Publikoa jagoteko gogoa

Askotariko publikoak erakutsi dio babesa Euskal Eskola Publikoari Mungian ospatutako jaian: guraso eta seme-alabek, beti bezala, baina baita nerabe andana batek ere. Ikastetxeen premiak nabarmendu dituzte, festa giroan: azpiegitura plana bete dadin nahi dute, besteak beste.

4. Euskal musika. Txapalartaren doinuekin abiatu zuten jaia. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Biribila izan da ekitaldia, 30.ez ospatu baitute Euskal Eskola Publikoaren jaia, Mungian (Bizkaia); biribila izan da, halaber, hango Legarda ikastetxearen urteurrena, mende erdi bete baititu; eta biribila izan da, orobat, festa bera: milaka lagun bildu ziren herrian herenegun, eta «giro oso ona» egon zen, Lourdes Imaz EHIGEko koordinatzailearen ustez. Musikarekin eta dantzarekin abiatu zuten eguna, 11:00ak aldera, eta segituan etorri ziren aldarriak ere: eskola publikoa «babestu beharreko altxor bat» dela esan zuen Arkaitz Aburto EHIGEko presidenteak hasierako hitzaldian, aurtengo leloa hizpidera ekarrita. Jagon: zaindu, babestu. Batuak bizkaieratik hartua.

Ikusi gehiago:Argazki galeria: Eskola Publikoaren Jaia

Mezu hori helaraztea zuten jomuga, eta askok egin dute bere, Imazen berbei erreparatuta. «Jaiak erakusten du herri honetan milaka lagun gaudela prest eskola publikoa babesteko eta zaintzeko». Joera positiboa da, gainera, urtez urte gero eta jende gehiago biltzen baita festara, koordinatzailearen esanetan. «Alde batetik, ikusten dugu eskola publikoak gero eta babes sozial handiagoa daukala; eta, beste alde batetik, eskola publikoko komunitatea harro dagoela bere eskolaz». Haren hitzetan, gero eta gehiagorentzat bilakatu da ekaineko aurreneko igandea «ezinbesteko hitzordu», bai ospatzeko, baina baita aldarrikatzeko ere. «Jaiaren helburua hori da: beharrei ikusgaitasuna ematea. Eta etortzen diren pertsonek ere hori nahi dute: euren beharrak hizpidera ekartzea, eta erantzun bat jaso ahal izatea».

Hala, familia mordo batek bete zuen festa eremua: guztira, hiru gune moldatu zituzten kontzertuak, tailerrak, jolasak eta egitarauko gainerako ekintzak hartzeko. Ikastetxe publikoetan antolatu zituzten batzuk —Legarda eskolako jolastokian izan zen hasiera ekitaldia, esaterako, eta han kokatu zen, orobat, Berria gunea—, baita Matxin plazan eta Torrebillela parkean ere. «Gurasoak etorri ziren seme-alabekin, eta horientzako espazio egokiak geneuzkan: hainbat umerentzako jarduera eta berdeguneak».

Nerabeei dagokienez, berriz, zalantzak zituzten, ea gai izango ziren haiek erakartzeko. «Gure jaia familiei zuzenduta egon da, batez ere. Baina eskola publikoetan nerabeak ere baditugu». Imazek dio ez dela erraza haiengana heltzea, eta, horiek horrela, egitarau espezifikoa taxutu zuten, hala nola grafiti ikastaro bat eta skate eta irristatze tailerrak. «Alde horretatik ere, oso gustura gaude. Uste dugu aurten asmatu dugula».

Elkarlana oinarrian

EHIGEk Mungialdeko sei ikastetxe izan ditu bidelagun aurtengo jaiaren antolakuntzan: Legardaz gain, Laukizko Lauaxeta eskola, Mungiako institutua, Laukarizko herri ikastetxea, Gatikakoa, eta Bakioko Urkitza eskola publikoa. Eta, hain justu, elkarlan hori nabarmendu du Imazek: «Urtero egiten saiatzen gara. Ulertzen dugu eskola publikoek ezin dutela funtzionatu irla moduan, baizik eta saretu egin behar dutela. Leku batzuetan, sareak osatuta daude, eta, beste batzuetan, sortu egin behar dira». Era berean, etorkizuneko gakotzat jo du indartzea haur eskolen, lehen mailakoen eta institutuen arteko lotura, baita gurasoen parte hartzea ere. «Gu guraso elkarteen ordezkariak gara, eta egunero eskolan modu boluntarioan lan egiten duten pertsonek osatzen dituzte elkarteok. Guretzat oso inportantea da parte hartze hori sustatzea eta laguntzea».

Aurrera begirako erronketako batzuk baino ez dira saretzeak, ordea. «Eskola publikoa behar bezala hornitu behar da, azpiegiturei eta baliabide pertsonal eta materialei dagokienez. Lau urteko planak eta azpiegitura planak egiten dira, baina gero ez dira betetzen». Era berean, plaza publiko berriak sortzea galdegin du, «herritar guztiei lekua bermatzeko». Euskara ere badute beren bide orrian. «Gaur egun, egia da A eredua hondarrekoa dela eskola publikoan, baina, D eredua zabaltzearekin batera, euskara biziberritzeko plan bat ere behar da». Alegia, euskara sendotu egin behar dela nabarmendu du, batik bat presentzia gutxien duen tokietan. «Eta horrek eskatzen du eskolaz kanpo ere euskara indartzea, eskolako gune guztiak euskaldunak izateko: goizeko zaintzatik hasi, eta eskolaz kanpoko jardueretaraino. Oso garrantzitsua da udalen eta gainontzeko erakundeen elkarlana».

Herenegungo hitzaldietan, orobat aipatu zen teknologia eta metodologia berrietara egokitzeko premia. Imaz tentuz mintzo da kontu horretaz. «Ikastetxe bakoitzak hezkuntza proiektu bat dauka, eta helburuak lortzeko bide desberdinak erabiltzen ditu: izan daiteke papera, edo material digitalak. Tresna bat baino ez dira». Azpimarratu du garrantzia hartzen ari direla, baina ohartarazi du jada errotuta daudela, baita ikastetxetik kanpo ere. «Argi dago umeek eta nerabeek gehiegi erabiltzen dituztela. Digitalizazioaz hitz egiten dugunean, oso kontuan izan behar dugu hori; neurtu beharrekoa da».

Aldarriok festa giroan mamitzen dira urtean egun batez, eskola publikoaren egoerara erakartzen baitute arreta jaiaren koloreek, doinuek eta jendetzak. Urte osoko lana da hori erdiestea, Imazek azaldu duenez. «Normalean, irailean hasten gara gauzak antolatzen. Urtean zehar, lantalde bat eduki dugu, Mungialdeko ikastetxeetako ordezkariek osatutakoa —gurasoek eta zuzendaritzak—». Horrez gain, asteburuko beharretarako, 150 boluntario ingururen laguntza jaso dute. Eta, aurtengoa bukatuta, berehala jarri dira hurrengoari begira: 2024an, Ordiziako (Gipuzkoa) eskola publikoa arduratuko da jaia ospatzeaz; atzo eman zioten lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.