Hasieran hala izanen zela uste ez bazuen ere, proiektu handi baten sortzailea da June Arrieta (Donostia, 1995): Zocco Handmade. Indiako eta Marokoko emakumeekin egiten du lan, produktuak eskuz sortzen eta zabaltzen. Aurtengo Gira Mujeres emakume ekintzaileen programan finalista izan da Arrieta.
Euskal Herrian ekoizten duzue produkturik?
Ez. Gure produktuak Marokon eta Indian egiten dira. Beste kolaborazio batzuekin, Ekuatore Gineara ere iritsi gara, baina ez gure proiektuarekin.
Zer egiten du Zoccok?
Batetik, zailtasunak dituzten emakumeei laguntza ematen diegu: enpleguaren bidez eta heziketaren bidez. Laguntza handia ematen diote elkarri, batzuk benetan baitaude egoera larrian. Emozionalki lan handia egiten da Zoccon.
Bi zatitan banatzen da gure proiektua: tailerra eta eskola. Eskolan, zenbait diziplinatan trebatzen dira, eta, gero, tailerrean, poltsak, motxilak eta halakoak fabrikatzen ditugu material naturalarekin. Bestetik, pertsonak konektatzen-edo ahalegintzen gara; humanizazioa deitzen diogu horri. Zocco bakoitzarekin, etiketatxo bat jasotzen dugu etxean, egilearen istorioa kontatzen duena, eta, hala, produktu bakoitzarekin ezagutu egiten da atzean dagoen emakumea: nongoa den, zein amets dauzkan, zer egitea gustatzen zaion... Gero, harekin harremanetan jartzeko aukera ere ematen dugu; askok zoriontzeko edo eskerrak emateko erabiltzen dute. Elkarrizketa txikiak egiten dira. Azkenik, kontsumitzaile kontzientzia garatu nahi dugu, erosketa erabakiekin gauzak benetan aldatu daitezkeelako.
Emakume bakoitzaren aurpegiak erakusten dituzue webgunean.
Bai, hori da. Sekulako garrantzia du aurpegia jartzeak. Errealitatea erakusteko modu bat da, eta, gainera, balioa ematen zaio eurek egin duten lanari. Hurbiltasuna ematen digu horrek.
Nola sortu zen Zocco?
Duela bederatzi urte poltsak egiten hasi nintzen unibertsitateko lagun batekin, 2014an. Marokora joan ginen, eta, hara joanda, harrituta geratu nintzen: ez nuen emakumerik ikusten. Handik gutxira, berriz joan ginen hilabete oso batez, eta elkarte askotan izan ginen benetan ulertzeko nolakoa zen hango emakumeen egoera eta rola. Ikusi genuen han zerbait egin genezakeela euren ekonomia propioa izan zezaten. Gaur egun, 30 emakumek lortu dute ekonomia propioa.
Eta indiara, nolatan?
2016an Indiara joan ginen, eta gauza bertsua egin. Slum [txabola auzo] batera joan ginen, eta, hango egoera ezagutu ondotik, enpresa soziala sortu genuen, 2017an. Hortik aurrera bakarrik aritu nintzen, eta eskola eta tailerrak bideratzen hasi nintzen.
Zoccoren talde motorra hiru kidek osatzen duzue: Marokoko koordinatzaileak, Indiakoak eta zuk. Nola egiten da lan halakoetan?
Normalean joan-etorrian aritzen naiz, baina astero egiten ditugu bilerak dei bidez. Proiektua, dena den, eten egin behar izan genuen COVIDaren garaian. Gero, kosta egin zitzaigun arrankatzea, eta orain ari gara pixkanaka 2019ko erritmo horretara iristen. Datorren urtean berrikuntzak egingo ditugu, eta indarra emango diogu berriz.
Denda fisikorik badu Zoccok?
Ez daukagu dena propiorik; bai, ordea, kolaborazioak Donostiako eta Bilboko beste denda batzuetan. Gainerakoan, online aritzen gara.
Gira Mujeres programaren finalista izan zinen.
Oso esperientzia ederra izan zen; batez ere, kontaktuak eta harremanak egiteko. Trebakuntza saioak egin genituen, eta asko ikasi nuen, energia pila bat hartu nuen gainerako parte hartzaileengandik. Hango kideek babes handia eman zidaten, eta hori oso aberasgarria izan zen. Ez nuen irabazi, baina gustura aritu nintzen. Epaileekin, gainera, harremana egin dut, eta proiektua laguntzen ari dira orain.
LOTSABAKO
Gehien erabiltzen duzuen lan egiteko tresna?
Ehungailua.Lortutako erronka bat?
Ausardia eta elkarlana.Lortu nahi zenukeen erronka bat?
Frankizia soziala.