Gasteizko Mugimendu Feministako kideak

Alejandra Codesal eta Aitziber Romero: «Protokolo bat izateak eraso matxisten aurkako kultura sortzen du»

Mugimendu feministako kideek uste dute gizarte guztiari dagokiola Gasteizko jaietan izan daitezkeen eraso matxistei aurre egitea, biktimak babestea eta salaketa publikoa egitea.

Alejandra Codesal eta Aitziber Romero. RAUL BOGAJO / FOKU
Alejandra Codesal eta Aitziber Romero. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2024ko abuztuaren 6a
05:10
Entzun

Gasteizko mugimendu feministak eta Lumagorri elkarteak indarkeria matxista eta LGTBI kolektiboaren aurkako bortxa salatzeko bi telefono zenbaki abian jarri dituzte jaietan: 747-41 48 34 eta 633-30 96 53. Aurten ere, erasoen aurkako protokolo «irekia» eta «kolektiboa» ondu du mugimendu feministak, Alejandra Codesal (Gasteiz, 1994) eta Aitziber Romero (Gasteiz, 1994) ordezkariek azaldu dutenez.

Emakumeek eskubidea dute jaiez nahieran gozatzeko, eraso matxistarik pairatu gabe. Baina, oraingoz, ez da posible. Gogoetarik?

ALEJANDRA CODESAL: Badakigu jai hauetan ere erasoak egongo direla, jende asko mugitzen den espazioetan hala gertatzen delako, baina uste dugu erasoen aurkako testuinguru bat sortzen duen protokolo eta antolakuntza bat izateak eragin dezakeela gizartean eraldaketa egotea. Gure helburua da erasoei erantzutea, biktimak babestea eta salaketa publikoa egitea, eta uste dugu horrek, etorkizunari begira, oinarriak jartzen dituela bestelako gizarte bat eraikitzeko eta espazio seguruagoak sortzeko.

AITZIBER ROMERO: Duela hamar urte protokoloa lehen aldiz ondu genuenetik, bide bat egin dugu erasoak prebenitzeko, eta erantzuna geroz eta sendoagoa eta kolektiboagoa izateko. Erasoak ez dira mugimendu feministaren ardura bakarrik, gizarte osoarena baizik, baita jaiak antolatzen dituzten eragile eta kolektibo guztiena ere. 

LGTBI kolektiboaren aurkako erasoak kudeatuko ditu Lumagorri elkarteak. Nolakoa izango da zuen arteko elkarlana?

CODESAL: Esperientziak erakutsi digu erasoak lantzeko orduan ezinbestekoa dela elkarrekin koordinatzea. Koordinazioa hobetzeko pausoa eman dugu aurten, eta uste dugu balio izango duela gizartearen kontzientzia pizteko. Nahiko genuke bi kolektiboek ordezkatzen dugun aniztasuna erreferentea izatea erasoei aurre egiteko orduan.

Zer-nolako protokoloa landu duzue?

ROMERO: Urteekin, ikasi dugu ezinezkoa dela aurreikustea nola erantzun behar zaion eraso bakoitzari. Indarkeria matxistak hamaika zirrikitu eta ezaugarri ditu, eta behar duguna da tresna ireki bat urtero errealitateari moldatzen eta egokitzen zaiona, eta batez ere komunitatearen beharrak eta eraso egin dieten pertsonen beharrak aseko dituena. Protokoloak tresna irekia, dinamikoa eta kolektiboa izan nahi du. 

CODESAL: Sarri, protokoloa erantzun itxi eta automatiko batekin lotzen da, baina guk azpimarratu nahi dugu tresna irekia dela eta erantzuteko funtzioaz gain badituela beste zeregin batzuk. Hau da, esperientziak erakutsi digu erasoen kontrako testuinguru eta kultura bat sortzen dituela protokolo bat existitzeak, jendeak horren berri izateak, telefono bat badela jakiteak, txosnetako gunean jendea antolatua egoteak edota jendeak formakuntza jasotzeak. Finean, bestelako jaigune batzuk sortzeko pausoak ematea da kontua. 

Eta eman dira pausoak?

ROMERO: Duela hamar urte, mugimendu feminista bera bakarrik arduratzen zen protokoloa sortzeaz, formakuntza emateaz eta telefonoen ardura hartzeaz. Eta urteekin lortu dugu, batez ere auzoetan, ardura hori kolektibizatzea. Izugarrizko aurrerapausoa da, ardura ez baita soilik mugimendu feministarena, guztiona baizik, eta bereziki gizonena.

Erasoetan bakarrik ez da ikusten jaietako bortxa matxista, ezta?

ROMERO: Erasoak icebergaren punta baino ez dira. Indarkeria matxistak dena zeharkatzen du: jaien antolaketa, oholtza gainean dauden erreferenteak, lanen banaketa, gure arteko harremanak... Eta erasoak gure artean ere gerta daitezke, txosnen muntaketan, bileretan, kontzertuetan, programazioa egiterakoan...

LOtsabako

Zer falta dute Gasteizko jaiek?
Aniztasuna erdigunean jartzea.

 Eta zer dute sobran?
Maskulinitate hegemonikoaren harrotzea, eta horrek espazioak okupatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.