Sagardo nafarra, prest

Donato eta Patxi Larretxea herri kirolariek hasi dute Nafarroako txotx garaia, Lesakako Linddurrenborda sagardotegian. Sagar urritasunak markatu du aurtengo uzta.

Patxi eta Donato Larretxea herri kirolariak, Juan Mari Lopez Linddurrenborda sagardotegiaren jabearekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Lesaka
2014ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Lehenbizikoa izan da Nafarroa. Atzo hasi zuen sagardoaren txotx garaia Lesakako (Nafarroa) Linddurrenborda sagardotegian. Patxi eta Donato Larretxea herri kirolariek dastatu zituzten aurtengo lehenbiziko tantak. «Aurtengo sagardo berria» esan, eta txistuaren eta ttunttunaren doinuekin hasi zen txotx garaia Nafarroan. Aurten sagarra eskas izan den arren, izanen da sagardo aski denboraldia aurrera ateratzeko.

Inaxio Begiristain Nafarroako Sagardogileen Elkarteko lehendakari eta Martintxoenea sagardotegiko arduradunak esan zuenez, sei ekoizle dira elkartean eta 200.000 litro sagardo egin dituzte gutxi gorabehera. Aurtengo arazoa da sagar gutxi izan dela. Horregatik, Normandiako eta Galiziako sagarrak erabili dituztela aitortu zuen Begiristainek. Sagarren %15 inguru dira Nafarroakoak. Aurtengo sagardoari buruz ere mintzatu zen: «Sagardoa kolore berezikoa da, pixka bat horixka, tanino asko daukatelako Frantziako sagarrek, eta markatu egiten da kolorea».

Elkarteak hogei urte ditu, eta, Begiristainen aburuz, Nafarroako sagardoaren egoera egonkortu egin da. «Garai batean sagardoa etxean edateko bakarrik egiten zen, kontsumo propiorako, eta gaur egun, hogei urte pasatu ondoren, armiarma sare hori Gipuzkoatik hona ekarri dugula esango nuke nik, Nafarroara zabaldu dugula», azaldu zuen.

Urtero ekoizle baten sagardotegian egiten dute txotx garaiaren hasierako ekitaldia. Aurten, Linddurrenbordari egokitu zaio; 2000. urtean ireki zuten sagardotegi hori. Juan Mari Lopez bertako jabeak azaldu zuenez, aurten ere soilik inguruko sagarrak erabili ditu sagardoa ekoizteko, atzerrikorik ez. Aitzitik, sagarrarentzat urte txarra izan dela esan zuen. 25.000 litro ekoitzi ditu, eta gehiena ingurukoek hartuko dute. Izan ere, nafarrak dira sagardotegira joaten diren gehienak, baina Iparraldetik ere dezente hurbiltzen direla aitortu du.

Larretxeatarren txotxa

Lopezek esan zuenez, Larretxea anaiek merezia zuten ekitaldiaren hasieran parte hartzea: «Urtero etorri dira, eta merezi zuten». Hala, 14:30ak pasatxo zirela hasi zen txotx garaiaren inaugurazioa. Xabier Torresek deia egin zuen adarrarekin, eta segidan kirikoketa jotzen hasi zen, Oianko Garde eta Xabier Torresekin batera. Inguruan zituzten Xalbador, Mitxelena, Uztapide, Lazkao Txiki eta Txirrita izeneko upelak. Hain zuzen ere, Txirrita upeleko txorrotarekin hasi zuen txotx garaia, Unai Arriaga dantzariak eta Patxi Larralde txistulariak aurreskua dantzatu ondoren.

Basoa altxatu eta lehenbiziko tragoaren ondotik, «ederra zagok» atera zitzaion Donato Larretxeari. Haien atzetik joan ziren Linddurrenbordara hurbildutako 40 lagun inguru, haien artean, Mikel Goñi pilotaria, Xabier Zandio txirrindularia eta Fermin Martinez marrazaina. Donato Larretxeak azaldu zuenez, asko gustatzen zaio sagardotegira joatea. Sagardozalea denik ezin uka, etxekoa egiten duela aitortu baitzuen. Patxi Larretxeak ere maite du sagardoa, eta lehenbiziko zurrutada izan zuen hizpide: «Momentuan, irekitzen lehenbizikoa izanda, edateko modukoa dago. Batzuek esaten dute pixka bat garratzago-edo izaten dela, baina ez, nahiko poliki». Sortzez bortziriarrak dira biak, eta, horregatik, atzokoak «xarma handiagoa» izan zuela aitortu zuen Patxi Larretxeak. Bapo bazkaldu zuten denek. Orain, gipuzkoarren txanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.