Kontsumoak dakarren glamourra eta horren itzalak ezagutu ditu Brenda Chavezek (Madril, 1974). Cosmopolitan eta Vogue aldizkarietan lanean ibili ondoren, egungo kontsumo ereduak dakartzan ondorioak salatzen ditu orain. Carro de Combate kontsumoa ikertzen duen taldeko kide da, eta kontsumoaren inguruko bi liburu kaleratu ditu. Gasteizko Errekaleor auzoan izan ziren agroekologia jardunaldietan parte hartu zuen, atzo.
Kontsumo mugagabera bultzatzen duten enpresa handietan lan egin duzu. Orain, berriz, kontsumo arduratsuaren alde ari zara.
Enpresa horietan erantzukizun handiko postuak nituen, eta iragarle askorekin lan egin behar izaten nuen. Gehiegikeria ugari ikusten hasi nintzen, hasieran kasualitatez: sozialak, ekonomikoak, politikoak, ingurumenari lotutakoak... Multinazionalek esaten zidaten gauza anekdotikoak zirela; baina konturatzen hasi nintzen kontu sistematiko bat zela. Eta ni neu hasi nintzen gehiegikeria horien bila. Pixkanaka, masiboki kontsumitzeari utzi nion, eta bestelako aukerak bilatzen hasi nintzen. Gehiegikerien eta horiek saihesteko alternatiben inguruko informazioak gainezka egin zidan, eta liburu bat ateratzeko beharra ikusi nuen. Beraz, nire lana utzi, eta ikertzeari ekin nion.
Nola kontsumitzen da gaur egun?
Merkataritza gune handietan kontsumitzeko joera daukagu, eta horrek aberastasuna gutxiago banatzea dakar. Bi eredu dauzkagu, oso ezberdinak: eredu jasangarria eta konbentzionala. Guk aukeratu dezakegu gure dirua eta kontsumoa non jarri.
Hala ere, askotan esan ohi da produktu jasangarriak kontsumitzea pribilegio bat dela. Egoera prekario batean dagoen familia batekegin dezake?
Horrelako egoera batean dagoen familia batek nahikoa dauka kontsumitzeko ahalmena izatearekin. Hor arazoa da produktu jasangarriak guztiontzako eskuragarriak izan beharko liratekeela. Familia horiek elikagai merkeenak erosiko dituzte, pestizida, herbizida eta antibiotikoez gainezka daudenak. Osasuntsujatea pribilegio bat bihurtzen da, eskubide bat izan beharko litzatekeenean. Hala ere, kontsumo arduratsu bat egiten duzunean, beste gauza askotan aurrezten duzu: gasolinan, arropan...
Esango zenuke, azken finean, ez dela hain garestia?
Nik modu ez-jasangarri batean kontsumitzen nuenean neukan aurrekontu bera daukat orain. Antolakuntzan dago gakoa.
Zer ondorio dauzka ohiko kontsumo eredu batean oinarrituta kontsumitzeak?
Azken 40 urteetan garatu den politika ekonomiko neoliberalaren ondorioz, gizarte eta ingurumen larrialdi batean gaude. Urtero, 1,7 planeta adina baliabide kontsumitzen ari gara. Hau da, Lurrak berriztatzeko daukan gaitasunaren gainetik kontsumitzen eta ekoizten dugu. 2030. urtean, bi Lur planeta izango dira, eta 2050. urtean, hiru. Ditugun ingurumen arazoek zein arazo sozialek zerikusi zuzena dute gure ekoizpen ereduarekin.
Batzuetan, badirudi kontsumitzaileek soilik dutela errua. Horrela da edo egiturazko arazo bat da?
Norbanakook ez dakigu produktuak eta zerbitzuak nola ekoizten diren; besteak beste, informazio hori ezkutatzen digutelako. Baina guztiz makurra den eredu kapitalista neoliberal batera heldu gara, eta, egunero gosaltzen dugun kafearen edo janzten dugun kamisetaren atzean, giza tragediak, animalien aurkako indarkeria eta ingurumenaren aurkako kalteak daude. Nahasmena sortzen duten dinamika gaiztoak sortzen dira, eta badirudi kontsumitzaileok daukagula errua. Baina hemen gu gara inozenteenak.
ATZEKOZ AURRERA. Brenda Chavez. Kazetaria eta ikertzailea
«Produktuak nola ekoizten diren ezkutatzen digute»
Kontsumo arduratsuaren garrantziaz ohartarazi nahi du Chavezek. Egungo ekoizpen eta kontsumo ereduak kalte handiak sortzen dituela dio; ingurumenean ez ezik, baita arlo sozialean eta ekonomikoan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu