COVID-19ak kontzertuak kendu zizkion, baina denbora eman zion, interpretazio bat prestatzeko egiten duen prozesua ikertzeko eta oinarri zientifikoekin azaltzeko. Josu Okiñena pianista, ikertzaile eta Musikeneko irakasleak (Donostia, 1971)liburu batean bildu du: La interpretación musical como proceso artístico y científico. Dos dimensiones complementarias (Musika interpretazioa prozesu artistiko eta zientifiko gisa. Bi dimentsio osagarri). Deustuko Unibertsitateak argitaratu du.
Liburu hau ispiluan begiratzea eta ikusitakoa jasotzea da?
Barrura eta barrutik begiratzea.
Funtsa zein da: zure interpretazio prozesuari azalpen zientifiko bat ematea?
Bai. Interpretazio bat prestatzeko egiten dudan prozesua azaldu nahi izan dut. Horretarako marko teoriko batzuen bila joan naiz, eta marko teoriko horietan aurkitu ditut oinarri zientifiko batzuk azaltzeko nolakoa den nire prozesua.
Ez da oso ohikoa artista batek bere sortze prozesua oinarri zientifikoekin azaltzea, ezta?
Proposamen honetan berria da subjektua eta objektua lotzen ditudala. Interpretearen eta obraren arteko lotura aztertzen dut. Ez dut obra bakarrik aztertzen: aztertzen dut obra horrek zer eragin duen nigan.
Zure interpretazio prozesuari aplikatu dizkiozu termodinamika, fisika kuantikoa... Zer dute ikustekorik elkarrengandik hain urrun dauden mundu horiek?
Pedrok [Pedro Migel Etxenike] esan zidan artea eta humanitateak zientziatik banatuta daudela, baina ezin direla bereiztu. Termodinamika eta fisika kuantikoa beharrezkoak dira prozesua azaltzeko: artea egiteko edo bizitzako edozein ekintza egiteko ez diezula jarraitzen kanpoko arauei, barrukoei baizik. Hor daude biologia, termodinamika eta mekanika kuantikoa. Interpretazio bat egiteko, barruko sentimenduei eta askatasunari jarraitzen diet. Horrek sekulako beldurra ematen digu.
Zergatik?
Zeren gauza bat egiteko beti joaten zara ondo egiteko bide baten bila, ez zuk sentitzen duzun bezala egitera. Nola egin nahi duzu hau? Nik honela sentitzen dut, baina esan didate horrela egin behar dela. Aukeratu behar duzu bi bide horien artean.
Arteak askatasuna eskaintzen du.
Artistok askatasun hori baliatu dezakegu, baina batzuetan sekulako beldurra ematen digu: kritikak zer esango duen, ez gaituztela berriro kontratatuko... Artea baldin bada, zure erabakia izan behar du.
Zure nortasuna da.
Horixe.
Kontzertu bat prestatu behar duzu. Partitura daukazu. Zein da lehen urratsa: obraren jatorria aztertzea?
Bai: zer den, nola idatzita dagoen, zeinek, zergatik, zer egoeratan...
Liburuan, Franz Liszten obra baten adibidea aipatzen duzu. Garai hartan depresioa omen zuen, malenkonia... Horrek zertarako balio dizu interpretatzeko orduan?
Nire irudimena aberasteko da. Nola imajinatzen dut Liszt garai hartan? Horrek ez dizkit interpretatzeko arauak ematen, baina nire irudimena eta figurazioa aberasten ditu.
Hori egin eta gero, obra osorik jotzen duzu.
Pianoarekin jotzen eta esperimentatzen hasten naiz: probatzen dut tempo batean, bestean, irakurtzen dut zergatik egin zuen horrela, ikusten ditut bere garaiko obra batzuk, entzuten ditut beste bertsio batzuk, berriro bueltatzen naiz... Prozesu konplexua da interpretazioa.
Eragina dute zure sentimenduek, aldarteak eta animoak?
Jakina. Egun batean gauzak zehazten hasten zara, baina gerta daiteke hortik hilabetera zu beste modu batera egotea, eta orduan gauzak aldatu egiten dituzu.
Eta kontzertuaren egunean...
Berriro aldatzen duzu, zeren akustika aldatu da, jende asko dagoenez lehorragoa da; giroa; sentsazioak...
Partitura bera da denentzat. Nola ateratzen dira hainbeste interpretazio ezberdin?
Hori da kuantika. Bakoitzak bere erara ulertzen du.
Hori da interpretazioa?
Bai. Testuekin gertatzen da: olerki bat errezitatu behar izanez gero, testu bera izanda, modu ezberdinean errezitatzen dugu.
Liburuan agertzen da partitura gauza hila dela, interpreteak ematen diola bizitza.
Konpositoreak partitura batean zehazten du bere mundua, bere bizitza. Interpretatzeko modua aldatu egiten dugu denborarekin, bizirik gaudelako eta sentsazioak ezberdinak direlako.
Dudaz betetako prozesu bat da?
Erabat. Denbora pasatu ahala, ezagutzaren aberastasunak hainbeste aukera ematen dizkizu interpretatzeko, ez dakizu zein aukeratu.
Musikeneko irakasle zara. Zer transmititzen diezu ikasleei?
Transmititu, ezer ez. Saiatzen naiz haiek probokatzen, beren subjektibitatea aurki dezaten.
ATZEKOZ AURRERA. Josu Okiñena. Pianista, ikertzailea eta irakaslea
«Prozesu konplexua da interpretazioa»
Entzuleak azken emaitza entzuten du: diskoa edo kontzertua. Ezkutuan geratzen da prestalan guztia. Okiñenak liburu batean azaldu du bere prestaketa modua, oinarri zientifikoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu