BILBOKO ASTE NAGUSIA

Rockero zaharrak bertsoz ase

Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga bertsolariek ordubeteko saio librea eman dute Bilboko Aste Nagusian. Santiago plazan egin dute bertso bazkaria, eta Hor Dago Abante konpartsak antolatu du, urtero bezala.

Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga, Hor Dago Abante konpartsak Aste Nagusian antolatutako bertso bazkarian bertsotan, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
iraia vieira gil
Bilbo
2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Batzuek mahaietan bazkaltzen zuten bitartean, bermuta hartzen ari zirenek kalejira erritmoan dantzatzeari ekin zioten. Bertsoen zain zeuden denak. Hor Dago Abante konpartsak, urtero bezala, aurten ere bertso bazkaria antolatu zuen atzo Bilboko Santiago plazan. 14:30ean eman zioten hasiera oturuntzari, eta ordu bi baino gehiago igaro behar izan ziren hara bildutakoen nahiak bete eta Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga bertsotan hasi ziren arte. Adi jarri zitzaizkien orduan guztiak.

 «Festetarako ere jendea/ bai zegoen gosetua;/ bai festaz eta bai janez ere/ hartu dugu asetua./ Bi urte pasa dira, baina/ mantentzen dute lekua,/ tenperatura ederra dago/ eta giro perfektua». Hitz horiekin hasi zuen saioa Lujanbiok. Hor Dago Abanteri egin zion agurra gero: «Abantek badu bai historia,/ Abantek badu lustrea,/ ta pozgarria rockero zaharrak/ berriz hemen ikustea».

Bazkariarekin nahiko ez zela, eta bertsolariek trago batzuk hartu zituzten aurretik. «Nik ere esan dut bazkaldu eta/ kantatuta, horrekin bapo / baina lau pote hartu ditugu/ eseri garenerako». Hala kantatu zion Lujanbiok Iturriagari. Eta Iturriagak ez zituen Lujanbioren kalkuluak zuzen gogoratu: «Hiru zurito esan dau, baina/ uste dut bazirela lau:/ ordu biak ta erdiak ziran,/ gu Santiagora ailegau».

Horren ostean, bertsolariak berehala hasi ziren elkar zirikatzen. «Detaile kuriosoak/ kontuan hartuak,/ jendea jarri duzu/ animoz txartua,/ hemengo eta hango/ jendea balua,/ bilbotarrak ez baina/ bai bilbotartuak». Lujanbiok Iturriagari. «Zirikadatxo bat zan/ eta horretan nago,/ nik Bilbon kale bat dut/ eta dotore dago», erantzun zion.

Lujanbiok, baina, uko egin zion amore emateari: «Kale bat daukazula,/ nik ez dakit zertan./ Ez dizut Iturriaga/ sinisten ezertan./ Asteazkena da eta/ nola zaude bertan,/ gula kaxak etortzen/ dira domeketan». Txaloak eta algarak atera zizkien entzuleei Iturriagak, azkenean. «Etorri izan gara/ kuadrillan lagunez,/ saio batzuk ta gero/ kantuan jardunez;/ badakizu Durangon/ domeka da lunes:/ orain etortzen gara/ edozein egunez».

Euskara non?

Bertso saio gehienetan bezala, bertsolariek kritika sozialari ere jarri zizkioten hitzak. Euskararen erabilera izan zen atzo gai nagusia. Iturriagak ireki zuen horretarako bidea: «Badago hainbat excel/ eta hainbat arku,/ baina autoa da auto,/ ta barkua barku./ Behintzat ez gaitzatela/ tontotzat hartu». Eta tarte batera halaxe jarraitu zuen: «Zer aldatu da hemen/ ta ez naz ohartu?». Lujanbiok erantzun: «Ez da ia ezer aldatu». «Jendeak nahiago du/ Telecinco ikusi,/ Youtuben ta saretan/ erdarak nagusi».

Gogoz txalotu zituzten bertso horiek. ETB1i egin zioten kritika ondoren. Iturriagak: «Telecincok gaitu gu/ betiko erantzi./ Ta ETB1 jarrita,/ beti Julian Iantzi». Lujanbiok eman zien amaiera kidearen hitzei: «Ai, gure Julian Iantzi,/ hark jartzen nau estu:/ ETBk nola ordaindu/ ta nola babestu,/ pentsamendu gutxia/ dute ezereztu,/ hutsa emititzen da,/ Julianek aurkeztu./Su artifizialak beti/ ta hizkuntzarik ez du».

Atzokoaren moduko bertso saioek euskarari lekua ematen diotela ere aldarrikatu zuten bertsolariek, baina Lujanbiok argi utzi zuen ez dutela telebista kateek duten oihartzun bera. «Hemen gu gara/ ta nor enteratzen da?», galdetu zion Iturriagari. «Ez dakigu noraino/ gaur iritsi,/ baina lubaki hau/ ezin dugu itxi». Eta Lujanbiok: «Kexatu ta pozatu/ hori dugu lege / ondo pasatzen dugu/ lubakian ere».

Bertso saioaren amaieran, emakumeen aldeko aldarrikapena egin zuen Maialen Lujanbiok: «Eskerrik asko Santiagon/ bertsoarenzat babespen,/ ta festa ere ez dadila izan/ emakumeentzat erbeste,/ San Frantziskon ez dadila izan/ inor teilatupe eske:/ justizi sozial ta elkartasun/ horra beste batzuk beste,/ borroka asko dira, denak/ euskaraz egin daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.