ATZEKOZ AURRERA. Nerea Erbiti. Musikaria

«Primi Erostarbe oso beltza da niretzat»

Erroetatik ari dira Erbiti eta Eskola Ergatiboa, baina neosoula dute lanabes. Inprobisazioaren bidez ikasten duela dio, eta bide horretatik berezko tradizio bat bilatzen ari da bere kideekin batera.

Iker Tubia.
Orkoien
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Musika eskolak ematen dituen gelan azaldu ditu Nerea Erbitik (Leitza, Nafarroa, 1980) bere musika proiektuen nondik norakoak. Bihar, Nerea Erbiti eta Eskola Ergatiboa ariko dira Iruñean, Sanduzelaiko Civivoxean, 19:30ean. Urtarrijazz jaialdiko lehena izanen da.

Eskola Ergatiboa ez da eskola bat, ezta?

Ez, orain hasi dugun proiektua da, produkzio lana egiteko, elkarrekin lan egiteko. Zentro bat da. Ion Celestino eta bion eskola AAHM da.

Ergatiboa zergatik? Berezkoa delako?

Subjektuari k jartzen zaio ekintza egiten duenean. Latineko ergos, egiten duena da. Horregatik jarri genion. Eta ikasketa bat delako.

Jarraitzen duzu tradizio propio bat bilatzen?

Bai, bidean gaude. Lurpekariak taldearekin egin genuen hasiera. Lurpekariak inprobisazio free musika izan zen batez ere; orain gauza elektronikoak egitera sartu gara. Ion MPCarekin aritzen da. Galdera bat egiten dugu: nolakoa izango litzateke gure tradizioa musika beltzean pasatu den bezala garatu izan balitz? Musika beltzean gauza oso esperimentalak egiten dira, baina haien tradizioa aditzen da. Euskaldunek horrelako musika berritzailea egiteko hartu ohi dugu haien hizkuntza. Guk gure hizkuntzan egin nahi genuen, gure erroekin.

Hori nola egin duzue?

Zuzenean hartu ditugu erro horiek, eta horiekin, gaur egun ikasi dugunera: jazz, neosoul...

Euskal tradizioak badu jazzetik?

Jazzaren ezaugarri nagusia, esan dezagun, inprobisazioa da, eta elkarrekin jolastea. Euskal musikak badauka jazza: Mikel Laboa jazza da. Txalapartan ere inprobisazioa dago: bi pertsonaren artekoa da, momentukoa, eta jolas bat. Artzainen ahotsa, askotan, oso inprobisatua da. Baina, estiloan, bi mundu dira.

Zerk batzen ditu Primi Erostarbe eta J Dilla?

Deusek ere ez, eta denak. Bi pertsona dira, eta bakoitzak bere baliabideak ditu; beren inguruan eta momentuan egin behar zutena egin zuten. Biak elkartuta, badago lotura bat. Primi Erostarbe niretzat oso beltza da. Beltza izatea da oso zuria izatea.

Eta scata eta irrintzia?

Scata ingelesez da, eta irrintzia euskaraz. Irrintzian batzuetan hitz egiten da, eta bada inprobisazioa: hitzak edo silabak, afinazioa, azkarrago edo mantsoago modulatzea...

Scata euskaraz egin liteke?

Egin daiteke, eta horretan gabiltza. Scata jazzetik heldu den gauza bat da, oso silabikoa. Euskal inprobisazioak agian ez du hain silabikoa izan behar. Hainbat saiakera egin ditugu: scata hartu, eta euskarazko silabak jarri. Baina hori nahiko arraroa da, ez? Pixkanaka. Azken finean, euskaraz inprobisatzea da kontua.

Antzinako eta etorkizuneko abeslaria omen zara. Atzera begira zoaz aurrera? Edo alderantziz?

Atzera begira badago ahotsean zerbait oso euskalduna dena: abesteko era, afinazio ez tenperatua... Baina, gero, bada zerbait oso modernoa, eta ezin diogu uko egin: musika beltza, bere eboluzio guztiarekin. Beraz, uste dut aurrera noala.

Afinazioak asko harritzen du?

Bai. Galdetzen digute zergatik desafinatzen dugun. Nahita ari gara horrela. Afinazioa eta denbora. Herriko erara abesten denean esaldiak ez daude neurtuta egungo lau konpaseko esaldiak bezala, eta ez zegoen tresna harmonikorik. Saiatu gara erro horiekin oso fidelak izaten.

Lurpekariekin baino urrats bat harago eginen duzue. Noraino?

Hemen, gehiago nahastu dugu Dilla, baseak... Pianoa ere badago, eta hori harmonikoa da, tenperatua. Pianoak bi mundu horiek kontrajartzen ditu. Afinazio ez tenperatuak talka egiten du pianoarekin. Dena esperimentu bat izaten ari da.

Bilatu eta bilatu, zer aurkitzen duzue inprobisazioan?

Inprobisatzea, nolabait ere, hitz egitea da. Musikan inprobisazioak askoz ere askatasun gehiago ematen dizu. Asko bilatu behar duzu zer inprobisatu izateko. Ikasketa bat da.

Biharkoa zer izanen da?

Luzerako proiektua da; gure bilaketarekin segituko dugu, baina aurreneko esperimentua izango da. Izango dira dantzak, jauziak, ariketak, inprobisazioak, melodiak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.