Puzkerrak: lagun isilak (edo ez)

Txantxarako eta umore eskatologikorako ufadak dira uzkerrak eta putzak. Ordea, badira hesteetako flora edo mikrobiota desorekatuen seinale ere. Adituek diote haize-minen maiztasunari eta usainari erreparatu behar zaiela, patologia ere bihur baitaitezke.

ZALDI EROA
enekoitz telleria sarriegi
2025eko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Kontu serioa da puzkerrena. Ez egin barrerik. Ez hasi esaten artikulu honek audio bat ere behar duela. Eta ez hasi esaten baduzula sailkapen bat egina: atzera utzi duzulakoan beti zuri itsatsita doan hori dela motxila puzkerra, edo espero ez zenuen zerbaiten konpainian etorri den hori dela puzker traidorea, edo eztularekin batera bota duzun hori dela puzker disimulatua. Eta ez egin hitz jokorik, eta ez esan ez dela berdina izaren pean botatakoa, edo izarren pean botatakoa. Edo ez hasi esaten esaera zahar eder bat dakizula: Putza izan ez eta uzkerra izan nahi. Ez hartu haizerik puzkerrekin. Ez bota halakorik; eutsi. Ez izan uzkertia. Kontu serioa da puzkerrena.

Horren serioa da, non haize-minek bizitza normala egitea eragozten dieten biztanleen %3ri. Luis Bujanda doktoreak emandakoa da datua. Digestio aparatuko espezialista da bera, irakaslea Donostiako Unibertsitate Ospitalean, gibeleko eta urdail-hesteetako gaixotasunen arloko koordinatzailea Biogipuzkoa Institutuan, eta Medikuntzako katedraduna EHUn. «Medikuntzan, puzker deitu beharrean, haizeak edo haize-minak esaten diegu: flatulentziak, meteorismoak, korrokadak… Denek dute harremana gasarekin. Eta oso kontuan hartu beharrekoa zera da: hesteetan gasak edukitzea normala dela, zerbait fisiologikoa dela».

Hesteetako gasaren konposizioa eman du Bujandak: nitrogenoa (%65), karbono dioxidoa (%10), hidrogenoa (%3), oxigenoa (%2,3) eta metanoa. Metanoa da gasei usain txarra ematen diena. Zergatik sortzen dira puzkerrak? «Ongi ezagutu behar da digestio hodiaren funtzionamendua. Hor jarri badute, zerbaitengatik da». Zertarako da, bada? «Energia lortzeko. Energia behar dugu egunerokoari aurre egiteko». Eta nondik dator energia? «Elikagaietatik. Murtxikatzen ditugu, xehatzen ditugu, eta digeritu egiten ditugu. Txiki-txiki egin behar ditugu, eta ahalik eta gehien sinplifikatu. Ahoan hasten da prozesua, listuaren bidez, eta urdailera doa. Urdailak birringailu funtzioa egiten du. Ahia hori heste meharrera doa. Gibelaren eta pankrearen entzimak gehitzen zaizkio han, elikagai horiek degradatzeko. Molekula txiki bihurtzen dira, eta gorputzak horiek xurgatzen ditu. Odolera pasatzen dira. Hondakinak, aldiz, uzkitik botatzen dira». Horraino, dena ongi.

«Oso kontuan hartu beharrekoa zera da: hesteetan gasak edukitzea normala dela, zerbait fisiologikoa dela»

LUIS BUJANDADigestio aparatuko espezialista eta EHUko Medikuntza katedraduna

Eta zergatik sortzen dira gasak? «Elikagaiak degradatu egiten direlako, entzima horien eraginez. Guztiz ongi degradatzen ez direnean, heste lodira pasatzen dira, bakterioak daude han, eta orduan sortzen dira gasak». Zerk baldintzatzen du gasaren konposizioa? «Gure elikadurak, adinak, bizimoduak, gure bakterio florak… horrek guztiak eragiten du gas kantitate jakin bat sintetizatzea eta gas mota jakin bat sintetizatzea». Horrela esanda, sinplea dirudi: puzkerren bidez gas horiek kanporatzen dira.

Mireia Alberdi dietista eta nutrizionistak ere puzkerren oinarri fisiologikoa aipatu du lehenengo: «Denok botatzen ditugu puzkerrak egunean zehar. Batzuetan, ez gara guztiz ohartzen: ez digute minik eragiten, ez digute eragozpenik eragiten, ez dute usaintzen, eta ez gara konturatu ere egiten». Baina ez da beti horrela izaten, eta orduan hasten dira arazoak. «Kasu batzuetan, mina sortzen digute, tripa handitu… Sintoma askotarikoak eragiten dizkigute. Ezerosoa izateaz aparte, gure bizi kalitatea ere apaldu egiten da. Mina sartzen delako tartean, eta kaltea eragin». Iritzi berekoa da Bujanda: «Zerbait anormala dagoenean, sintomak agertzen dira. Zeintzuk? Puztuta nagoela, korroskadak botatzen ditudala, puzker asko ditudala… Batzuetan, horren ugariak eta deserosoak direnez, patologiak sortzen dituzte. Sabelaren distentsio anormal batek, izan ere, bizitza kalitatean eragin dezake, eta bizitza normala egitea eragotzi».

