Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Pugliako Primitivo

2024ko abenduaren 6a
05:00
Entzun

Gaur Espainiako Konstituzio eguna ospatuko dute batzuek. Nik ez. Nahiago dut asteartean ospatu genuen Euskararen Eguna ospatzen jarraitu, eta, nola ez, atzo Durangon hasi zen Liburu eta Disko Azokaz gozatzen jarraitu.

Hiru lagun elkartu ginen aurreko batean, eta, han, Masseria la Volpe upategiko Unoardoa ezagutzeko aukera izan nuen, Primitivo de Manduria jatorri izenekoa. Masseria la Volpe Italian dago kokatuta, hango Puglia herrialdean; hegoaldean, hain zuzen ere. Primitivo da han lantzen den mahats motaren izena, eta hortik hartzen du ardoak izena.

Italiako hegoaldean primitivo mahatsez egiten dira, era berean, beste zenbait jatorri izeneko ardo; besteak beste, Primitivo Puglia, Salento, Brindisi eta Doppie Passo Primitivo. Batez ere Italiako hegoaldean lantzen bada ere, zenbaitzuen uste, mahats horrek Kroazian du jatorria.

Primitivo ez da Italiako ardorik ezagunena, hor baitaude Piamonte eta Toscanako ardo bikainak, edo Franciacorta eta Prosecco apardunak. Primitivo ardoak, ordea, izugarrizko gorakada izan du merkatuan, kalitate bikaina eskaintzen duelako. Ardo borobilak, gorpuzdunak eta belusatuak dira; hori guztia, arrazoizko prezioetan, gainera.

Lehen esan dudan moduan, hainbat jatorri izenetan azaltzen zaigu mahats hori, eta, dakitenek esaten dutenez, Primitivo de Manduria eta Primitivo de Gioia del Colle dira bikainenetakoak. Tradizioz, mendixka eta lautadetan landu izan da mahats hori, Puglia herrialdean. Primitivo mahats motaren izena primero hitzetik dator, lehena, eta beste zenbait mahats mota baino lehenago heltzen delako eman diote izen hori.

Intentsitate handiko ardoa da Primitivo, gehienetan oso konplexua. Guk dastatu genuen Unoardoak okaran eta masustak eskaintzen zituen sudurrean, espezie ukituekin eta txokolatezko ukituekin batera. Ahoan oso leuna da, tanino borobilekin, eta amaiera luzea du, amaigabea... Oro har, Primitivo ardoak eta Primitivo de Manduriakoak, zehazki, ardo egituratuak izaten dira, zahartzeko gaitasun handikoak, urteen poderioz konplexutasuna eta sakontasuna are gehiago garatuz.

Uno ardoa aipatu dugu, baina badituzte beste ardo batzuk upategi horretan. Adibidez, Primo Primitivo de Manduria Riserva, apulia primitivo edo nero D'Avola mahatsez eginiko 1 Uone. Italiako ardoak diru gehiegi gastatu gabe dastatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du primitivo mahats horrek, eta nahiko errazak dira merkatuan aurkitzeko. Gozatu ardoez eta gozatu euskal kulturaz!

Amaitzeko, ez ahaztu: Hartzea ematea DA!

Gora euskara!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.