ATZEKOZ AURRERA

Sagardotegian bezala, plazan

Gipuzkoako 34 sagardotegitako sagardoa dastatzeko parada baliatuz, jendetza elkartu da Donostian, Sagardo Egunean. Joxe Migel Bereziartua omendu dute sagardogileek.

Sagardogileak bisitariei sagardoa ateratzen, Konstituzio plazako postuetako batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Donostia
2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Aurreko egunetako eguraldia zein izan zen kontuan hartuta, gutxi behar zuen atzokoak ona izateko. Eguzkirik ez zen izan Donostiako Konstituzio plazan egin zuten Sagardo Egunean, baina, eguzki izpiekin berotu beharrean, sagardoarekin berotu zuten gorputza han bildu zirenek.

32. aldia zuen atzo Sagardo Egunak, eta, ohiko moduan, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardogileek hartu zituzten Konstituzio plazako arkupeak. 34 sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukera zegoen, 11:00etatik aurrera.

Plazaren inguruko kaleetan ohiko larunbatetan baino jende gehiago zebilen joan-etorrian, eta plaza ere ari zen, pixkanaka, betetzen. Bost euroan eskura zitekeen basoa, ondoren postuz postu betetzeko. Ilara egiten ari ziren hainbat. Plazaren erdiguneak bereganatu zuen arreta, ordea, lehen minutuetan. Antzinako dolare bat erabiliaz, muztioa egiten ari ziren han. Batzuek lurrean barreiatuta zeuden sagarrak dolarera botatzen zituzten, eta besteak botatakoa txikitzen ari ziren, dolareak inguruan zituen bi uztaiei bueltak emanez. Turista talde gazte bat ingurukoen azalpenak entzuten ari zen, makinaren funtzionamendua ulertu nahian.

Bitartean, eztarria bustitzen hasiak ziren beste batzuk. Plazara zein asmorekin joan zen salatzen zuen Miguel Angel Sanzek lepotik zintzilik zeraman saskitxoak. Basoa zuen bertan, postu batetik bestera joan bitartean eskuak libre izateko. Urtero joaten da plazara, Loiola auzotik. Edateko aukera ez ezik, sagardoaren inguruan aritzekoa ere ematen ei dio edariak: «Lagun taldean sagardo desberdinak dastatzen ditugu, eta gure artean komentatzen dugu zein gustatu zaigun gehiago eta zein gutxiago. Niri neuri, garratz samarra gustatzen zait sagardoa».

Antzera zebilen Pilar Saizar. Oriokoa da izatez (Gipuzkoa), baina, Igeldon bizita, atzoko egunez Konstituzio plazara jaisteko ohitura du. «Mokadutxo bat jan, sagardo apur bat edan, bueltaxka bat egin, eta etxera itzuliko gara», azaldu zuen. Oso sagardozalea dela aitortu zuen, baina plazako aukeren artean joera duela sagardotegi baten alde egiteko: «Alabak eta suhiak sagardotegia dute Igeldon, Calonge, eta, betiere, etxekoen aldera gehiago egiten dugu, nahiz eta gainerakoak ere probatzen ditugun».

Sagardorik sagardo ibiltzeko ohitura duenak badaki hobe izaten dela horretan hasi aurretik sabela apur bat betetzea. Arau hori zintzo bete zuten Aitor Altunak eta haren lagunek. 09:00etako autobusa hartu zuten Azpeititik (Gipuzkoa) hiriburura joateko, eta, plazara joan aurretik, hamaiketakoa egin zuten. Urteroko plana dute hori. Hiruzpalau sagardo desberdin probatuak zituzten 12:00ak alderako. «Gustura ari gara», zioen haietako batek.Eguna nola hasi argi zuten hasieratik, baina nola bukatuko zuten ez hainbeste: «Ordu batetik aurrera, ahal duenak ahal duenean ahal duena egin dezala», bota zuen batek, aditzera emanez euren borondateak ez baizik sagardoarenak aginduko ziela. Plana, hala ere, pentsatua zuten: «Dastatzea bukatzean, zerbait jango dugu, eta, ondoren, seguruena, Zestoarajoango gara [Gipuzkoa], han ere festak baitira».

Etenik ez sagardogileentzat

Batzuen gozamenerako, beste batzuek lan egin behar, eta hala zebiltzan sagardogileak, sagardo botila hotzei banan-banan kortxoa kendu eta edari freskoa aurrean jarritako basoetara botaz. Eramandako botila guztiak husteko asmoa zuen Astigarragako (Gipuzkoa) Oiarbide sagardotegiko Sebastian Zabalegik. Adierazi zuen Donostiakoa «plaza ona» dela sagardogileentzat. Eguerdia gerturatzearekin batera, geroz eta jende gehiago bildu zen Konstituzio plazan. Asmatu zuen Zabalegik bere iragarpenean: «Donostian 12:00etatik aurrera izaten da mugimendu gehien».

12:30ean, sagardogileek topa egin zuten elkarrekin, eta argazki ofiziala ere atera zuten. Horrekin batera, omenaldia egin zioten Astigarragako Bereziartua sagardotegiko Joxe Migel Bereziartuari. Lanean buru-belarri, baina pozik zen haren seme Aitor Bereziartua: «Guretzat egun berezia da. Beti izaten da berezia Donostiako Sagardo Eguna, eta gaur are gehiago, aita omenduko baitute», zioen. Gerora, hark ere hartu zuen parte aitaren omenaldian. Aitor Mendiluzeren eta Oihana Iguaranen bertsoekin bukatu zen ekitaldia.

Postuetan zerbitzatutakoez gain, bestelako sagardo berezi batzuk ere eraman zituzten sagardogileek okasiorako, aurtengo egunaren berezitasun nagusi gisa. 13:00etan dastatu zituzten horiek. Gainera, sagardoaren dibertsifikazioa irudikatzeko, elkarteko 40 kidek ekoitzitako 75 produktu baino gehiago ikusgai jarri zituzten. Sagardoak askorako ematen baitu; baita sasoitik kanpo ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.