Egitaraua leporaino beteta dago gaurkoan ere, Ermuan (Bizkaia). Denetako ekitaldiak izango dituzte gaur. Eguerdian bertan, herri kirolen ikuskizuna jarraitzeko tartea izango da Orbe Kardinalaren plazan, eta, gainera, izen handiko kirolariak arituko dira.
Harri-jasotzaileek zabalduko dute ikuskizuna. Iñaki Perurena eta Joseba Ostolazak izango dute jasoaldiak egiteko ardura. Jarraian, aizkolarien txanda izango da, eta Bihurri eta Zelai II. lehiatuko dira. Zelailuzek iparraldeko jokoen nondik norakoak ikusteko aukera ere eskainiko du. Amaitzeko, gaztetxoek hartuko dute lekukoa, gazteen arteko lehiaketa horretan lehiatuko dira Zelai III.a, Zelai IV.a, Bihurri II.a eta Ureta, besteak beste. Argi dago herri kirolen ikuskizuna borobila izango dela.
Arratsaldean ere punta-puntako kirolariak gertutik ikusteko aukera izango dute ermuarrek, baina, kasu honetan, agertokia Aritzmendi pilotalekua izango da. Profesionalen arteko esku pilota partidak jokatuko dituzte han. Hasteko, Mendizabal III.a eta Larrinaga Jaka eta Rezustaren aurka arituko dira, eta, hori amaitzean, bigarren partida bat jokatuko dute. Irujok eta Zabaletak eta Ezkurdiak eta Zubietak osatutako bikoteen arteko norgehiagoka jasoko du. Ermuko pilota taldeak antolatu ditu partidak. «Ermuko Udalaren diru laguntzari eta Aspek emandako erraztasunei esker izan da posible partidak antolatzea», adierazi du Iñaki Arrizabalagak, Ermuko Pilota Taldeko zuzendariak. «Pilota gustuko dugun guztiontzat, garrantzi handia dute santixau jaietako esku pilota partidek; herriko jaien egitarauko parte bat dira», erantsi du.
Duela astebete hasi ziren partidetako sarrerak saltzen. Harmailetakoen prezioa 25 eurokoa da. Kantxan ere aulkiak ipiniko dituzte, lau ilaratan. Lehenengo ilarako sarrerak 25 euroko prezioa dute; atzeko hiruretakoak, berriz, 20. «Goiko sarrerak oso ondo ari dira saltzen, eta azken unean ere asko salduko direla uste dugu. Frontoirako ohitura handirik ez duen jendea ere etorri ohi da jaietan; egun bakarra da, eta festetako ezinbesteko ekitaldi gisa ikusten dute».
Eguna ekitaldiz josita igaroko dute, beraz, Ermuara biltzen direnek, eta gauez ere, beste horrenbeste. Beste behin, Beti Txarto taldeak antolatutako Rock Jaialdia egingo dute Valdespinako Markesaren parkean, 22:00etan. Zuzenean arituko dira Neurotic Hell, Skakeitan, Rock & Road eta Red Blaze taldeak.
San Pelaioko plazan ere, izango da zerekin gozatua. Zornotzako Markeliñe antzerki taldeak Anomalias magneticas kale ikuskizuna eskainiko du, 20:30ean.
Bihar, Gazte eguna
Ermuko gazte asanbladak antolatutako Gazte eguna ospatuko dute bihar, Santa Anako txosnagunean. Goizean hasi eta gaua ondo sartu arteko egitaraua prestatu dute. 11:30erako hasiko da jaia, txikientzat, batez ere. Haurrentzako jolasak antolatu dituzte hasteko. 14:30ean, herri bazkaria egingo dute, eta jarraian, karaokearekin eta bingoarekin dibertitzeko parada izango dute parte hartzaileek.
Arratsaldean ere, hainbat ekitaldi izango dituzte. Lehenik eta behin, Andrabanda feministaren txanda izango da, 17:00etan. Gero, 18:00etan, olinpiadak egingo dituzte. Gauean, berriz, hainbat taldek zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzte, txosnagunean bertan, herriko gazteen gozamenerako.
Jaiak. Santixauak Ermuan
Profesionalak, herriko pilotalekua betetzen
Profesionalen arteko esku pilota partidak jokatuko dira gaur, Ermuko Aritzmendi pilotalekuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu