Sagarrak badu garrantzia

Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean sagargileentzako baliagarriak izan daitezkeen tekniken eta elementuen inguruan ikertzen dute. Gainera, Euskal Herriko ia sagar mota guztien sagarrondoak dituzte, haien bilduma bat egiten ari baitira.

Aitor Etxeandia Otalarreako teknikaria, sagastiko sagarrak eskuetan dituela. GORKA RUBIO / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Villabona
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Sagardorik ez da sagarrik gabe, eta, era berean, sagarrik ez da sagarrondorik gabe. Azkeneko horiez beteta daude Otalarrea baserriko lurrak. Dozenaka daude: txikiak, handiak eta landatu berriak. Batzuk modu tradizionalean landatuta, eta beste batzuk, errenkada luzeetan, gorantz hazten dira; mahastien itxura gogorarazten dute, ardatz bakarrean hazita baitaude. Izan ere, Otalarrea sagasti esperimental bat da, eta, besteak beste, sagarrondoak landatzeko teknika berriak aztertzen dituzte, hain zuzen, errentagarriagoak diren teknikak.

2012an ireki zen Otalarrea sagasti esperimental gisa. Villabonan dago (Gipuzkoan), baina Gipuzkoako Foru Aldundiarena da lursaila, eta hark kudeatzen du sagastia. Aurretik, Hondarribian (Gipuzkoa) zegoen antzeko sagasti bat, baina lekuz aldatzea erabaki zuten. Bost hektarea pasatxoko lursaila du Villabonako sagastiak.

Hainbat helbururekin ireki zuten Otalarrea: batetik, Euskal Herriko sagar mota desberdinen bilduma bat izateko, «ahal den guztiena behintzat», Aitor Etxeandia sagastiko teknikariak esan duenez; bestetik, gehien erabiltzen diren sagar motak landatzeko eta haiekin esperimentatzeko asmoa ere bazuten. «Zuhaitz guztiak estatistikoki landatuta daude, haiekin modu egokian lan egiteko».

Euskal Herriko sagar mota guztiak ez dauden arren, nagusienak behintzat badaude Gipuzkoako Foru Aldundiaren sagastian. Bildumetan mota berriak zein aspaldikoak daude, eta bakoitzetik hiru hiru zuhaitz izaten dituzte beti, zerbait gertatuz gero haren ordezkoa izateko. Mota zaharrenei dagokienez, ikerketa lan handia egin dute Otalarrean: baserrietara joan dira, eta hango lursailetatik sagasti esperimentalera eraman dituzte. Jendearen laguntza ere izan dute sagar mota batzuk aurkitzeko. «Ordu asko eta itzaleko lan handia dago honen guztiaren atzean», azpimarratu du teknikariak.

Bildumako sagar mota zaharrenei dagokienez, duela urte batzuk Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa genetiko bat egin zuen, eta ondorioztatu zuten momentu hartan zeuden ehun motetatik berrogei inguruk DNA bera zutela. «Sagar batzuk izenak bakarrik desberdintzen zituen besteetatik», aipatu du Etxeandiak. Hala ere, genetikoki berdinak diren motetatik bi aldaerak dituzte gordeta, badaezpada.

Zertarako, ordea, hainbeste sagarrondo? Etxeandiaren hitzetan, helburu nagusia da Euskal Herriko sagarrondoen material genetikoa ez galtzea. Bigarren helburua da kudeaketa sistema berriak aztertzea: lurra landatzeko moduak, sagarrondoentzako tratamenduak, banaketari buruzko entseguak... «Oso lursail aproposa da horrelako kontuak aztertzeko», gehitu du Etxeandiak.

Beharren arabera

Teknikariek sagastian egindako entseguetatik ateratako emaitzak sagargileei helarazten dizkiete gero. Gaur egun, Euskal Sagardoa jatorri izenean 50 sagardogile daude, eta 250 bat sagargile. Jatorri izen horretako koordinatzailea da Unai Agirre: «Emaitzak jaso ondoren, prestakuntza ematen zaie sagargileei; horrelako sagasti bat egotea oso garrantzitsua da haientzat».

Zuhaitzak nola landatu, zuhaitz horiei zer forma eman, kimaketaren inguruko informazioa, gaixotasunei aurre egiteko edo saihesteko gomendioak, lurra ongi kudeatzeko aholkuak... askotarikoak dira prestakuntza saioen gaiak. «Sagarra biltzeko edo beste lan batzuetarako makinak ere probatzen dira hemen, leku dezente dagoelako. Jende asko etortzen da», azaldu du Agirrek.

Gune esperimentala gaur egun lan batzuetara bideratuta dagoen arren, etorkizunean alda daitekeela aipatu du Etxeandiak: «Duela urte batzuk, franko eran jarrita zeuden zuhaitz pila bat zeuden gune horretan, eta kendu egin genituen, beste kontu batzuetarako. Beharren arabera aldatuz joango da, baina beti esperimentazioari lotuta egongo da».

Gaur egun Otalarrean aztertzen ari diren gaietako bat alternantziaren auzia da, hau da, sagarrondoek urtero sagar kopuru antzekoa ematea. Sagarrondoek urtero ez dute fruitu kopuru bera ematen: bi urtean behin ematen dute kopururik handiena, uzta oneko urte baten ostean, zuhaitzak, nolabait esanda, atseden hartu behar baitu. Sagar mota batzuen kasuan, urte batetik bestera dagoen aldaketa nabarmena izaten da.

Kopuru hori sagarren aldagai genetiko baten menpe dago, eta aldagai hori kontrolatzea da asmoa. Agirrek kontatu du helburua ez dela urtero sagar kopuru berdina ematea, baizik eta uzten artean nolabaiteko oreka bat egotea: «Sagardogileen kezka handienetako bat da datu aldakor hori. Kopuru ona bi urtean behin izatea arazo handi bat da».

Sagarraren balioa

Uztak orekatzeko hainbat modu daude: loreak haustea edo erretzea, zuhaitzak hainbeste fruitu eman ez ditzan, eta baita fruta botatzea deritzona ere. Azken horretarako, ordea, produktu kimikoak behar dira. Begi bistan nahiko utopikoa dela eman dezakeen arren, Agirre eta Etxeandia baikorrak dira, uste baitute urte gutxian lortu daitekeela helburu hori. «Ikusi dugu beste leku batzuetan lortu dela; horregatik gara hain baikorrak», gehitu du Agirrek. Hala ere, Etxeandiaren hitzetan, garrantzitsua da sagargileak aldaketarako prest egotea, logistikoki aldaketak eskatzen baititu.

Euskal Sagardoa jatorri izenaren lanetako bat da Otalarrean egiten den lana ezagutaraztea, baita sagarrak duen garrantzia azpimarratzea ere. «Sagardoaren gaur egungo erronketako bat kalitatea da, eta oso ondo goaz arlo horretan», adierazi du Agirrek. Sagardoaren kalitatea ona izateko, sagarraren kalitateak ere ona izan behar du, eta sagargileek eta sagardogileek euren produktuari balioa ematen ikasi behar dutela uste du jatorri izeneko koordinatzaileak.

Azken urteetan sagardotegiak gauza bereziak egiten ari dira sagardoarekin; esaterako, mota bakarreko sagarrekin, bi motatakoekin edo hirukoekin egindako sagardoak, baita sagasti jakin batekoekin egindakoak ere. Agirreren ustez, horrek «izugarrizko balioa» ematen dio sagardoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.