DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

Reggaetona edo isiltasuna

Bi berrikuntza ezarri ditu Donostiako Udalak aurten Aste Nagusiko barraketan: ez da musika sexistarik entzuten, eta autismoa daukan jendeak tartea izan du barrakez gozatzeko.

Donostia
2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun

Donostiako Pasealeku Berriko barraka guztietarako 160 abesti aukeratu ditu Donostiako Udalak, eta USBetan banatu dizkie barraketako arduradunei. Udalak musika ez-sexista jartzera derrigortu ditu ferialeko langileak, eta horretarako prestatu dute 160 abestiko zerrenda. Berri Txarrak, Rosalia eta Zaz-en kantuak daude, besteak beste, zerrendan; baina ferialean entzuten denari erreparatuta, errealitatea bestelakoa da.

Festetako hirugarren eguna da; Aquariuma pasatu, eta lehenengo barraketan ez dago musikarik; tonboletako gizonak mikrofonotik hitz egiten ari dira. Badirudi, aurten ere, euskarak apenas duela tokirik barraketan; dena erdaraz. Urdaiazpiko ugari eta bingoa; lurra zikin, jokoetako papertxoz beteta. Aurrerago hasten da zarata eta iskanbila. Barraka handienen soinua, jendea garrasika eta reggaeton erritmoa entzuten dira jarraian dauden barraketan. Bost minutu, hamar minutu... jendea igo eta jaitsi barraketatik, eta ez da iristen zerrendako hurrengo abestia, kantu bera etengabe. «Barraketan reggaetona da betidanik entzun izan dena, eta, gainera, hori entzuten du etortzen den jende gehienak etxean: reggaetona eta trapa», esan du Jordi Porta barraketako langileak. Azaldu duenez, zerrenda guztian kanta bakarra jarri dute reggaeton erritmoarekin, eta langilea kexu azaldu da horrekin: «Neurria betetzera derrigortuta gaude; beraz, abesti bera jartzen dugu denbora guztian. Halako musikak erakartzen du jendea gurera, eta proposatu duten zerrendako kanta asko ez ditu inork ezagutzen!». Barraketako jende kopurua gehien baldintzatzen duena eguraldia bada ere, musikak eragiten duela adierazi du.

Gaztetxo kuadrilla batek ere ez du begi onez ikusi udalak hartutako neurria: «Guri musika estilo horien erritmoak gustatzen zaizkigu. Hori da denbora guztian entzuten duguna, eta, egia esan, batzuetan hitzak higuingarriak badira ere, berdin zaigu hitzek zer dioten, apenas erreparatzen diogun horri. Barraketan beti entzuten da halako musika, eta ez dut ulertzen zergatik hartu duten erabaki hori», esan du haietako batek.


Bi egunetan, bi orduko isiluneak egin dituzte barraketan, autismoa duen jendea bertaratzeko. Iñigo Uriz / Foku

Bi neskatila barraketatik bueltan doaz ama eta aitarekin. Orduantxe jakin dute udalak bi neurri hartu dituela aurten: «Musika erritmoa betikoa zen, eta ez gara ohartu ere egin hitzek zer zioten. Oraintxe izan dugu udalak hartutako neurriaren berri, eta, egia esan, oso ondo iruditzen zait hartutako neurria; ea betetzen duten!», esan du amak. Kezkagarria iruditzen zaio gaur egun oraindik abeslari askok kantatzen dituzten hitzetan helarazten den mezu matxista, eta, azkenean, hori bada gaztetxoenei gustatzen zaien musika estiloa, hitz hobeak dituzten kanta gehiago sortu beharko liratekeela uste du.

Zarataren artean, isilunea

Iskanbila eta zarata guztiak, ordea, hartu du deskantsua tarteren batean. Festen hasieraren aurreko egunerako eta atzoko, bi orduko etenaldiak iragarri zituzten. Azpeitiko Udalak San Inazio festetan egin bezala, musika gabeko tarteak egin dituzte Donostiako barraketan ere. Autismoa duen jendeak ere barrakez gozatu ahal izateko hartu dute neurri hori.

Isilik zeuden atzo musikak, eta giro lasaia zegoen jaietako laugarren egunean, Pasealeku Berrian. Bigarren aldiz isilunea egin zuten; aurreko ostegunean egin zuten lehen isilaldia, eta atzokoa zuten bigarrena.

Bozgorailuetatik ez da entzuten ez reggaetonik, ezta tonboletako gizonen ahotsik ere. Barraka handienen soinua eta bertan daudenen oihuren bat edo beste entzuten dira. Itsasoaren soinua jasotzen dute belarriek, eta ingelesa han, frantsesa hemen... Horrenbeste hizkuntzak agerian uzten dute turista ugari dabilela hirian.

Autismoa duen jendeak barraketan egon ohi den zaratarekin ez sufritzeko, barraketako musikari bolumena jaitsi eta bi isilaldi egitea erabaki dute aurten. Langileei ondo iruditu zaie neurri hori: «Lau ordu dira denera; guri ez zaigu ezer kostatzen, eta, horrela, hainbestetan baztertua izaten den jende horri ere barrakez gozatzeko aukera ematen zaio», adierazi du Portak. Mariaje Ibarra bi bilobekin joan da barraketara, eta nabaritu du aldea: «Oso ondo iruditzen zait halako isilaldiak egitea. Beste aldietan, izugarrizko zarata izaten da, eta autistentzat bakarrik ez: niretzat ere lasaitu ederra da hau».

Abuztuaren 25era bitarte egongo dira Aste Nagusiko barrakak Donostiako Pasealeku Berrian, eta, abuztuaren 19an eta 25an, prezio merkeagoak izango dira barraka guztietan.

 

BIZIKLETA FESTA. 'Haurren Klasikoa'

Aste Nagusiko ekitaldi klasikoetako bat da haurren bizikleta festa. Adinaren arabera hiru kategoriatan banatuta, 300 metro egin dituzte aurten ere Bulebarrean. Urtero egiten dute, eta 500 haurrek baino gehiagok parte hartzen dute aldiro: horregatik soilik, dei dakioke Haurren Klasikoa.


Andoni Canellada / Foku.

 

TRIPAZORRIAK. Patatak kresalarekin

Gauez, DJen topaleku; egunez, Zurriola Street Food. Hainbat janari furgoneta jarri dituzte aurten ere Kursaaleko Urumea terrazan. Askotariko jakiak dasta daitezke tripazorriak baretzeko, han bertan jesarrita. Hori bai, hartutakoa hartuta ere, itsasoko kresala izango du osagaietako bat.


Juan Carlos Ruiz / Foku.

 

ESKULANGILEAK. Kontxa dute erakusleiho

Txoko berezia jarri dute Donostiako Clara Campoamor plazan: eskulangileen azoka. Kontxako badia du erakusleiho, gainera. Gabiltza elkartearen eskutik, Gipuzkoako eskulangileak eta haien lanak ezagutzeko aukera dago; molde tradizionalean zein egungoan egindakoak.


Andoni Canellada / @Foku

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.