Diaspora 

Quebeceko euskal txokoa

Quebeceko Euskaldunak euskal etxeak 20. urteurrena du aurten, eta jaialdi bat antolatu du astebururako, hara biltzen diren lagunekin euskal ondarea ospatzeko.

Arraunean aritzea jarduera ospetsuenetako bat da. EUSKALDUNAK ELKARTEA.
2016ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
E uskal Herriaren eremuak muga fisikoak gainditzen ditu, eta munduan dauden hainbat txokotara hedatu zen. Antzina euskal herritar askok itsasoaren beste aldera eginiko bidaia errepikatu izan dute beste hainbatek azken urteotan, eta komunitate bat sortu zuten Quebecen: Euskaldunak euskal etxea. Elkarteak hogei urte beteko ditu aurten, eta hiru eguneko jaialdia antolatu dute astebururako: argazki erakusketa, pintxo lehiaketa, herri kirolak eta abar antolatuko dituzte Quebeceko euskal komunitate horretan.

Iparraldeko lau gizonek sortu zuten euskal etxea; haien artean, Jean Goienetxe elkarteko lehendakari ohia. Orduz gero, jarduerak antolatzen dituzte astero, asteburuan egingo duten urteurrena, esaterako: «10. eta 15. urteurrenak jadanik ospatuak izan ziren; beraz, 20. urteurrena azpimarratzea naturala iruditzen zitzaigun», azaldu du Amande Aninek, Euskaldunak-eko elkarteburuak. Antolakuntzatik urteurrenerako asmo oso ezberdinak eduki arren, xede bera zuten kide guztiek: «Helburu nagusia gustura pasatzea da. Zahar, gazte, euskaldun ala ez, bakoitza oroitzapen goxo batekin etxera sartzea». Ondorioz, jaialdiak hiru eguneko iraupena du, denen gusturako eskaintza egon dadin.

Hogei urteko ibilbide horretan, garapen handia jasan izan du elkarteak: «Hiru bilakaera nagusi izan dira kideen osaketan: lehenik, geroz eta emazte gehiago badira; bigarrenik, gazte gehiago hurbildu zaizkigu; eta, azkenik, geroz eta hegoaldeko euskaldun gehiago etortzen dira», nabarmendu du Aninek. Garapen horren ondare da elkarteak egun duen berezitasun bat: Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunen arteko topagune bihurtu dela, alegia. Uztaritzen (Lapurdi) jaio zen Anine, eta orain dela sei urte iritsi zen Quebecera.

Euskal aniztasunaren isla

Egun, elkarteak ehun kide inguru ditu, eta haren osaera ere berezia da, Ipar Amerikako beste euskal elkarteen aldean. «Kide gehienek 25 eta 35 urte tartean edo 70 urte baino gehiago dituzte», azaldu du Aninek. Ondorioz, adin horien artean belaunaldi bateko zuloa dago, eta horrek erronka dakar euskal etxearen iraunkortasunari begira. Edonola ere, azken urteetan kideen kopurua hazi dela azpimarratu du Aninek.

Kideetako asko epe laburrerako dauden euskal gazteak izan ohi dira, baina ez dute haien burua euskal diasporaren parte ikusten, etxera bueltatzen baitira: «Haien euskaltasuna bizitzeko beharra dute», azaldu du Aninek, eta, ondorioz, euskal etxera jotzen dute. Kide horiek oso garrantzitsuak dira Euskal Herriko errealitatetik hurbil mantentzeko. Elkarteko kide gehienak euskal herritarrak dira, baina ez bakarrak: «Quebectarrak ez dira gehiengoak, baina, hala ere, bi baditugu kudeaketa batzordean», azaldu du Aninek.

Euskal etxeari haren eguneroko jarduerek ematen diote bizitasun: euskara ikastaroak, dantza tailerrak eta traineruan ibiltzea, esaterako: «Orain dela hiru urte Ibaialde elkarteak egin zuen ateraldiaren ondorioz, traineru bat daukagu», esan du Aninek. Maiatz eta urri artean, astean bitan ateratzen dute trainerua elkartekoek. «Oso ospetsua izaten da, eta euskaldunak ez diren pertsona gehienak elkartzen dituen jarduera da». Egun berezietan ere biltzen da elkartea: danborrada, inauteriak, Korrika...

Euskal etxe ororen antzera, euskal ondare historiko eta kulturalaren garrantzia nabarmentzea, loturak sortzea eta garatzea du xede; kasu honetan, Quebeceko euskaldunen eta Euskal Herriaren artean, baita bere burua euskalduntzat duen pertsona ororen artean ere. Bi herrialdeen arteko lotura aspaldikoa da: «Egun, badakigu duela aspaldi sortu zirela balea ehizaren eta itsasgintzaren inguruko harremanak Quebecen eta Euskal Herriaren artean». Egun, ordea, orokorrean, elkarren arteko ezagutza eskasa dute herrialdeek: «Quebeceko autonomia erronkan interesa dutenek ezagutza handiagoa izanen dute Euskal Herriko egoerari begira, baina ez da gehiengo bat».

Euskal Herriko elkarte ofizialekin eta ez-ofizialekin harremana du elkarteak, eta NABOko (Ameriketako Estatu Batuetako Euskal Elkarteak) kide da. Beste elkarteekin dituzten harremanak proiektuen inguruan garatzen dituzte; 2017rako Ternuara espedizio bat antolatu dute St. Pierre eta Miqueloneko euskal komunitateko arraunlariekin batera, esaterako. Edonola ere, tokiko erakundeekin bat egin behar dutela adierazi du Aninek: «Lurralde horri begira garatzen da gure euskal komunitatearen nortasuna». Datozen urteetan garatu beharreko zerbait dela uste du Aninek; «ingurumen horretan gure desberdintasuna adierazi behar dugu, baina besteekin lan egin eta eraiki ere bai; ezin gara egon gure txokoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.