Ezarian. Txotx denboraldiaren hasiera

Sagarra jotzetik, edatera

Kalakan taldearen ahotsetara ireki dute 2014ko txotx garaia, Astigarragako Alorrenean.«Txinparta finekoa eta puntu lehorreko» sagardoa da.

Kalakan tadekoak, txotxetik hartutako lehenengo edalontzia eskuan dutela. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Astigarraga
2014ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Baten faltan hiru aitabitxi ditu aurten Astigarragako sagardoak. Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau, Kalakan musika taldeko kideak. Haiek egin dute ezagun Euskal Herritik kanpo sagardoaren aurreko muztioa sortzeko beharrezkoa den ekintza: sagarra jotzea. Horrenbeste aldiz jotako abestia sagardo bihurtuta edateko aukera izan zuten 2014ko txotx garaia ireki baitzuten, atzo, Alorrenea sagardotegian, Astigarragan (Gipuzkoa).

Azken urteetan Petritegin egiten zuten ekitaldi bera, aurtengoan Alorrenean egin dute. Sagardoetxeko arduradunek jakinarazi zuten, hurrengo urteetan ere irekiera ekitaldia sagardotegiz sagardotegi aldatzeko asmoa dutela.

Eraikin desberdina izan arren, urteroko ikusmina zegoen Alorreneako sarrerako upategian. Jende ugari, eta horietako asko, kazetariak. Euskal Herriko eta kanpoko hedabide askok entzun nahi baitzuten lehen lerrotik «Gure sagardo berria» esaldi ezaguna, eta izoztu hori esaten ari zireneko momentua. Irekiera bertatik bertara ikusteko, aldamiozko harmaila bat jarri zieten, eta han zeuden kokatuta argazkilari eta kameralariak. Kalakan-ekoak iritsi aurretik, ordea, zain egon behar; eta zeharka begiratzen zieten sarrerako mahaietan jarri zituzten txorizo mokaduei. Leku egokia izateak sabela betetzeak baino gehiago balio zuen atzokoan.

Txalaparta doinuek jarri zuten jendea erne, eta agurraren ondoren ireki zitzaien txotxa Kalakan-ekoei. Sagardoa edan aurretik, baina, ekitaldiari ukitu propioa eman nahi izan zioten musikariek, eta inaugurazioko esaldiaren aurretik, Sagarra jo abestiaren zati bat kantatu zuten. Hala, hiru ahotsetara hasi da aurtengo garaia.

Sagardoarekin zerikusi zuzena duen abestiak ireki zizkien Madonnarekin bira egiteko ateak. Lan hori aitortzeko helburuz eman zion Sagardoetxeak musika taldeari garaia irekitzeko ardura. Bereauk azaldu zuen bazuela bere logika Kalakan garaiaren inaugurazioan izateak. Izan ere, betidanik egon dira sagardoarekin lotuta txalapartari esker. Musikariek tragoa eman ondotik, jendez bete zen sagardotegiko upategia, han baitziren eskualdeko sagardogileetako asko, eta Astigarragako zenbait kultur elkartetako kideak. Guztiek zuten gogoa urteko sagardoaren zaporea aho sabaian dastatzeko.

Sagardoa dena den, ez da bakarrik edateko edaria, horren jakitun txotxa ireki eta denbora gutxira bete zituzten janariz upategiko mahai luzeak. Eta gainean sagardotegietako ohiko menua:txorizo egosia, bakailao tortilla, bakailaoa saltsan eta txuleta. Egarritzen zirenerako upelak zabalik zeuzkaten hara bildutakoek.

Sagardo hori-berdexka

Goizetik zeuden Astigarragan Kalakan taldekoak, han landatutako sagarrondoarekin ekin baitzioten egunari. Hura landatu ondotik, bina bertso bota zizkieten Amets Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariek. Sagarrondoaren landatzeak ziklo baten hasierari egiten diola erreferentzia esan zuen Colinak. Hori bai, fruituak ematea nahi bada zaindu behar dela zioen: «Ahal dela mimoz zaindu behar da, mimoz landatutakoa». Arzallusek umoreari heldu, eta esan zien, tarteka bada ere, joateko hura zaintzera, izango zuelako kimatzeko beharra.

Sagarrondoa landatu aurretik prentsaurrekoa eman zuten sagardoaren inguruko eragileek, Astigarragako Sagardoetxean. Han aipatu zituzten, besteak beste, aurtengo sagardoaren ezaugarriak. Kolore hori berdexka du, eta zaporeari begira «mikatz puntua» duela azaldu zuen Joxe Anjel Goñi Sagardun elkarteko kideak. Uztaren hartzidura azkar eta erabatekoak sagardoa «fruitu fresko eta lehorraren» sentsazioa ematen du. Kopuruari dagokionez, osatu dituzte 10 milioi litro sagardo, baina horretarako kanpotik kantitate ugari ekarri behar izan dutela adierazi du Goñik. Frantziatik eta Galiziatik ekarri dituzte sagar horietako asko. «Horregatik du halako gorputz berezia», gaineratu zuen. Sagar uzta ohi baino txikiagoa izan dela lehenago ere jakinarazi zuten sagardozaleek. Udaberriraino luzatu zen neguak bete-betean eragin zion sagarrari, arbolen loraldia atzeratzeraino. Eta udan izan ziren bero kolpeek ez zioten onurarik egin sagarrei, azkarregi heldu baitziren.

Dena den, Gipuzkoako zati batean ez da horren uzta txarra izan, sagar kopuru aldetik bederen. Gipuzkoa ipar-ekialdeko sagarrondoetan sagar asko izan dute. Goierri eta kostaldean, berriz, txikiagoa izan da uzta.

Zuhaitzei dagokionez, azkenengo urteetan sagarrondoen landatzeak igo egin direla azaldu zuen Goñik. «Duela lau urtetatik hona, 60.000 sagarrondo landatu ditugu, eta horietako 15.000 azkenengo hilabeteetan landatutakoak dira». 2013a ez da sagar urtea izan, baina hargatik, badute berri onik Sagardoetxean, urrezko Bikain saria eman baitiote museoari. Goñik adierazi du 2013an 11.000 bisitari izan dituztela. Museoarekin eta haren inguruan sortzen den turismoarekin sagardoari balio erantsia eman diotela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.