Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Purutasuna, harmonia, eternitatea

2024ko urriaren 11
05:00
Entzun

Chivite familiak zuen altxorrik preziatuena zen Señorio de Arinzano, eta 2015ean Yuri Shefler aberats errusiarrak kontrolatzen duen SPI taldeak erosi zuen, Tenute del Mondo upategi taldearen bitartez.

355 hektareako lursaila da Arinzanoko jaurerria, eta Lizarrerrian dago, Nafarroan. Ega ibaiak bitan banatzen duen bailara batean dago kokatuta eta mahastizaintza jasangarria egiten dute bertan. 2007az geroztik Espainiako Estatuan ardoen piramidean gailurrean dagoen Vinos de Pago kalifikazioa dauka. Arinzanon dagoen multzo arkitektonikoa izugarria da, antzinako eliza, etxetzarra eta Rafael Moneo arkitekto nafarrak diseinatu eta eraikitako upategi ikusgarriak osatutakoa.

Tempranilloari garrantzi eta pisu handiagoa emate aldera, ardo sorta berrikusi eta ukitu egin dute, eta upategiko ardorik bikainenetarikoa, Gran Vino de Arinzano, tempranilloz soilik egiten dute. La Casona ardoan ere nagusi da tempranilloa (%75), baina merlot pixka bat ere badarama (%25). Arinzano Merlot, aldiz, merlot hutsez eta nekazaritza biologikoari jarraituz egina dagoen ardoa da.

Zurietan, chardonnay mahatsez eginiko Gran Vino de Arinzano nabarmendu behar da.

Baina gaur hemen azpimarratu eta nabarmendu nahi ditudan ardoak beste batzuk dira, horiek ere chardonnay mahatsez eginak, mahats horrekin egin duten esperimentazio lan bikainaren ondorio eta emaitza baitira.

Esperimentazio lan horrek ekoizpen mugatua duen trilogia sorrarazi du: Pureza, Armonia eta Eternidad.

Arinzano Pureza urtebetez 800 litroko hormigoizko depositu esferikoan egondako ardoa da; depositu horrek ez darama barrutik epoxi erretxinarik, mahatsak jaio eta bizi izan den antzeko lurrarekin kontaktuan jarrai dezan; hau da, kaltzio karbonatuarekin. Depositua erabat esferikoa izanik eta tenperatura kontrolik ez duenez, tenperatura aldaketak sortzen ditu deposituaren altuera desberdinetan, eta horrek ardoaren mugimendua sortzen du, legamien hondarrekin ontze prozesu bat sortuz, gorputza, kremositate egitura eta oreka handituz. Sudurrean freskoa da, mineraltasun ukitu bikainduna. Denbora apur batekin, konplexutasun aromatikoa bikaina bilakatzen da. Ahoan freskotasuna nabarmentzen da, zaporetsua.

Armonia ardoa Arinzanoko enologoa den Jose Manuel Rodriguezek eta Jon Pepperrek (Master of Wine) diseinatutako ardoa da. Upel berriak, bigarren erabilerako upelak eta 320 litroko buztinezko anforak erabiltzen dituzte ardo horren ontze prozesuan konplexutasuna, zahartzeko gaitasuna eta freskotasuna lortzeko.

Baina hiruretatik bitxiena Eternidad da, zalantzarik gabe. Lau uztaldi nahasiz (2015, 2016, 2017 eta 2018) izugarrizko konplexutasuna lortzen dute; hori bai, bostehun botila baino ez dituzte egin eta oso garestiak dira, gainera. Ukitu oxidatiboak (fruitu lehorrak) ditu, baina gurina eta albertxikoak ere agertzen dira sudurrean. Oso zaporetsua da eta alkohol ugarikoa. Chardonnay desberdina, sakona, iraunkorra eta luzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.