Sagardoaren gailurrera igota

Abian da txotx garai berria. Astigarragako Gurutzeta sagardotegian inauguratu zuten denboraldia, atzo, eta Alberto Iñurrategi mendizaleak izan zuen horren ardura, 25. Sagardo Berriaren Egunean. 12 milioi litro sagardo ekoitzi ziren 2017an, eta ekoizleek uzta «historikotzat» jo dute. Bideoa albistearen amaieran.

Txotx irekiera. Alberto Iñurrategi mendizaleak hartu zuen sagardo berriaren lehen tragoa. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
itziar ugarte irizar
Astigarraga
2018ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Lan aste bat baino zerbait gehiago hasi zuten atzo Astigarragan (Gipuzkoa). Sagardoetxea museora inguratuta, bistakoa zen ez zela astelehen lau bat. Gutxienean hiru hilabete iraungo duen txotx garaiaren irekiera zen atzoko astelehena, eta interes mediatiko handia piztu zuen beste urte batez. Uzta berriaren nondik norakoak jasotzeko asmoz bildu ziren asko, baina eguneko protagonistaren ehizan aritu ziren gehienak: Alberto Iñurrategi mendizalea eta eskalatzailea aritu zen «sagardoaren aitabitxi» lanean. Hark izan zuen sagardo denboraldi berria irekitzeko ardura. «Ohorea», haren hitzetan. Gurutzeta sagardotegian eman zion lehen tragoa 2017ko sagardo uztari, baina zeremonia oso baten azken urratsa izan zen hori.

Gurutzetara igo aurretik, Sagardoetxean adostua zen lehen geltokia. Hamaika kamerak leporaino bete zuten eraikinaren areto nagusia, eta han azaldu zen Iñurrategi, erakundeetako ordezkariak alde bietan zituela. Beste guztien atzetik hitza hartzeko garaia iritsi zitzaionean, egokitutako zeregina «ilusioz» hartu zuela aipatu zuen mendizaleak. Baina ez zen gonbidatu bakarra izan. Atzo 25. urtemuga zuen Sagardo Berriaren Egunak, eta, hori baliatuta, aurreko urteetan gonbidatu izandako zenbait ere batu ziren jaira: Andoni Luis Aduriz, Andoni Egaña, Jose Luis Korta eta Abraham Olano. Argazki familia osatuta, kamerarien arteko guda txiki bat bihurtu zen momentua.

Lehen eginbeharra beteta, eguneko bigarren geltokira gidatu zuten Iñurrategi: sagarrondoaren landaketara. Urteroko ohitura da Sagardoetxearen sagastian zuhaitz bat landatzea, eta, aitzurra esku biekin helduta, txukun bete zuen zeregina kirolariak. Behetik beha egon zen jende ilara bat, eta haien artean ziren Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariak ere. Hala kantatu zion Maiak: «Sagarrondo eta mendizaleak, hain desberdinak ez dira, sustraiak sendo lurrean, baina beti zerurantz begira».

Iñurrategik bakarrik ez, Adurizek, Egañak, Kortak eta Olanok ere landatu zuten sagarrondo bana. «Ez dakit ba nik guk landatutakoak sagarrik emango duen», bota zuen pasaeran Kortak, inori oharkabean ez pasatzeko moduan.

Eta handik bai hirugarren eta azken geltokira, Gurutzetara. Sagardotegi atarian Iñurrategiren zain pilatu zen jendea, eta ezkontideen autoari itxaroten zaioneko tankera hartu zuen Gurutzeta atariko argazkiak. Aurreko urteetan gonbidatu izandako gehiago ere batu ziren; Periko eta Mikel Alonso aita-semeak eta Javier Clemente, haien artean. Gonbidatu ohien taldeak hartu zuen oharkabean aurretik sagardotegiko zerbitzariak zeuden balkoia.

Txalaparta hotsak eman zion hasiera Gurutzetako ekitaldiari, eta dozena erdi gaztetxok sagar dantzarekin egin zioten harrera eguneko protagonistari. Denen begiradaren ituan, aurpegiera serioa zuen Iñurrategiri irribarre erdi bat atera zioten. Eta hortik, eskuak lagun biri estututa, sokadantzan iritsi zen Iñurrategi kupel artera. Bertan bi mutil gaztek dantzatu, eta Arzallusek eta Maiak beste bertso bana bota zuten. Arzallusek: «Lehen tragoa mingotsa edo goxoa, pentsa atzean duen bizitza osoa».

Egunaren klimaxa heldu zen hala: kupela ireki, kristalezko edalontzi fina azpian jarri, eta uzta berriari lehen tragoa eman zion Iñurrategik. Besoa altxatu, argazkilariei begiratu, eta horra hor urteroko hitzak: «Gure sagardo berria».

«Uzta historikoa»

Erakundeetako ordezkariek sagardoaren kultura goraipatzeko baliatu zuen atzoko hitzartzea. Zorione Etxezarraga Astigarragako alkateak aipatu zuen herriak «etengabe bultzatzen» duen kultura dela, eta erantsi zuen «lankidetza eta elkarlanaren eredu perfektua» izan daitekeela. Maider Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, berriz, sagardoak «produktu turistiko gisa» duen indarra goraipatu zuen.

Hamabi milioi litro sagardo izan ditu Euskal Herrian 2017ko uztak. Ekoizpen horren %30 tokiko sagarrarekin egin da, eta Euskal Sagardoa jatorri izenekoa izan da —sor-marka duen bigarren uzta da aurtengoa—. Horretarako, 250 hektarea eta 200 ekoizle baino gehiagoren 6 milioi kilo sagar inguru erabili dituzte. Datu horiekin, uzta «historikotzat» jo zuen Egoitz Zapiain sagardogileen ordezkariak. Xehetasunetan sakontzera, «lasto kolorekoa», «arina», «garbia», «aromatikoa», «txinparta orekatukoa» eta antzeko hitzak erabilita aurkeztu zuten sagardo berria.

Denera, 48 sagardotegik egin dute sor-markara bideratutako sagardoa —Gipuzkoako 41ek, Bizkaiko 5ek eta Arabako bik—. Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izeneko kudeatzaileak gogorarazi zuen «kalitate bermatua» eta «bertakotasuna» direla sor-markadun sagardoaren ardatzak, eta azpimarratu egin zuen ekoizpenak izandako gorakada. Datuak aldekoak direla-eta, pozik azaldu zen Agirre, eta bide onetik doala aipatu zuen; Iñurrategi mendian nola, gora doalako sektorea.

[youtube]https://youtu.be/ypuVmGa6XIc[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.