Richard Oribek jasoko du Urrezko Danborra

Lehendabiziko aldiz, herritarrek aukeratu dute nor izango den saritua. Hiriaren izena munduan hedatzeagatik ematen dute saria. Igerilari donostiarrak iaz utzi zion goi mailan lehiatzeari

Urtarrilaren 20an jasoko du Urrezko Danborra Richard Oribek. GORKA RUBIO / ARP.
Jon Ander De la Hoz.
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Badu jabea 2018ko Donostiako Urrezko Danborrak. Richard Oribe igerilariak jasoko du Donostiaren izena munduan zabaltzeagatik ematen den saria, datorren urtarrilaren 20an, Eneko Goia alkateak atzo jakinarazi zuenez. Lehendabizikoz, Donostiako herritarrek izan dute saritua erabakitzeko aukera, bozketa bidez; 6.135 lagunek eman dute botoa. Oribez gain, Alicia Amatriain dantzaria, Esther Ferrer artista, Maialen Chourraut piraguista eta Dolores Redondo idazlea izan dirahautagaiak. Igande gauean amaitu zen botoa emateko epea, eta atzo goizean jakinarazi zuten Oriberen aukeraketa.

«Leku berezian jarriko dugu danborra. Richardek oso sari garrantzitsuak lortu ditu, baina harentzat ez dago honen parekorik», azpimarratu du Rosa Lumbrerasek, Oriberen amak. Haren esanetan, aspaldiko nahia da Urrezko Danborra lortzea, eta herriak aukeratu izanak oraindik ederrago egiten du saria: «Jendeak kalean esaten zion noizbait emango ziotela, eta bere herrikideek aukeratua izateak balioa gehitzen dio». Alkateak berak jakinarazi zion Lumbrerasi semeak jasoko duela Urrezko Danborra, eguerdirako zazpi minutu falta zirela deituta: «Haren lagun batzuk bai, baina gu ez ginen udal aretora joan, nahiago izan baikenuen egunerokoarekin jarraitu». Hala, gimnasioan jaso zuen berria Oribek: «Hara sartu nintzenean nabaritu zuen ezohiko zerbait gertatzen ari zela, eta festa lehertu zen sariaren berri jakin zuenean».

Eneko Goia alkatearen arabera, pertsona egokia da Oribe saria jasotzeko, «beste bost hautagaiek bezala ondo baino hobeto ordezkatzen dituelako gure hiriaren balioak». Goiak azpimarratu du Oribek zailtasunei aurre egiteko eta aurrera jarraitzeko gaitasuna ordezkatzen dituela, eta inklusioaren erreferente dela: «Hori da, hain zuzen ere, Donostiarentzat nahi duguna: guztiontzako hiria izatea». Sariduna iragartzeko ekitaldian egin zituen hitzok, udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako bozeramaileak alboan zituela.

Ibilbide oparoko kirolaria

Oriberen kirol ibilbidea omenduko du Urrezko Danborrak. Garun paralisia du donostiarrak, eta haurra zela hasi zen igerian, terapia gisa. Ordutik ez dio utzi igeri egiteari, eta iragan urtera arte goi mailan aritu da, emaitza bikainak lortuz. Nazioarteko txapelketetan 135 domina eskuratu ditu Konporta taldeko kideak. Haietatik hamasei, Paralinpiar Jokoetan: urrezko bederatzi, zilarrezko bost eta brontzezko bi. Sei aldiz aritu da Jokoetan; 1992an egin zuen debuta, Bartzelonan, eta Londresen aritu zen azken aldiz, 2012an.

Garaipenen zerrenda handitzeko balio izan dizkiote Europako eta munduko txapelketek ere. Zazpi alditan aritu da lehendabizikoan, 28 domina lortuz, eta bostetan bigarrenean, 22 domina erdietsiz. Bere ibilbidean 48 marka ezarri ditu, 50, 100, 200 eta 400 metroetako probetan. Horrek guztiak aitortza eta sari asko lortzea ahalbidetu dio Oriberi; besteak beste, Kirolari Onenaren Euskadi saria eman zioten 2008an. 24 urteko ibilbidearen ostean, Oribek iaz utzi zion goi mailako kirolari izateari, Funchalen (Portugal) jokatutako Europako txapelketan. Alabaina, ez dio utzi igeri egiteari, eta haurrei irakasten aritzen da lanean bere entrenatzaile izandako Javier De Aymerichekin batera.

Richard Oriberi emandako Urrezko Danborrarekin amaituko da urtebeteko lehortea, aurten ez baitute eman. Ika-mika piztu zen urte hasieran, Angels Barceloren izendapena zela eta. Donostia Turismoko zuzendaritzak kazetari kataluniarrari ematea proposatu zuen, baina Donostiako udalbatzak ez zuen proposamena onetsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.