Patxi Santamaria. Aktorea

«Protagonistak dei egiten dio gizarteari aktibatzera eta ahal den toxikoena izatera»

Zinegotzi izandakoa, orain kale gorrian bizi da Jauregi protagonista, 'Aktibo toxikoak' umorezko antzezlanean. Amorratuta, munduaren egoera latzari buruz bakarrizketan ariko da gaur Zumaian.

BERRIA.
Donostia
2013ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Satira politikoa, komedia eta drama biltzen ditu Aktibo toxikoak bakarrizketak. Zumaiako Alondegia kultur etxean izango da gaur ikusgai, 22:00etan hasita. Patxi Santamaria aktoreak (Zarautz, 1959) antzezten du.

Gaur-gaurko gaia lantzen du antzezlanak: krisi ekonomikoa. Baina, hari barre eginez.

Nire egoera pertsonaletik sortzen da ideia. Krisiarekin nazkatuta eta amorratuta nengoen; hala, neure buruari galdetu nion: zer egin dezake aktore batek krisiaren aurka? Ba, antzerkia erabili krisia kritikatzeko, egoeraz kexatzeko eta amorrua ateratzeko. Hasieratik, komedia bat etorri zitzaidan burura, nahiko lazgarria baita jada egoera. Asmoa da ondo pasatzea, baina ahaztu gabe hausnarketa bat dela. Ironia eta satira apur bat du lanak; azkenean, sistema politiko, sozial eta finantzarioa kritikatu nahi baititu.

Eskola zaharreko politikoa da Jauregi, ez gaurkoa. Hortaz ere kexu da.

Momentu batean salatzen du lehen ere egongo zirela irabaziak eta tranpak politikan, baina, zogiagoak zirela. Egun aurpegi gehiagorekin egiten dute guztia. Hori leporatzen die protagonistak. Lapurretak aurrez pentsatuz eta maltzurkeriaz egitea.

Erabat desesperatuta, haserretuta agertzen da Jauregi. Hala al dago euskal gizartea ere?

Ez dakit zer esan. Guk bestelako borroka luzeagoa daukagu, gainera, atzetik. Egia da orain artean ondo bizi izan garela eta azkeneko hilabeteotan atzera nabarmen egin dugula Euskal Herrian ere. Hala ere, erantzun soziala nahiko urria da oraindik. Ez dakit ezkutuko ekonomiak frenatzen duen mobilizazioa, edo gizartea aspalditik motibaziorik gabe eta politikatik urrunduta dagoelako isla den. Baina egoerak ezin du luze iraun. Ni harrituta nago nola jendea ez den politikariengana hurbiltzen, eta, gutxienez, aurpegira pare bat gauza argi esaten. Iruditzen zait erantzun gutxi ematen diogula jasaten ari garen egoera nazkagarriari.

Antzezlanak Aktibo toxiko du izena. Nondik sortu zen kontzeptu ekonomiko baten izena hartzeko ideia?

Izena Mikel Elorza antzezlanaren idazleari bururatu zitzaion, eta bete-betean asmatu zuen. Izan ere, finantzen munduko aktibo toxikoez gain, protagonistak, gizarteari dei egiten dio aktibatzera eta ahalik eta toxikoena izatera. Alegia, kutsatzera. Kutsatu, kexa eta protestaren bidez. Izenak bi alde horiek biltzen ditu.

Bakarrizketa formatuan eroso sentitzen zara?

Bai, aktore batentzat erronka da,baina moldatzen naiz. Gainera, ni formatu txikian mugitu naiz azkenaldian. Dantzatzeari eta kantatzeari dagokionez, aktore batek denetatik egin behar du; agian, denetik gaizki, baina hori beste kontu bat da. Baina antzezlanak hala eskatzen zuen. Bestalde, gaia gaur-gaurkoa izanik, aukera ematen du antzezlana eguneratuz joateko. Rato, Urdangarin eta halako auziak sartuz goaz.

Ikus-entzuleak protagonistarekin identifikatuta sentitzen dira?

Bai, denok gaude behartuta krisiaren ondorioak izatera. Bestalde, formatua, parodia, eskertzen dute. Pertsonaia nahiko dibertigarria da, eta antzezlanean osagai ugari daude: musika, dantza, zirkua... Gainera, ikus-entzuleen parte hartzea ere bultzatzen da.Emanaldi gutxi egin ditugu, baina, denetan jendea irribarre batekin atera da. Gaia kabroia izan arren, jendeak ondo pasatzen du. Amorrua ateratzeko eta purrustadak botatzeko aukera dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.