Batzuetan gertatzen da hori, eta batzuei gertatzen zaie hori. Bujandak badu pedagogia egiteko joera eder bat: berak egiten ditu galderak, eta berak erantzun: «Baina zergatik gertatzen zait niri, eta ez zuri? Norberaren digestiorako entzimengatik eta bakterio florarengatik. Eta hori guztia aldarazten duten beste hainbat faktorerengatik: bizimoduarengatik, antibiotikoen esposizioagatik, beste gaixotasun batzuengatik... Horrek guztiak eragin diezaioke flora horri, eta zuk nik baino gas gehiago edukitzea eta halako molestiak eragitea ere eragin dezake».

«Kasu batzuetan, puzkerrek mina sortzen digute, tripa handitu… Ezerosoa izateaz aparte, gure bizi kalitatea ere apaldu egiten da. Mina sartzen delako tartean, eta kaltea eragin»

MIREIA ALBERDIDietista eta nutrizionista

Hesteetako flora, bakterio flora edo mikrobiota. Baliokideak dira hesteen mundu korapilatsuan. Alberdik ere garbi dauka noiz gertatzen diren minak eta ezerosotasunak: «Mikrobiota alteratuta daukagunean. Esaten dugu halakoetan disbiosi bat dagoela, oreka falta bat. Kasu horietan, elikagai batzuk hartzidura handiagoa eragiten dute hesteetan. Horrek eragiten du min hori». Azken urteotan asko ikertu ei duten patologia bat aipatu du Alberdik: «Heste meharreko bakterioak neurriz gain ugaritzea: Sibo. Kontua da heste loditik heste meharrera igarotzen direla Archaea birus batzuk, eta asko ugaritzen direla bertan. Horrek hainbat sintoma sorrarazten ditu, eta horietako bat puzker asko botatzea da». Eta heste mehar horretan birus eta bakterio horiek asko ugaritzeak usain handiko haize-minak dakartza batzuetan. «Sibo sulfuro deitzen zaio horri: sulfuro usaina duten puzkerrak. Eta arrazoia hori izaten da: bakterio batzuk asko ugaritu direla heste meharrean, berez ez luketela hor egon behar, jaki batzuk gehiago hartzitzen dituztela, eta usain berezi hori sorrarazi. Horrek ez du esan nahi puzker bat bota eta usain txarra badauka Sibo sulfuroa daukagunik».

Zerbaiten adierazle

Alberdi eta Bujanda bat datoz horretan: puzkerrak badira zerbaiten adierazle. «Desoreka baten seinale izaten dira askotan: mina eragiten dutenean, edo sabelaren distentsioa, edo segituan asetzea. Eurak bakarka ez, baina puzkerrak beste sintoma batzuei lotuta doazenean, begiratu egin beharko genituzke, eta gauzak baztertzen hasi», azaldu du Alberdik. Beste horrenbeste dio Bujandak: «Gas horiek badira zerbaiten adierazle. Asko ikertu dugu, baina indibiduo bakoitzak gasei buruz daukan soslaia adibidez ez dugu identifikatu. Eta gas jakin batzuek gaixotasun jakin batzuekin duten lotura ere ez dugu guztiz identifikatu. Ez gara horraino iritsi, baina iritsiko gara. Badakigu zein den daukagun bakterio flora edo mikrobiota, eta zein den normala, gutxi-asko. Eta zenbait gaixotasunek hori aldatzea dakartela, eta gasen bidez adierazten dela. Ikerketa horra bideratuta dago».

Zer egin behar da halako ondoezetara ez iristeko? «Jaten dugun horrek modulatuko du gure hesteetako mikrobiota. Badakigu elikagai batzuk eta ohitura batzuk ez direla onak mikrobiotarentzat, eta horiek zaintzea komenigarria litzateke», azaldu du Alberdik. Galderak eginez eta erantzunez segitu du Bujandak: «Dieta aldatuz aldatu ditzaket nire gas kantitatea eta gas mota? Bai. Bakterio flora aldatuz aldatu dezaket nire gas kantitatea eta gas mota? Bai. Antibiotikoen bidez ere bai? Bada, bai. Egiten dira gauzak, eta egin daitezke gauzak hori guztia aldatzen saiatzeko».

Eta biek erreparatu diote beste aldagai multzo bati ere: antsietatea, estresa, depresioa, hipersentsibilitatea... «Heste-burmuin konexioa existitzen da. Gure hesteak konektatuta daude gure burmuinarekin. Mekanismo horiek hor daude. Eta estresak eragin handia dauka gure digestio aparatuan. Gaur egun, patologia digestibo asko daude lotuta estresarekin», nabarmendu du Alberdik. Ez dela kontu erraza dio Bujandak: «Haizeen kontu hau zehaztea ez da askotan erraza izaten. Ez daukagulako egunerokoaren termometro bat, ezin dugu neurtu, eta ezin dugu praktika klinikoan baliatu».

Hori bai, biek gauza bera eskatu dute: patxada. Guztiaren oinarrian kalitatezko digestio bat baitago. «Zeinen azkar jaten dugun! Horrek gure digestioan sekulako eragina dauka. Gehigarriek eta tratamenduek ez dute ezertarako balio ez badugu poliki jaten, ongi murtxikatzen, eta digestio on bat bermatzen», ohartarazi du Alberdik. Beste horrenbeste dio Bujandak: «Jaten dugunean, denok digeritzen dugu airea ere. Aire hori goitik edo behetik bota behar da. Baina airea sartu eta modu espontaneoan botatzeko gai ez bazara, puztuko zara, eta hasiko zara ezeroso sentitzen. Hori oso ohikoa da azkarregi jaten duen jendearengan».

Eta ez egin barrerik, kontu serioa baita puzkerrena.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (5)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.