«Gauza asko naiz, baina ez dakit zer naizen», esan du, zalantzati, Gurutze Arregik (Altsasu, Nafarroa, 1951). Ordea, argi du emakumea dela, eta zaharra: emakume zahar bat. Garraiolaria ofizioz, familia ezkertiar batean jaio zen, eta Altsasuko Gure Etxea eraikinean hasi zuen ibilbide militantea. Egun, Emakume Internazionalistak kolektiboan dabil buru eta bihotz, baita pentsiodunen aldeko borrokan eta Sakanako eta Nafarroako osasun publikoaren aldeko plataformetan ere. «Inoiz ez bakarrik, beti taldean».
Gazte-gaztea zinelarik hasi zinen militatzen.
Bai. Bueno, hasieran egiten genuenari ezin zaio militantzia deitu. Altsasuko Gure Etxea eraikinean biltzen hasi ginen herriko gazte batzuk, 1970ean edo. Ez genuen inolako talde edo antolakunde eredurik, eta kanpokoek egiten zutena imitatzen hasi ginen: mendira joateko irteerak antolatu, dantzariak, txistulariak...
Frankismoaren azken urteetan izan zen hori...
Bai. Orduan piztu zitzaidan kontzientzia politikoa. Gure Etxean aritzen ginen garaian izan ziren Burgosko [Espainia] epaiketak: nik 22 urte nituen orduan, eta auzi horren aurkako protestak antolatzen hasi ginen. Hor hasi zen nire ibilbide politikoa nolabait. Etxarri Aranazko [Nafarroa] Ufesa enpresako istiluak ere orduan izan ziren, eta hara joaten ginen langileen alde egitera. Testuinguru horretan hasi zen herriko militantzia. Oso aberatsa izan zen hori: gazteak ginen, eta pentsatzen genuen dena aldatuko genuela... baina gauzak okertuz joan ziren, eta kide batzuk kaleratuak ere izan ginen.
«Milaka bide ditu feminismoak; denon artean osatzen ari garen zuhaitz bat da»
Zergatik?
Aisialdiko ekintzak egiten genituen oro har, baina gero nork bere bidea hartu zuen, eta argi ikusten zen bakoitzaren asmoak zein ziren. Hasieran, denok ginen mendizaleak edo dena delakoa, baina gero gure arteko desadostasunak hasi ziren...
Eta gero, zer?
LCn [Liga Comunista] hasi nintzen militatzen, eta LKIn [Liga Komunista Iraultzailea] jarraitu nuen ondoren. Bizitza osoa egon naiz LKIn; 1979an zinegotzia izan nintzen Altsasuko Udalean. Gure kabuz aurkeztu ginen, LKI ez baitzen Herri Batasunaren parte.
Pozik aritu zinen?
Oso aberasgarria izan zen. Asko gustatu zitzaidan udalean aritzea; lan handia izan zen, baina sekulako ilusioa genuen. Gazteak ginen, dena genuen egiteko... Ordu andana eman genituen bertan, baina eskola ona izan zen niretzat. Esanen nuke gaur egun ez dela gauza bera.
«Emakumeak taldean joaten ginen kintoen kafeetara, ez baikinen ausartzen bakarrik joatera»
Zergatik?
Instituzionalizatuagoa dagoela esanen nuke. Dena dago markaturik: planak, burokrazia... Orduan ere ezer gutxi egin genezakeen, baina ilusio handia genuen.
Ilusioa galdu da, beraz?
Baietz esanen nuke; hori bai, orain udalean daudenek ilusio handia izanen dutela zalantzarik ez dut, baina desberdina da.
Nondik datorkizu militatzeko grina hori?
Ba, hasten zara, eta... ez dakit. Asko hausnartu izan dut beti, eta horrek bide batzuetatik eraman nau. Hori bai, beti taldean; taldearen beharra ezinbestekoa dut, dela feminismoan, dela edozein militantzia esparrutan. Bakarrik ez naiz inor, ez nintzateke sekula ezer izanen.
Eta beti Joakina Zubiria alboan duzularik.
Bai, bereizezinak gara. Batera borrokatu izan gara, beti. Konplizitate handia dugu; ez dakit berak behar ote nauen, baina nik bera bai, ezinbestean.
Etxeko giroak eraginik izan zuen zugan?
Bai, baliteke. Gurasoak ezkertiarrak ziren, baina besterik ez; ezin dut esan ama feminista zenik, ezkertiarra bai, baina deus gehiago ez.
«Zaila zen feminista zinela esatea: irainak ere jasotzen genituen»
Eta familiaz besteko inguruak?
Haurtzaroan beti ibiltzen nintzen kalean, auzoko jendearekin. Garrantzi handia izan zuten niretako; talde bat ginen.
Euskara ere ikasi zenuen.
Bai, 17 urte nituenean hasi nintzen. Urdiaingo [Nafarroa] David Martxueta maisuak ematen zizkigun klaseak, gauez eta arratsaldez. Oso gustura ibili ginen, eta asko ikasi genuen.
Hainbat herrialdetan izan zara tokian tokiko errealitatea ezagutzen; Nikaraguan, kasurako.
Bai, iraultza sandinista hasi eta hiru urtera joan nintzen, 1982an, Komite Internazionalistak antolakundearekin. Iraultzaren alde lan egitera joan ginen, brigadei sostengua eman eta bertako etxaldeetan laguntzera. Iraultzaileekin biltzen ginen, eta haien asmoak eta planteamenduak kontatzen zizkiguten, gero guk ikasitakoa internazionalizatzeko. Palestinara ere joan ginen.
Noiz?
Duela 30 bat urte. Hango errealitatea ezagutzera joan ginen; han ez genuen lanik egin. Gogoan dut mugak igarotzeko arazoak izaten genituela... tira, hamaika buruhauste izan genituen, Golkoko gerra piztu baitzen orduan.
Noiz hasi zinen feminismoan militatzen?
78an-edo izanen zen, Euskal Herrian asanblada feministak sortzen hasi zirenean. Nafarroakoa 1978an sortu zen, eta bertan aritu ginen batzuk. Herrietan ere sortzen hasi ziren taldeak, eta Sakanako ia guztietan zegoen halako bat.
Zer eskatzen zenuten orduan?
Dibortzioa, antisorgailuak, abortua... dena zen ilegala. Ekintza asko egiten genituen protesta gisa; orduan errazagoa zen antolatzea, noski. Egun, ñabardura asko daude, bai feminismoan eta bai bestelako borroketan, eta zaila da zerbaitekiko batasuna lortzea; lehen, ez zegoen halakorik: halabeharrez batzen ginen. Talde indartsuak ziren orduan, heldu zein gazte... denetarik. Emakumeak guregana etortzen ziren laguntza bila, abortatzeko eta. Dirua ere jasotzen genuen abortatu nahi zuten emakumeei laguntzeko. Bizirautea zen. Orduan sortu ziren Andraize eta COFES osasun sexualerako arreta zentroak Iruñean. Lortu genuen Altsasura COFES bat ekartzea; gero Etxarri Aranatzera mugitu zuten.
«Emakumeak guregana etortzen ziren laguntza bila, abortatzeko eta»
Nolakoa zen feminista izatea garai hartako Altsasun?
Gogorra izaten zen. Orduan zaila zen feminista zinela esatea. Irainak ere jasotzen genituen. Emakume batek tratu txarrak jasotzen zituela jakiten genuenean, kartelak jartzen genituen, erasotzailearen izenarekin... Orain hori ezin da egin: nola aldatu diren gauzak...
Zer-nolako ekintzak egiten zenituzten?
Nork bere burua erruduntzat jo, esaterako. Basauriko 11k kasuak entzute handia izan zuen, iraultza bat izan zen hura. Prozesu luzea izan zen, ia hamar urtekoa, eta orotariko ekintzak egiten genituen. Auzipetuak babestearren egiten genituen autoinkulpazioak: epaitegira joaten ginen, guk ere abortatu genuela esanez edota abortu bat egiten lagundu genuela esanez. Intsumisoekin ere halakoak egiten genituen.
Santa Ageda ospakizunean berdintasuna lortzeko borroka izan da Altsasuko feminismoaren bataila esanguratsuenetako bat.
Bai. 18 urte betetzen dituzten kintoek —orain 19— dirua eskatzen dute Santa Ageda egunean, ondorengo bost egunetan egiten dituzten bazkari, afari eta parrandak ordaintzeko. Egun horietan, Altsasuko zortzikoa dantzatzen dute arratsaldero herriko plazan. Duela oso gutxi arte, gizonek bakarrik har zezaketen parte. Asko kostatu zitzaigun berdintasuna lortzea. Guk oso argi genuen neskek ere parte hartu behar zutela, eta lan mardula egin dugu urte askoan.
Liburu bat ere ondu zenuten: Gonbidatuak izatetik protagonistak izatera. Neska kintoak Santageda festetan. Altsasu 1963-2013 (2014).
Bai, Altsasuko Bilgune Feministako kideek egin genuen. Bertan, berdintasuna lortu bidean izandako mugarriak azaltzen ditugu.
50 urteko prozesua... erraz esaten da.
Ibilbide luzea izan zen, egia esan. 1962an, lehen aldiz gonbidatu zituzten emakume kintoak kafe batera. Hurrengo urtean, kalejiran parte hartzen utzi zieten. Baina 1985eko urtea izan zen mugarririk garrantzitsuena, kinta intsumiso batzuek erabateko berdintasuna aldarrikatu zutenean. Mespretxu handia jasan zuten, ordea. Hamaika bilera egin zituzten, eta bazirudien kinta hartako mutilak ados zeudela, baina eguna iritsi zenean guztiek ezetz esan zuten, bakar batek izan ezik. Kolpe latza izan zen, eta talde hartako hainbat neskak urteroko bazkarian parte hartzeari uko egin zioten geroztik, protesta gisa. Urteak pasatu ahala, eskubide gehiago lortu zituzten, harik eta 2005ean bi emakume kintek zortzikoa dantzatzea erabaki zuten arte, aldekoen eta aurkakoen oihu artean. 2008an ia denek dantzatu zuten, baita dirua eskatu ere, bakoitzak bere aldetik egin bazuen ere, eta emakumeek sekulakoak entzun behar izan zituzten. 2013an elkarrekin eskatu zuten dirua, urteetako diskriminazioarekin amaituta.
«Bakarrik ez naiz inor, ez nintzateke sekula ezer izanen»
1991n, Emakumea, Festa eta Tradizioa jardunaldiak egin zenituzten.
Bai, emakumeok festetan eta tradizioetan izan dugun papera aztertu genuen. Dolores Juliano antropologoa eta erreferente feminista izan zen bertan, besteak beste. Eztabaidak ere sortu ziren herriko gizon askojakin batzuekin.
Erabateko berdintasuna lortu da?
Bai, baina badira gauzatxoak. Entzun dudanez, neskaren bat dantzatzen denean, mutil gutxiago ikusten dira plazan; alderantziz denean, ordea, neska guztiak egoten dira.
Nolakoa izan zen zure Santa Ageda?
1970ean egin nuen. Oraindik dantzatu ez, baina kaferen batera-edo gonbidatu gintuzten. Emakumeak taldean joaten ginen kafe horietara, ez baikinen ausartzen bakarrik joatera, noski. Gero gustura egoten ginen, baina orain perspektibaz ikusirik...
Pribilegioak mantendu nahi izatea dago diskriminazio horren atzean?
Bai, guztiz. Pribilegioak mantentzeko aitzakia gisa erabiltzen dira tradizioak. Gogoan dut nola asaldatzen ziren gizonak proposatzen genuenean dirua banatu behar zela. Halakoa izaten da pribilegioen asuntoa... Jendea ez da jabetzen horren atzean zer dagoen.
Nola ikusten duzu egungo transfeminismoaren egoera?
Ba, bueno... Altsasun garai bateko talde horiek desagertu ziren. Sakanan, egun, hiru talde gaude, bakoitza bere egitekoekin, baina gauza gutxi egiten ditugu elkarrekin: Martxoaren 8a, Azaroaren 25a eta greba feministak.
2023ko greba feminista orokorra mugarri garrantzitsua izan da Euskal Herriko feminismoarendako. Imajinatu zenuen halakorik militatzen hasi zinenean?
Inondik inora ere ez. Gizarteak ikusi du eskatzen duguna logikoa dela, ona dela. Orain edozeinek egin du bere bizitzak erdigunean leloa, baina guk jarri genuen aldarri hori mahai gainean. Grebak oso aberasgarriak dira.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Geroz eta jende gehiago izanen da feminista. Mugimendu askotarikoa da, eta hala izango da aurrerantzean ere, geroz eta gehiago. Egun, milaka bide ditu feminismoak; denon artean osatzen ari garen zuhaitz bat da.