Nafarroako Xorroxin irratia, urtero bezala, Baztandarren Biltzarraren inguruko zuzeneko emanaldia egiten ari zen igandean. 11:00etan hasita, entzuleak zuzenean ari ziren aditzen jaiaren nondik norakoak. 13:00 aldera, ordea, emankizuna eten egin zen. «Ezustekoa izan zen; programa ezin bukatu gelditu ginen», adierazi dute irratiko kideek agiri batean. Lekarozko (Nafarroa) Legate ingurura joan ziren irratiko hainbat kide, matxuraren arrazoia jakiteko asmoz —han du irratiak tresneria eta antena—. Etxolako argindarraren kaxa zabaldu ondoren, fusible bat falta zela ikusi zuten. Erasotzaileak fusible hori kenduta, argindarrik gabe gelditu zen, eta nahikoa da hori Xorroxinen emankizuna oztopatzeko. Horrenbestez Baztandarren Biltzarraren amaiera kontatu ezinik gelditu zirela azaldu du Xorroxineko kide Fernando Anbustegik.
Irratiko teknikari batek behin-behineko konponbide bat aurkitu zuen emanaldia leheneratzeko, eta, atzo, arazorik gabe emititu zuen Xorroxinek. Hurrengo egunetan ere ohiko emankizunekin jarraituko du euskarazko irratiak.
Aurretik, erasorik bat ere ez
Anbustegik azaldu duenez, aurretik ez dute halako erasorik izan Xorroxinen. «Gure artean hitz egin dugu, eta hipotesi asko daude, baina ez dugu heldulekurik esateko erasotzailea zein den». Irratiko kideek ez dakite Xorroxinen aurkako sabotaje bat den ala Baztandarren Biltzarrari kalte egin nahi zaion. Orain arte, ez dute inolako erasorik eta mehatxurik jaso. Bitxia da erasoa, Anbustegiren irudikoz: «Norbaitek ongi zekien zer egiten zuen. Fusible bakarra kendu zuen, alboan bestea bere tokian utzita. Zergatik? Zer helbururekin? Agian, bihurrikeria bat izan da. Baina bazekien zertan ari zen».
Ordu batez baino gehiagoz gelditu zen igandean Xorroxin Baztandarren Biltzarraren jaia eman gabe. «Pena da, gainera. Iragarle batzuk bagenituen, eta ezin izan genituen iragarki guztiak eman», esan du Xorroxin irratiko esatariak. Entzuleen deiak ere jaso zituzten igande osoan.
Irratiko kideak batzarrean bildu ostean, Anbustegik iragarri du «ziur aski» salaketa jarriko dutela.
Erasotzailea nor den jakin bitartean, Xorroxinek euskaraz lanean jarraituko du orain arte moduan. «Oztopoak oztopo, Xorroxin irratiak aitzinerat segituko du», adierazi du irratiak, sabotajea salatzearekin batera. «Ez gaituzte isilduko!»
Sabotaje batek Xorroxin irratiaren emisioa eten zuen igande eguerdian
Baztandarren Biltzarraren emanaldia egiten ari zirenean, erasotzaile batek fusible bat kendu zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu