Akrobata, saltinbanki, malabarista, ekilibrista, trapezista, eskapista, mago eta pailazo. Su-irensleak, ezpata-irensleak, eta txuleta-irensleak. Zer da sagardotegia, ez bada zirku erraldoi bat? Iker Galartzak berak ere hala esan die sagardogileei: «Ez gara horren diferenteak: guk lan egiten dugu jendeak ondo pasatzeko, eta zuek ere bai. Egunik onena ez denean ere, beti irribarre bat gordeta eduki behar dugu datorrenarentzat». Gordea zuten irribarrerik onenarekin abiatu dute Gure Zirkuko kideek txotx garaia Astigarragan (Gipuzkoa): sudur gorri kolorea duen horrekin.
Iker Galartza, Joseba Usabiaga eta Lur Aranburu aritu dira zirkuko kideen izenean aurkezpenean. «Ez dakit merezimendu osoz gauden hemen, baina bai nortasun handiko jendea garela, euskaldunak garela, eta sagardozaleak», esan du Galartzak hitza hartu duenean. «Urduri eta hunkituta» daude hirurak. «Entseatu dugu. Gauzak serio hartzen saiatzen gara, umorea egiten badugu ere», azaldu du Usabiagak. «Ondarroa inguruan ez daukagu sagardotegi asko, baina zirkuan hasi naizenetik, sagardoa eguneroko zerbait bihurtu da, lankideek oso gustura edaten dute eta. Mahaiaren inguruan zirkuko familiarekin eta maite dudan jendearekin jartzeko aukera bat bihurtu da sagardoa», esplikatu du Aranburuk.
Erribera kulturgunean aurkeztu dute Sagardo Berriaren Eguna. Jendetza bildu da. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko eta Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariak, Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea, eta aurtengo gonbidatu nagusiak. Aloña Beraza kazetariak aurkeztu du ekitaldia, Agin Laburu eta Joanes Illarregi aritu dira bertsotan, eta Ana Goitia umoristak sartu dio txotxari ziria: «Beste pailazo bat behar omen zuten, eta ni etorri naiz». Alorrenea sagardotegiko Jokin Mariezkurrenak xehatu ditu sagardoari buruzkoak: «Hirugarren upela da zabalduko duguna, familiaren sagastiko sagarrekin egina. Fruta usainekoa, eta ahoan luze joango dena. Bigarren tragoa egiteko gogoa piztea espero dut». Euskal Sagardoa jatorri izeneko 1.300.000 litro izango dira aurten.
Gezamina landatu dute
Erribera kanpoaldean landatu —lurrez estali— dute hiru gonbidatuek sagarrondoa: gezamin barietatekoa. «Sagar gorriak beharrean, sudur gorriak emango dituena», Laburuk bertsotan esan duenez. Alorrenea sagardotegira joan aurretik egin dute gonbidatuek BERRIAren testa. Zer da patsa? Hirurak mutu. Usabiaga: «Izerdia?». Kale. Sagarra jotakoan gelditzen diren sagar zatiei deitzen zaie horrela. Zer da ziria? Galartzak asmatu du: «Zuloa, txotx egiten dugu ziritik». Eta manttoni? Usabiaga: «Hor harrapatu nauzu». Galartza: «Ideiarik ere ez». Sagar barietate bat da. Eta mozolua? Galartza: «Beste barietate bat?». Bai. Aranburu: «Ondarroan mozolua mozolue da». Galartza: «Sagar motelxeagoa izango da, agian».
13:30 pasatuta hasi dira txalaparta doinuak Alorrenean. Urteetan zeregin horretan aritutako Ximon Goikoetxea zenari omenaldi hunkigarria egin diote lehendabizi, eta haren semeak eta bilobek hartu diote lekukoa. Sagar dantzarekin egin dute agurra lehenengo, eta sokadantzan parte hartzeko gonbidapena egin dute hurrena. Eskutik helduta eta elkarrekin sartu dira denak sagardotegian, txingarren epelean. Hara non, Poxpolo eta Don Martin dira eta! Zirku bat dute atzetik segika, nomada eta euskalduna, begiak diz-diz dituena, eta sudur gorri kolorea duena. Bete dute edalontzia sagarraren malabaristek, eta txotxaren trapezistek, eta esan dute: «Gure sagardo berria!».