak. Itxaropentsu egotekoa da hori, nahiz eta oraindik ez garen hasi ikertzen eltxo zehatz hori kontsumitzen ote duten». 

Jakingarriak:

  • Ugaztunak dira: 

    Ilea dute gorputzean, eta odol berokoak dira. Jaio ondorengo lehen asteetan, amaren esnez elikatzen dira. Hegan egin dezaketen ugaztun bakarrak dira.

  • Intsektizida naturalak: Saguzar espezie ia gehienak intsektujaleak dira. Ehizako gau bakoitzeko, bere pisuaren %30 jan dezakete sits eta eltxoetan. Hau da, gau bakarrean, 1.000 eta 3.000 intsektu artean jateko gai dira.

  • Ekokokapena: Iluntasunean ehizatzeko eta oztopoak saihesteko, ekokokapena deituriko sonar sistema sofistikatu bat erabiltzen dute. Ultrasoinuak igortzen dituzte, eta, horiek objektu batekin talka egin ostean, islatu eta saguzarraren belarrietara iristen dira. Horrela, objekturaino dagoen distantzia kalkula dezakete.

  • Askotarikoak: Munduan aurkitu daitezkeen ugaztun lehortarren heren bat saguzarrek osatzen dute. Ia 1.500 saguzar espezie daude deskribatuta. Euskal Herrian 27 espezie daude, lau familia eta 11 generotan banatuta. Lau familiak: rinolofidoak, miniopteridoak, molosidoak eta vespertilionidoak.

  • Kontserbazioa: Euskal Herriko saguzar espezie guztiak legez babestuta daude. Euskal Herriko espezie mehatxatuen katalogo guztietan daude jasota.

  • Gida eskuratzeko: naturtzaindia.com.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.