Mikel Agirrek EITBko zuzendari nagusia izateko hautagaitzari uko eginda, EAJk Jaime Otamendi nahi zuen zuzendari. PSE-EEk, baina, ez zuen begi onez ikusi proposamena, orain dela lau urte Patxi Lopezi egindako elkarrizketa batean erasokor aritu zela iritzita. Otamendik betoa jasota, Maite Iturbe proposatu zuen EAJk, eta atzo arratsaldean bi alderdiek eginiko bileran onartu egin zuten hautagaitza hori. EITBko zuzendari nagusirako kargua hartuko duen den lehen emakumea izango da.
EAJko goi kargu baten ahotik jakin zuen atzo goizean Jaime Otamendik ez zutela zuzendari nagusi hautatuko. Haren hautagaitzarako proposamena atzera bota behar izan zuten jeltzaleek, PSE-EEk ezezko borobila emanda. Presa zuen EAJk irrati eta telebista publikorako zuzendari bat lehenbailehen hautatzeko. Izan ere, orain dela aste batzuk oraingo zuzendari nagusi Alberto Suriok Urkullu lehendakariari eskatu zion karguan ez betikotzeko. Gaurko gobernuko bileran nahi du EAJk Maite Iturbe zuzendari nagusi izateko hautagai izendatu.
1984. urtean sartu zen Iturbe EITBn. 1989. urtetik irrati eta telebista publikoko ekoizpen zuzendari da. Donostiako Miramongo egoitzako arduradun ere bada. Azken datu hori ez da oharkabean igaro; izan ere, ekoizpen zentro horren bideragarritasuna ezbaian jarri dute azkenaldian.Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Iturbe, eta EITBtik igaro diren zuzendari nagusi guztiekin lan egin du.
Orain dela lau urte, Patxi Lopezek lehendakaritza hartu eta egun gutxira elkarrizketatu zuen Jaime Otamendik. Lehendakari gisa EITBn eman zuen lehenengo elkarrizketa zen. Otamendiren elkarrizketa ez zen sozialisten gustokoa izan. Elkarrizketa bizia izan zen; behin baino gehiagotan eten zuen orduko lehendakariaren jarduna, galdetutakoari zorrotz erantzun arte ez baitzuen atsedenik izan. Lehendakariaren azalpenei galdera azkarrekin erantzuten zien, eta tentsio uneak izan ziren.
Komunikazioa
PSE-EEk Jaime Otamendi baztertu du, baina Maite Iturbe onartu egin du
Jaime Otamendiri betoa jarri dio PSE-EEk, eta, ondorioz, Maite Iturbe proposatu dio EAJk EITBko zuzendari izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu