Sagar urtea da aurtengoa, edo halaxe diote sektoreko adituek. Euskal Sagardoa egiteko tokiko 115 sagar mota inguru erabiltzen dira, eta aurten, uzta ona dator; bai kopuruz, baita kalitatez ere. Bilketa garaiaren atarian, aurtengo sasoiaren berri eman zuten atzo, Donostian, Euskal Sagardoak eta Gipuzkoako sagardogileek. Bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako ordezkariak ere.
Harizko instrumentuen melodia doinuek girotu zuten Donostiako Trinitate plaza atzo goizean. Sagardo egunik ez da izan aurten, baina sagardoaren sektorearen topaleku bilakatu zen Parte Zaharra. Irailarekin, lehen sagarrak heltzen hasi dira, baita lehen aurreikuspenak ere. «Uzta oso ugaria eta oso osasuntsua dator», azaldu zuen Felix San Sebastian Fruitel Gipuzkoako frutagileen elkarteko lehendakariak.
Eguraldiak baldintzatu du aurtengo uztaren oparotasuna. Udaberritik igartzen hasi ziren loraldia indartsu zetorrela, eta halaxe izan da, San Sebastianen esanetan: «Izugarrizko loraldia izan da sagarrondoetan, luzea gainera. Horrek eragin du aletzea oso ona izatea. Orain, gure sagarrondo mota guztiak frutarekin kargatuta daude». Udako giro kaskarra ere alde izan dute, fruitua modu progresiboan heldu baita.
Iazko uztaren aldean, graduazio txikiagoko sagarrak dira aurtengoak; hots, gradu erdi gutxiago dute. Sagar «oso osasuntsuak» direla ikusten du Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordinatzaileak, eta baikor dago sagardo garaiari begira: «Oso uzta interesgarria da, sagar asko eta ona datorrenean sagardotegietan ere lan ona egin daitekeelako».
Udazkena, lanerako sasoia
Gutxi batzuk aurreratu diren arren, bi edo hiru aste barru hasiko dira sagar gehienak heltzen, eta orduan ekingo diote bilketari. Horregatik, goizegi da sektorearentzat datu zehatzak emateko, baina estimazio bat egin dute: Euskal Sagardora bideratutako sagastietan, bost milioi kilo biltzea aurreikusten dute.
Atzoko ekitaldira joandakoek izan zuten sasoiko lehen produktuak dastatzeko parada. Bi sagar mota izan zituzten gozagarri: Haritza eta Gezamina; garratza lehena eta mingotsagoa bigarrena. Sagarra zanpatu eta muztioa ateratzeko prozesua ere bertatik bertara ikusi ahal izan zuten plazan jarritako dolare batean, zukua edatearekin batera.
Hain zuzen ere, dolareak martxan jartzeko garaia helduko da aurki sagardotegietara, eta batzuk hasiak dira dagoeneko lan sasoirako prestatzen. «Makinak koipeztatzen hasi gara, sagarrekin lanera itzultzeko eta sagardoa egiten hasteko», azaldu zuen Asier Lizeaga Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko ordezkariak. Eskaintza gastronomikoaz gain, udazkena sasoi egokia da Lizeagarentzat, sagardotegietara joan eta bertan egiten duten lana hurbiletik ezagutzeko.
Egoerara egokituz
Sagardoaren sektorea ez da salbuespena izan, eta gogotik nabaritu ditu pandemiaren ondorioak. Txotx garaia etenda egon da bi urtez, eta sektoreak bide berriak asmatu behar izan ditu produktuei irteera bat emateko. Ostalaritzan ezarritako neurriek ere kalte handiak eragin dizkiete. Hala ere, aurrera begirakoa ez du hain gordin ikusten Agirrek: «Urte gogorrak izan dira, baina poliki-poliki sektorea suspertzen ari da. Ostalaritza berriro ere martxan jarri da, eta uste dugu garai ona etorriko dela».
Elikagaien merkatuan eta Internet bidez «asko» saldu dute pandemia garaian, eta, orain, ostalaritzan jarri nahi dute indarra. Datorren urtea «estrategikoa» izango delakoan eta guztia aktibatuz joango delakoan dago Agirre. Urtarrilean helduko da lehen sagardo berria, baina uztak, oraingoz, sasoi oparoa iragartzen du.
Sagar asko eta kalitatezkoa espero du sagardogileen sektoreak aurten
Hasiak dira lehen sagarrak heltzen, eta aurki ekingo diote bilketari. Iazkoek baino graduazio txikiagoa dute aurtengoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu