Loreto Errasti. Txupinera

«Pribilegiatuak gara, Aste Nagusian horrela ibiltzeko aukera dugulako»

Bilbo
2014ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Neke aurpegia nabari zaio, begiak pixka bat gorri ditu, eta ahotsa galtzen ari dela dio. Baina ezin du irribarrea ahotik kendu. Asier Garcia pregoilariaren alboan doa gorriz jantzita, soinean daramanaz harro. Gaurkoan bera sentitzen ari den bizipen berberak sentitutako beste hainbat ditu alboan. Txupinera lanetan aritzeko hautatu zuen Piztiak konpartsak,eta nola eskertu ere ez dakiela errepikatzen du pozarren.

Txupinera eguna da gaurkoa. Polita izango da hainbeste traje gorri elkarrekin ikustea.

Urte luzez jaia martxan dagoenaren seinale. Eta gu pribilegiatuak, Aste Nagusian horrela ibiltzeko aukera izateagatik. Jai hauek sortu zituztenei, konpartsei esker. Gaurko eguna oso berezia da, elkarrekin bakoitzak bizi izandakoa oroitu eta trukatzen dugulako txupinera guztiek.

Zein asmo duzue gaurko?

Txori Barrote konpartsara joango gara bazkaltzera, iazko txupineraren konpartsara. Bazkalostean,alde batetik bestera, jaiaz gozatuko dugu. Egia esan, egin beharrekoaren zerrenda ez dakit non daukadan.Beraz, momentuaz gozatu, eta gero gerokoa.

Eta nola doa astea?

Oso ondo, zoragarri. Pregoilaria eta biok gogotsu gabiltza oraindik, eta egun batzuk geratzen zaizkigu aurretik. Sentsazio arraroa da. Ez dakit ziur zenbat egun igaro diren. Baina, batetik, ematen du bide luzea daramagula; bestetik, berriz, badoa astea aurrera, eta ez daukat hau guzti hau amaitzeko gogorik.

Normalean, gautxori ibili zarela esan zenuen. Aurten, egunez ere ibili zara Aste Nagusian?

Txandakatuz. Gauez lo egin dut egunen batean. Baina beste batzuetan ezinezkoa da gau giroari uko egitea. Hala, nekagarria egiten da. Goizean goiz esnatzen naiz, eta, begira, ahots gabe geratzen hasia naiz jada. Baina merezi du, zalantzarik gabe. Oso desberdina eta polita da. Hemendik aurrerako hautua egina dut; egunez eta gauez gozatuko ditut jaiak.

Momentu hunkigarri asko izango zenituen.

Bai, benetan. Lehen eguna izugarria izan zen. Urduri eta pozik nengoen suziria bota orduko. Eta unea heldu zenean, ez dago hitzik bizi izandako hori ongi azaltzeko. Lehen egunean, etxera iritsi eta ezin lorik egin nengoen. Bihotzaren taupadak ziztu bizian nituen, emozioz gainezka, eta asko kosta zitzaidan lo hartzea.

Nolakoa izan da Jendearen erantzuna? Nola hartu zaituzte kalean?

Maitasuna jaso dugu, egunero eta une oro. Jende kuriosoa ere etortzen da guregana galderak egitera. Baina, gehienbat, agurtzera etortzen zaigu jendea. Lehenengo argazki bat, bi eta hiru; besarkadak. Oso maitatua sentiarazten zaituzte. Keinu horiekin, nahiz eta nekatuta egon, ezinezkoa da irribarrea aurpegitik kentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.