Batzuentzat ez da izaten lehentasuna, kontrako iritzia duenik ere bada tartean, baina horietako gehienek ere zeharka begiratzen diote sari banaketari. Gaur banatu dituzte Espainiako Repsol gidaren eguzkiak, Santa Cruz Tenerifekoan (Espainia), eta, Hego Euskal Herriko jatetxeei dagokienez, lehen aldiz bi eguzki jaso dituzte Mungiako (Bizkaia) Bakeak —iaz jaso zuen lehen eguzkia—, Donostiako Narruk eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Laiak. Alatz Bilbao da Mungiako Bakearen jabea, Iñigo Peña da Donostiako Narruren burua, eta Ayala familiaren esku dago Hondarribiko Laia erretegia.
Horien ondoan, lehen aldiz sartu dituzte zerrendan Donostiako Muka, Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) Casa Camara, Berrobiko (Gipuzkoa) Iriarte, Bilboko Amaren, Atxondoko (Bizkaia) Mendi Goikoa Bekoa, Gasteizko Karmin, Tuterako (Nafarroa) El Choco de Remigio eta Iruñeko Koku.
Berritasunak dira horiek, baina Hego Euskal Herrian aurretik Repsolen hiru eguzki dituzte zortzi jatetxek: Akelarre (Donostia), Arzak (Donostia), Azurmendi (Larrabetzu, Bizkaia), Elkano (Getaria), Etxebarri (Axpe, Bizkaia), Martin Berasategi (Lasarte-Oria, Gipuzkoa), Mugaritz (Errenteria, Gipuzkoa) eta Nerua Guggenheim Bilbao (Bilbo). Hego Euskal Herrian 90 jatetxek daukate gutxienez Repsol gidaren eguzki bat.