Publizitatearen etorkizuneko joerak eztabaidatu dituzte El Sol jaialdian

Bilbon egiten ari dira Iberoamerikako Publizitate Komunikazioaren Jaialdi nagusia.

El Sol publizitate jaialdiak mila pertsona baino gehiago bildu ditu ostegunean hasi eta gaur bitartean. L.JAUREGIALTZO / ARP.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bilbo
2014ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Publizitatearen munduan, joera nagusia izango da joerei jaramonik ez egitea». Hitz horiek Alejandro Ditroliorenak dira, God Save the Brief izeneko blogaren jabearenak. Bilboko Euskalduna jauregiko areto betearen aurrean egin zituen adierazpenok, atzo, publizitate munduko beste zazpi blogariren babesean. Publizitateak datozen urteetan egin beharreko ibilbidea identifikatu zuten Joera berriak publizitatean hitzaldian, baina ondorioztatu zuten ezin dela guztiz identifikatu. Izan ere, egunotan El Sol jaialdia egiten ari dira Bizkaiko hiriburuan, Iberoamerikako Publizitate Komunikazioko Jaialdi nagusia. Horren harira gonbidatu zituzten aipaturiko mahai ingurura.

«Azken urteetan publizitate agentzia garrantzitsuenek seinalatutako joerari segika ibili gara. Onena izango litzateke horiei jarraitzeari uko egin eta Interneteko erabiltzaileok sortutako joerak indarberritzea», adierazi zuen hizketaldi hasieran Ditroliok. Alboan zituen Manuel Arranz eta Nuria Martinez, tagoatwork.com webgunearen arduradunak, eta ezinezkotzat jo zuten Ditroliok mahai gainean jarritako aukera:«Ez da nahi ez dugulako, baina ia ezinezkoa da inork baino arinago joera bat sortzea». Hala ere, aurreratu zuten publizitateak geroz eta gehiago hurreratu beharko duela herritarrengana, formula parte hartzaileen bidez.

Joera berri horren zantzuak aurreratzen hasi zuten beren txanda: «Markak 'primerakoa naiz' esan baino ez zuten egiten iraganean. Hala ere, gaur egungo markak ez dira haiek esaten dutena, haiez esaten dutena baizik. Hau da, sare sozialek geroz eta garrantzi handiagoa daukate marken balorazioan, eta irudiaren indarra herritarrek daukate. Produktu bat saltzen baduzu, bezero bat lortuko duzu egun batez. Hura laguntzen baduzu, lagun bat izango duzu betirako».

Laguntza horren adibide jarri zuten Coca-Cola enpresak Arabiar Emirerri Batuetan martxan jarritako marketin kanpaina. Azaldu zutenez, Asia hegoaldetik Dubaira doazen milaka langilek ia ezinezkoa dute jaioterrira deitzea. Irabazten duten diruarekin, hiru egunez lan egin beharko lukete minutu gutxi batzuez etxera hots egiteko. Egoera hori aldatzeko eta aipatutako irudi baikorra lortzeko, Coca-Colak telefono kabinak jarri ditu zenbait txokotan, eta, horiek erabiltzeko, aipatutako markaren tapoia sartzea besterik ez da behar. «Ezberdinak izan behar dugu. Inork bilatu ez duena lortzen saiatu behar dugu. Orain arte iragarkiz josten gintuzten, gogaitu arte. Orain, berriz, bezeroa laguntzen dihardute. Estrategia guztiz aldatu dute; balioetan oinarritutako zerbaiten bila doaz», adierazi zuen Martinezek.

El Sol jaialdiaren babesean bildutako hizlariek gaineratu zuten gaur egun ezagutzen diren publizitate agentzien etorkizunak 180 graduko itzulia emango duela. «Diziplina ezberdinetako jendeak lan egin beharko du, eta hori nabarmentzen ari da azkenaldian», azaldu zuen Alex Sanchez Tiempo de publicidad blogaren arduradunak. Aurtengo jaialdirako mila pertsona baino gehiago biltzea aurreikusia zuten. Datuen arabera,%35 igo da parte hartzaileen kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.