ATZEKOZ AURRERA. Maialen Diaz. Ipuin kontalaria eta aktorea

«Proiektore moduko bat da kontalaria»

Iruñean eta Errioxan hezitako aktorea da Diaz. Madrilgo William Layton laborategian ikasten ari da, eta Viceko antzerki institutuko graduondokoa egiten. Irakasle ikasketen gradua ere badu.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2016ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Aste betea du, eta ez da harritzekoa.Madrildik sorterrira itzuli da Maialen Diaz (Iruñea, 1988). Izan ere, asteon jaso du Iruñeko Udalak antolatutako haurrendako antzerki testuen lehiaketako saria. Gainera, ipuin erotikoak kontatuko ditu gaur, 19:30ean, Kondestablearen jauregian, Miriam Hualteren piano doinuei jarraikiz: Plazera gurea da.

Zailagoa da ipuinak helduei kontatzea haurrei baino?

Ezberdina da. Haurrekin oso argi duzu gustuko duten edo ez, berehala hasten direlako mugitzen edo, bestela, txundituta daudelako. Askoz ere adierazkorragoak dira. Helduek, batzuetan, edukazio handiz entzuten zaituzte, eta bukatzerakoan esaten dute gustuko dutela, baina gustuko ez badute ere ez dizute esango. Sentikortasun ezberdina izan behar duzu.

Kontatzeko moduak ere ezberdina izan beharko du, beraz.

Haurrentzako kontaketak dinamikoagoa izan behar du, deskribapen gutxiagorekin, eta gertakizun gehiagorekin. Egurra behar dute. Helduekin oreka bilatu liteke hizkuntza poetiko baten eta gertakizunen artean. Haurrek ere gustuko dute hizkuntza poetikoa, baina, deskribapenekin gehiegi nahastuz gero, mugitzen hasiko dira.

Helduak nahiko haurrak izan daitezke ipuin erotikoak tarteko direnean.

Agian horregatik aukeratu genuen ipuin kontaketa hau egitea. Sexualitateaz nahiko ikuspegi mugatu eta, hainbatetan, merkantilizatua daukagu. Saldu digutena sinisten dugu. Gure asmoa zen fantasiaren bidez beste unibertso batzuk irekitzea. Haurrak gu baino azkarragoak direla esango nuke nik.

Erotiko hitzak badu zer edo zer. Erakargarria da. Zergatik?

Erotismoak kuriositate puntu bat du, eta galdetu izan digute: «Ea, oso erotikoak dira?». Aspaldi entzun nuen erotismoa iradokitzea dela, ez erakustea, eta gu bide horretatik goaz. Ipuinak kontatzerakoan, irudimenak pisu handia izan behar du; orduan, ateak irekitzen saiatzen gara, eta bakoitzak bere buruan osatzen du nahi duen moduan.

Dirudienez, gozamenaz mintzatzea gozamena da zuretzat.

Handia. Polita da jendearen irudimenarekin jolasten duzula sentitzea. Momentu batzuetan, kontakizuna ongi doanean, edo momentu gako batzuetara iristen garenean, nolabaiteko elkartasuna sentitzen da ikusleekin; nabaritzen dut nirekin daudela, eta ni haiekin jolasean nagoela. Badago elkarreragin polit bat. Nik intentsitate handiz bizi dut, eta asko disfrutatzen dut.

Orduan, antzerkiak badu erotismo puntua?

Bai. Baina antzeztea eta ipuinak kontatzea ezberdina da. Nik ikusleen begietara begira kontatzen ditut ipuinak, eta antzeztean laugarren pareta dago. Gainera, antzezterakoan zuk egiten duzuna da publikoak ikusteko, eta kontatzen duzunean asmoa da zu desagertzea, eta publikoak kontatzen duzun hori irudikatzea. Orduan, kontalaria proiektore moduko bat da; umilagoa, nire ustez.

Musikak zer eskaintzen die ipuin erotikoei?

Guretzat, garrantzi handia du. Musika beste hizkuntza bat da, eta atmosferak ematen dizkio kontakizunari, edo hitzez adierazi ezin diren sentsazio batzuk. Kasu batzuetan, gertakizunak ere musikaren esku daude.

Jendearen erantzuna ona izan da?

Oso ona. Adibidez, nire herrian, Beltzuntzen, ipuin erotikoak kontatu nituen, eta emakumeadindu asko etorri ziren. Hazten ikusi zaituen 80 urteko emakumearekin erotismoaz hitz egitea oso polita da. Ate bat irekitzearen sentsazioa nuen.

Zer osagai behar dira ipuin erotiko bat kontatzeko?

Gogoa esango nuke. Zerbait kontatzeko gogoa baduzu, nola edo hala moldatzen zara. Gu geu hainbat gai jorratzen saiatzen gara, eta nik uste dut sentikortasuna ere behar dela. Hitz egiten dugu harreman afektibo-sexualez, hilekoaz, mugez, gorputz ezberdinez...

Zuk asmatzen dituzu ipuinak?

Nik asmatu nituen; eta ideia batzuk beste ipuin batzuetatik hartu nituen. Adibidez, 16 urte nituenean San Frantzisko liburutegian ez zidaten utzi Relatos eróticos indígenas liburua hartzen. Orduan, hartzeko gogo handiagoa izan nuen. Horren hasiera hartu nuen ipuin baterako. Errepresio txiki batetik ipuin bat atera zen.

Ipuinak alde batera utzita, zer moduzko esperientzia izan da antzezlana idaztea?

Asko-asko gozatu dut horrekin. Antzezlanean esan ohi da hitz guztiak ekintzak direla; beti hitz egiten da zerbait lortzeko, ekintza dramatikoak aurrera egiteko. Argi izan behar duzu pertsonaia bakoitzak bere helburuei jarraitu behar diela sutsuki; beraz, barne gatazka bat transkribatzea bezala da. Bakardade prozesu bat da, baina ahots asko entzuten dituzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.