ATZEKOZ AURRERA

Puntada finak, doinupean

Olatu Talka egiten ari dira asteburuan Donostian. Zuloaga plazan, indarkeria sexistaren aurka ehuntzen aritu dira, musika talde batzuek oholtza berean jotzen zuten bitartean.

Toki berean musika jotzen zuten bitartean, hainbat emakume mataza bat josten aritu ziren atzo, Donostian. J.C. RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Lau kilometro luzeko mataza ehuntzeko asmoarekin, josi eta josi ari dira hainbat emakume Donostiako Zuloaga plazan. «Sexu indarkeriaren arazoa konpontzeko, gizonek gehiago inplikatu behar dute, eta haien izaera aldatu. Horrek denbora asko eramango du», esan du Arantxa Agirregabiriak, jostunetako batek. Indarkeria sexistaren aurkako mataza jostera gizon bakar bat joan da: Dominikar Errepublikakoa da Jose Aguasvivas, doktoretza egiten ari da Gipuzkoan, eta Bartzelonako neska laguna ari zaio josten irakasten. «Ekitaldi ona iruditzen zait hau, protesta gisa ere bai. Gizon gehiago baleude, are hobe». Oholtza berean, Igara Roosters musika taldea ari da jotzen. Olatu Talkan askotariko ekitaldiak antolatu dituzte Donostian, eta elkartasunez betetakoa izan da mataza jostearena. Doinu biziz lagundutakoa.

Ikusleen artean, turista dezente daude. «Sexu indarkeriaren aurkako protestak oso ondo iruditzen zaizkit», esan du Clare Jonesek; Manchestertik (Ingalaterra) iritsi da, eta lehen aldia du Donostian. Antonia Murphy Londrestik heldu da, eta nabarmendu du han ere antzeko ekitaldiak ari direla egiten, «gero eta maizago». Dantzan ari den bakanetakoa, haurrak salbu, Robert Christ da; Suitzatik iritsi da, eta musika «oso ondo» dagoela aipatu du. Herbehereetako Lochem herrikoa da Margaret Tenvolde, eta, haren ustez, «bikaina» da matazaren ekitaldia: «Oso garrantzitsua da gaia ikusaraztea». Iritzi berekoa da Manchesterko Steve Turner ere. «Bosgarren aldia da hemen naizela, eta gogoko dut Euskal Herria», gaineratu du, eskuan garagardo bat duela.

Gaur, matazarekin dantza

Josten ari diren emakumeen artean, adin askotakoak daude; 86 urte ditu Loreto Makazagak, eta pozik dago: «Lehen aldia da josten ari naizen bitartean zuzenean musika jotzen dutela». Mari Lourdes Urialdek nabarmendu du «probintziako andre asko» joan direla jostera. Charo Rodriguezek oroitu du azaroaren 25ean Pasaian (Gipuzkoa) ere josten aritu zirela, sexu indarkeriaren aurka. Isa Otero buru-belarri murgilduta dago Matazak Indarkeria Sexistaren Aurka proiektuan, eta esan du 365 hilos de sonoridad izeneko dokumentala ari direla prestatzen —finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiarazi dute—. Taldeko ordezkaritza bat Suediara joango da ekainaren 9an, sexu indarkeriaren gaia ikusarazteko ekitaldi batera.

Lau kilometroko matazak izango du erabilerarik: Elene Carreto dantzariak eta haren ikasleek landutako pieza bat oholtzaratuko dute gaur Zuloaga plazan, 13:30ean. Gaur amaituko dira Olatu Talkako ekitaldiak. Donostia hobe bat lortzeko joste lanak, aldiz, ez dira hor bukatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.