Milaka dira ahozko tradizioak gordetako melodiak. XIX. mendetik aurrera, hainbatek jardun izan dute horiek hartu eta moldatzen; esaterako, Jesus Guridi gasteiztarrak. Hark jasotako hamar melodia egokitu ditu orain Jimmy Bidaurretamusikariak (Donostia, 1971). Gasteizko Big Band taldeak ondu ditu abestiak, Gasteizko Udaleko txistulari bandarekin batera. Gaur aurkeztuko dute lana, Aitzina Folk jaialdiaren barruan, Gasteizko Printzipal antzokian.
Gaur izango da aurkezpena. Dena prest al daukazue?
Bai. Halere, egia da lan asko egin behar dela. Kolaborazioak egongodira: besteak beste, dantzarienak eta trikitilarienak. Diskoan ageri ez den kanta bat ere izango da, fandango bat. Finean, erronka bat da. Fandango bat joko dugu, bandaren dimentsioetan, baina DNA mantenduz. Ohore bat da lana Aitzina Folk jaialdian aurkeztea, Big Banden eremutik kanpo baitago.
Euskal Melodiak 10.1 proiektua aurkeztuko duzue, Guridiren hamar melodiatan oinarrituta. Zergatik gehitu diozue puntu bat?
Egun, jende askok gertuko duen mundua da digitalizazioarena, eta, beraz, proiektuan hori txertatu nahi izan dugu. Halere, puntu bat gehitu diogu badelako hamar melodietatik kanpo dagoen beste kanta bat ere. Guztira 11 melodia batzen dira proiektuan; Gorulari dantza da gehitu duguna. Resurrecion Maria Azkuek eta Jesus Guridik ehunka kantu batu zituzten urteetan Euskal Herriko hainbat txokotan ibilita. Egindako lan hori egungo garaietara egokitu eta esentzia berri bat eskaintzen saiatu gara disko horrekin.
Gasteizko Udaleko txistulari bandarekin batera ondu duzue proiektua. Nola fusionatu dituzue bandako instrumentuak eta txistua?
Aurretik ere eginak ditugu beste lan batzuk elkarrekin. Gainera, Gasteiz Big Band taldeko askok egiten dute lan folklorearen akademian; beraz, nahaste horrek proiektua sendotzen lagundu du. Akademiak ere badu folklorea egungo garaietara egokitzeko eta bide berriak aurkitzeko interesa. Uste dut ardura bat dugula musika tradizionala lantzeko orduan.
Beraz, melodiak gaur egunera egokitu dituzue, tradizioa gogoan. Guridik aurretik egindako lanaren aitortza al da?
Hori baino gehiago da. Askok pentsatzen dute Guridiren kantak hartu eta, besterik gabe, bandarekin jotzen ditugula. Ez da horrela. Melodiei aldaketak egin dizkiegu, etadesberdintasunak handiak dira; batzuetan, erradikalak. Proiektuak tradizioa mantentzen du, baina ikuspegi berri batekin. Azken finean, folklorea historian bizirik mantentzen da, eta zaindu egin behar da. Halere, gertatzen dena da egun museo bilakatzen ari dela.
Aurretik egokitua zenuen Guridiren abesti bat: Sant Urbanen Bezpera.
Duela bederatzi urte Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak esku artean zuen proiektu baterako landu nuen Sant Urbanen Bezpera melodia. Hotsak Dantzan zuen izena proiektuak, eta disko bat argitaratu nuen beste abesti batzuekin osatuta. Lehen kanta hura moldatu ostean, erabaki nuen hasitako lana amaitu beharra zegoela; eta horra, diskoa.
Proiektu horrez gain, badituzu beste batzuk ere. Esaterako, Gasteiz Big Bandeko zuzendaria zara.
Bai. Gaur-gaurkoz, egia esanda, melodien proiektuarekin buru-belarri gabiltza. Halere, egin ditugu bestelako lanak ere. Aurreko urtean binilo bat grabatu genuen: Radio Radetzky. Jazz estiloan oinarritzen den taldea gara, baina badira eremu horretatik harago lantzen ditugun bestelako musika estiloak ere.
Bakarkako diskoak ere atera izan dituzu. Ba al daukazu aurrera begirako proiekturik?
Egun, Aldakan izeneko talde berri batekin nabil lanean. Big Band taldeko kide batzuk ere badaude bertan, eta zuzeneko disko bat grabatu berri dugu. Gainera, jada sarean entzungai dago, baita musika plataformetan ere. Batik bat, Hego Ameriketako musika folklorikoan oinarritzen gara. Horrez gain, DJ Makalarekin ere proiektu bat sortu dut. Aspalditik daukagu harremana, eta beti nahi izan dugu elkarrekin zerbait sortu.
Beraz, musika estiloak batu eta gauza berriak sortzea gustatzen zaizu?
Bai. Askotan esan dugu, adibidez, gure musika iparraldekoa, hegoaldekoa, mendebaldekoa eta ekialdekoa dela. Lehen bazegoen aukera toki ezberdinetako irratiak jarri eta hango musika entzutekoa. Orain ere hori egin nahi izan dugu. Leku guztietako musika nahastea gustatzen zaigu, eta tradizionalari ere ukitu hori ematea.
ATZEKOZ AURRERA. Jimmy Bidaurreta. Musikaria
«Proiektuak tradizioa mantentzen du, baina ikuspegi berri batekin»
Gasteizko Big Band taldeko zuzendaria da Bidaurreta. Udaleko txistulari bandarekin batera, 'Euskal Melodiak 10.1' diskoa osatu dute. Melodia tradizionalak oinarritzat hartu, eta egungo garaietara moldatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu