Egun berezia da gaurkoa Radio Euskadirentzat, 40 urte bete baitira aro berrian emankizunak hasi zituenetik —aurretik, 1936ko irailean hasi zen; gerrarekin, Bartzelonan finkatu; gerra ostean, Ipar Euskal Herrira mugitu zen, 1946tik 1954era; eta Venezuelatik emititu zuen 1965etik 1977ra—. Eta urteurreneko egunean, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Bilboko EITBren egoitzan, taldeko irratien zentro arteko batzordeak deituta. «Ospakizunek ezin dute ezkutatu irrati publikoaren zentro guztiek gaur egun duten egoera», salatu dute langileek.
Langileen ordezkarien arabera, hamahiru urte daramatzate «hedabide baten errealitatea jaso beharko lukeen lan hitzarmena» ezin negoziatu. «Euskarri berriak, produktu berriak, eta gero eta produktu gehiago egiten ari gara 2009ko lan hitzarmen batekin», salatu dute langileek. «Egungo lan hitzarmenak ez ditu jasotzen langileok ditugun funtzio berriak, ezta profil berriak ere. Hori gutxi balitz bezala, ezin ditugu erabili lan hitzarmen horretan jasota dauden hainbat tresna». Horien artean, bizitza laborala eta pertsonala kontziliatzeko garaian, zuzendaritzak «ahalik eta erarik murritzenean» aplikatzen duela diote langileek.
Lau eskaera zehatz egin dituzte langileen ordezkariek: «Lan hitzarmen berri bat negoziatzea, berehala; lantaldea behar berrietara egokitzea; Euskal Irrati Publikoan ari diren langileek garapen profesionala gauzatu ahal izatea; eta, bien bitartean, langileei aplikatzea lehendik onartuta dauzkaten eskubideak, lan hitzarmenaren aplikazio bidegabea alde batera utziz».
Irratsaioak, egoitzako hallean
Ez da langileen protesta entzun EITBko hedabideetan urteurrenaz aritu direnean. Aldiz, Radio Euskadin azkeneko urteetan esatari eta solaskide aritu diren askoren ahotsa entzun da programa gehienetan. Bilboko EITBren egoitzaren hallean egin dituzte irratsaioak: Xabier Garcia Ramsdenek Boulevard berezia egin du, eta kolaboratzaile ugari pasatu dira bertatik. Lourdes Perez, Braulio Gomez eta Iñaki Anasagasti solasean aritu dira. Horrez gain, Xabier Lapitz, Dani Alvarez, Kike Martin eta Almudena Cacho aritu dira mikroaren aurrean.
Toki berean egin dute Iñigo Lejarzak La Terraza programa, Cesar Perez Gazolazek Kirolaldia, eta Galder Perezek Kultura.eus. Arratsaldean, Distrito Euskadi programan azkeneko lau hamarkadetako unerik garrantzitsuenak gogoratuko dituzte, bidaia berezi bat proposatuz.
Radio Euskadiren urteurrenaren aurretik, Euskadi Irratiak bete zituen 40 urte, azaroaren 23an. ETB emititzen hasi zela, berriz, 40 urte bete ziren abenduaren 31n.