Arabako lasaitasunean babesturik dago egun hauetan Beatriz Setien dantzaria (Donostia, 1980). Lasierrako (Araba) Azala espazioan dabil lanean, Lisa Nogara artista nizatarrarekin batera. Duela lau urte jarri zuten martxan Bonboi Koreografikoak proiektua, eta laster estreinatuko dute.
Lisa Nogararekin batera sortutako Bonboi Koreografikoak proiektuak lau urte bete ditu. Beste lau urtez luzatzeko prest?
Noski. Are gehiago, Euskal Herrian asko mugitzen bada, atzerrian emanaldiak lortzeko intentzioa dugu. Hala ere, oso prozesu luzea eta konplikatua izan da. Besteak beste, Euskal Herrira zortzi urteren ostean bueltatu naizelako, Frantziako konpainia batekin Germinal obra egiten buru-belarri egon ostean. Bonboi Koreografikoak proiektua hemen jaio zen, Araban, Azala espazioan. Orain, lau urteren ostean, etapa bat itxi nahi dugu, eta beste berri bat ireki: Bilboko Errekalden, BAD2015 erakustaldian, lana estreinatuko dugu, urriaren 24an.
Nola sortu zen ideia?
Hasieran, June Crespo eta Itxaso Iribarren artistekin batera bizi nintzen. Ez geneukan proiektu argirik buruan, baina imajinazioarekin eta lan asko egin ondoren, Bonboi Koreografikoak osatzeari ekin genion. Paradoxikoa dirudien arren, asko lagundu zigun proiektu zehatz bat buruan ez izateak. Artean lan egiteko, lagungarria da lanerako esparru jakin bat ez izatea. Are gehiago, askotan, artean lan egiteko, beharrezkoa da proiektu jakinik ez edukitzea buruan. Imajinazioan sakontzen dugu orduan.
Lanak hiru atal ditu: testu irakurketa bat, duo dantzatua eta hainbat akuarelaren aurkezpena. Argi zenituzten hasieratik hiru atalak?
Hiru piezak aldi berean osatuz joan dira, elkar osatuz. Baina lehena dantza izan zen, eta gorputzaren bitartez lantzen hasi nintzen. Gero, lanak hala eskatuta, testua etorri zen. Eta, azkenik, akuarelak: osagai gisa hasi ziren, baina ezinbesteko bilakatu dira gaur egun.
2007an, zure lan artistikoak sortzeari ekin zenion. Zer behar du dantzari batek bere lan artistikoak sortzeko?
Sortzeko grina da behar den lehenengo gauza. Gero, lantzeko lekua eta denbora behar da. Lekua eta denbora behar izateak dirua esan nahi du, diru asko. Baina beste leku askorekin alderatuta, ezin gara kexatu: Euskal Herriko instituzioen diru laguntzak egokiak dira, baina Frantzian eta Belgikan jaso ditzakegunak baino askoz apalagoak.
Noiz erabaki zenuen dantza zure bizitzaren ezinbesteko atal bilakatuko zela?
Txiki-txikitatik izan nahi nuen dantzaria. Baina dantza klasikoan berandu hasi nintzen, eta nire gorpuzkera ez zen egokiena dantza estilo horretarako. Orduan, dantza garaikidea ikasteari ekin nion. Ikasketekin ere jarraitu nahi nuen, eta, hala, arte ederrak ikasi nituen. Karrera horri esker, dantzaren inguruko eduki mordoa ikastea lortu nuen.
Leku batetik bestera, lan finko bat eduki gabe. Ez du erraza izan behar zure bizitzak.
Oso bizitza konplikatua da. Zure lanak saldu nahi dituzu, eta lana lortu nahi duzu, etengabe. Gero, beste muturra dago. Zure lanak oso ondo saltzen badira, egun guztia bidaiatzen pasatzen duzu, familiarekin, lagunekin eta etxean ia egon gabe. Oro har, ingurukoekin errutina bat izateko denborarik ez dago.
Herrialde eta kultura ugari ezagutu dituzu. Beste lekuekin alderatuta, Euskal Herrian zure lana gehiago edo gutxiago baloratzen da?
Zaila da galdera horri erantzutea. Izan ere, eduki bakoitza bere testuinguruan jarri beharra dago. Esate baterako, artisten lana, oro har, Frantzian asko baloratzen dute. Baina Euskal Herriko egoeraz ezin naiz kexatu, ezta gutxiagorik ere. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza beti laguntzeko prest egon dira, eta, sarri askotan, ikuskizunak entseatzeko lokalak eskaini dizkigute.
ATZEKOZ AURRERA. Beatriz Setien. Dantzaria
«Proiektu jakin bat ez izateak asko lagundu zigun»
Euskal Herrira zortzi urteren buruan bueltatu ostean, 'Bonboi Koreografikoak' lana estreinatuko du urrian. Dantza, testuak eta akuarela nahasten ditu ikuskizunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu