Euskalerria Irratiko esataria

Miren Mindegia: «Pribilegioa izan da Seminario etxeko balkoitik txupinazoa ikustea»

Euskalerria Irratiko esatari Miren Mindegiak lehenengo aldia du sanferminen berri bertatik bertara ematen. 'Sanfermintza' zuzeneko saio berezia ematen du irratiak egunero, 12:00etatik 14:00etara, Iruñeko Zaldi Zuriaren Ostatutik: «Oso toki goxoa da».

Miren Mindegia kazetaria, Euskalerria Irratiak Iruñeko Zaldi Zuriaren ostatuan prestatu duen set-ean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Miren Mindegia kazetaria, Euskalerria Irratiak Iruñeko Zaldi Zuriaren ostatuan prestatu duen set-ean. IDOIA ZABALETA / FOKU
inaki rubio
Iruñea
2024ko uztailaren 10a
05:00
Entzun

Ahotsak apur bat arduratzen badu ere, parrandan atera aterako dela dio Miren Mindegia kazetariak (Baztan, Nafarroa, 1985). Iragan irailean egin zuen paperetik uhinetarako saltoa, eta etapa berria hasi zuen Euskalerria Irratian. Aurten, lehendabizikoz ari da sanferminen berri bertatik bertara ematen, irratiak egunero 12:00etatik 14:00etara Iruñeko Zaldi Zuriaren Ostatutik egiten duen Sanfermintza saio berezian. Suziria ere ikusi ahal izan zuen, kazetariak lanean aritzen diren Udaletxe plazako Seminario etxeko balkoitik.

Nolakoa da Seminario etxeko balkoitik txupinazoa ikustea?

Pribilegioa izan da. Lehenengo aldiz ikusi dut suziria bertatik; kalean den emozio guztia anplifikaturik iristen da, eta oilo larrua jarri zitzaidan. Atzendu zitzaidan lanean nenbilela.

Nola bizi dituzte kazetariek une horiek?

Bada giroa [barrez]. Tentsio pixka bat ere nabari da, urduritasun handiko unea baita. 

Kaleko konexioak ere egin zenituen suziria bota baino lehen. 

Bai, Euskalerria Irratian saiatzen gara kalean egoten; sanferminak kalean egiten dira, kalean gertatzen dira.

Nola bizi ditu baztandar batek Iruñeko sanferminak?

Uztaila ez da batere osasungarria nire gibelarentzat [barrez]; sanferminak bukatu eta berehala dator Baztandarren Biltzarra, eta Elizondoko [Nafarroa] bestak ondotik...

Anitz aldatu dira sanferminak azken urteetan?

Bai, zalantzarik gabe. Emakume gisa bizi izan ditut sanferminak, eta horrek bazekarren mezu argi bat erraten ez zena: kasu emakumea bazara. Gauza anitz aldatu dira ordutik, baina asko dago egiteko oraindik. 

Sanferminek pisu gehigarri bat dakarte, beraz, emakumeendako.

Bai, eta oso barneraturik dugu hori. Txupinazoan, esaterako, udal plazak jarraitzen du izaten eremu guztiz maskulinizatua; emakumeak oraindik ez gara eroso sentitzen halako tokietan. 

Sanfermintza saio berezia prestatu duzue Euskalerria Irratian, sanferminak bertatik bertara kontatzeko.

Zaldi Zuriaren Ostatutik egiten dugu zuzenekoa, egunero 12:00etatik 14:00etara, eta kaleko konexioekin osatzen dugu emanaldia. Oso toki goxoa da zuzeneko programazioa egiteko; bertatik pasatzen dira gonbidatu guztiak, eta giro erlaxatuan egiten ditugu elkarrizketak, aperitiboa hartu bitartean. Sanferminak bizitzeko beste modu bat ere bada. Saio honekin zera nahi dugu, sanferminak euskaratik eta euskaraz kontatu. 

Iragan irailean hasi zinen Euskalerria Irratian lanean, egunkari batean aritu ostean. Aise egokitu zara?

Aldaketa handia izan da, erritmo aldetik oso desberdinak baitira biak ala biak. Irratia oso bizia da, unean unekoa, eta anitz gustatzen zait. Dena den, kolaboratzaile gisa aritu izan naiz lehenago Euskalerria Irratian, sekzio txiki batean. Egia erran, etxean bezala aritzea da; harrera ezin hobea egin didate; badirudi bizi guztia daramadala bertan lanean. 

Zertaz hitz egiten zenuen sekzio horretan?

Ikus-entzunezkoez, ikuspegi feminista ardatz izanik: zineman emakumeok dugun errepresentazioaz aritzen nintzen, emakumeak nola irudikatzen gaituzten bertan.

Sanferminak irudikatzen dituen film gogokorik baduzu?

Ba, ez dut askorik ezagutzen... 2016ko talde bortxaketaren ingurukoak argitzen dituen No estás sola dokumentala aipatuko nuke.

Paperean edo uhinetan zabiltza erosoago?

Anitz gustuko ditut biak, baina irratiak duen emozioa eta bat-batekotasuna ezin dira ordeztu, beraz... bihotza erdibiturik daukat, baina irratian erosoago.

Sanferminetarako abestien top zerrenda osatu zuten txupinazoaren zuzeneko emisioan Reyes Ilintxetak eta Juan Kruz Lakastak. Zein lirateke zure hirurak?

La Txamaren Guadalupe, J Martinaren Esku Burdin eta Monte del Osoren eta Gorka Urbizuren Suzko Bola.

Zer plan duzu datozen egunotarako?

Saiatuko naiz lana eta besta uztartzen, ez baita erraza bien arteko oreka topatzea... Ahotsa zaindu beharra dago. Kontzertuetara ere joanen naiz; anitz gustatzen zait aurtengo egitarau ofiziala, baita peñena eta jaigunekoa ere.

Kontzertu onenak non daude?

Konpainia plazan. Zoragarria da eskaintza. 

LOTSABAKO

Kilikiak edo erraldoiak?
Kilikiak.

Bertsoak edo jotak?
Bertsoak.

Jarauta edo Nabarreria?
Jarauta.

Gerriko gorria?Aurten bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.