Robotikari buruz euskarazko lehen liburua argitaratu du UEUk

Aitzol Astigarraga eta Elena Lazkanoren lanak robotika mugikorraren oinarrizko ezagutza eskaintzen du

Donostiako Informatikako Fakultatean aurkeztu dute Astigarraga eta Lazkanoren lana. JUAN CARLOS RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Robotak aspaldidanik egon dira gizakiaren irudimenean. Zinema, antzerkia, literatura eta komikigintzaren bitartez, era askotako robotak irudikatu ditu zientzia fikzioak. Gizakiaren irudimena errealitate bilakatu, eta ohikoak egin dira makina mekanizatu horiek herrialde garatuetako gizarteetan. Eta ez bakarrik industria edo medikuntzako arlo konplexuetan. Etxe askotan oso presente daude, haurrentzako jostailu itxuran edo zorua garbitzeko tresna gisa.

Robotikaren mundura hurbildu, eta robotika mugikorraren arloan lehen urratsak egin nahi dituenarentzako liburua argitaratu berri du Udako Euskal Unibertsitateak: Robot mugikorrak. Oinarriak. Aitzol Astigarraga eta Elena Lazkano dira robotikari buruz euskaraz argitaratu den lehen liburuaren egileak.

Robotikak hainbat alor hartzen ditu bere barruan: informatika, mekanika, sistemen kontrola, informatika, adimen artifiziala... «Lehenengo pausoak oso nekezak izaten dira, alor asko landu behar direlako. Gure asmoa izan da oinarrizko ezagutza horiek liburu batean biltzea, modu praktikoan», azaldu du Astigarragak.

Fikzioak robotikaren pertzepzioan duen eragin handiaren jakitun, liburuan ere esparru horri tarte bat egin nahi izan diote autoreek. Batetik, Antton Olariaga komikigileak materiaaztertu du komiki bidez, atalez atal, eta ohiko umorea galdu gabe. Bestetik, Iban Zaldua idazleak liburuaren sarrera gisa zientzia fikzioko ipuin bat idatzi du, Orbangabe izenburukoa.

Elena Lazkanok azaldu duenez, liburua zaletasuna duen ororentzat da egokia. «Robotak gustatzen bazaizkizue, erraz irakurriko duzue». Baina batez ere, batxilergoan dabiltzan ikasleei eta unibertsitatean robotika mugikorraren hastapenetan hasi nahi duen edonorentzat da.

Lau zati nagusitan banatu dute liburua. Lehenengo zatian, robotikaren sarrera historikoa egin dute. Liburuko orriak igaro ahala, gai sakonagoetan murgiltzen dira autoreak. Bigarren zatian, robotak mugitzeko mekanismoak azaldu dituzte. Halaber, robotek ingurumena aztertzeko erabiltzen dituzten tresnak eta sentsoreak nolakoak diren aztertu dituzte. Kontrolari dagokio hirugarren atala. Atal horretan, roboten burmuina edo kontrol programa egiteko historian agertu diren filosofia askotarikoak jorratu dituzte.

Azkeneko atala da konplexuena, nabigazioari dagokiona. Ikerkuntza arlo irekia da hura, eta bi ikuspuntutatik landu dute. Batetik, adimen artifizialak hartutako bidea kontatzen dute. Bestetik, nabigazioari aurre egiteko biologian oinarrituriko nabigazio biomimetikoaren ardatza azaldu dute.

Robotikan trebatzeko, lanaren egileek ezinbestekotzat jo duterobotekin aritzea. Horregatik, atal bakoitzaren amaieran, ariketa praktikoak proposatu dituzte. Lego NXT piezekin egin daitezke ariketok, baina hura izan ezean, Player Stage robot simulatzailearekin egin daitezke ariketak. Biak iturburu libreko softwareak dira.

Xibot eta R-bot

Liburua aurkeztearekin batera, lanean agertzen diren adibide pare bat erakutsi dituzte, Xibot eta R-bot roboten laguntzarekin.

Xibotek zuri koloreko lurzoru batean marraztuta dagoen marra beltzari jarraitzen dio, lurrera begira duen argi sentsoreari esker. Bi motor ditu, bakoitza gurpil bati lotuta. «Sentsoreak marra beltzaren gainean dagoela detektatzen duenean eskuinera egiten du; zuriaren gaineandagoenean, berriz, ezkerrera jotzen du», azaldu dute. Horrela lortzen du Xibotek lurzoru zuriko marra beltzari etengabe jarraitzea.

R-boten ataza konplexuagoa da. Zinta beltzez hesitutako eremuan lan egiten du R-botek. Eremu horretan, ontzi zuri eta beltzak daude. Ontzi zuriak eremutik ateratzea da robotaren zeregina, eta beltzak barruan uztea. Lurrera begira dagoen argi sentsore batekin, eremuaren mugetatik kanpora ez ateratzea lortzen du. Ultrasoinu sentsorarern bitartez, berriz, ontziak bilatzen ditu. Ontzia parez pare duenean, beste sentsore baten bidez zuria edo beltza den identifikatzen du, eta zuria eremutik at botatzen.

Robotikaren mundurako sarbide aproposa da liburua, zientzia fikzioko liburu eta filmez gaindi errealitatean robotez gozatu ahal izateko tresna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.