Egun Ozazeko (Zuberoa) auzapeza da Maite Etxeberria (Miarritze, Lapurdi, 1956), baina, auzapeza izateaz gain, beste hainbat kasketa jantzi ditu bere bizian: Donapaleuko (Nafarroa Beherea) ikastolako irakaslea, Gurutze Gorriko laguntzailea eta OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiko kidea da, besteak beste. Bi aldiz preso izan da; bertan presoen tratamendu txarren lekuko izan ondoren, presoen eskubideen alde borrokatzea erabaki zuen.
Nola definituko zenuke zeure burua?
Emazte libre bat, euskalduna, ezker abertzalea, eta gizarte gaiez anitz interesatzen dena.
Egun, Zuberoan bizi zara, baina jatorriz ez zara zuberotarra. Non handitu zinen, eta nolakoa izan zen zure haurtzaroa?
Egun Zuberoan bizi naiz, bai, nire haurren aita zuberotarra baitzen, baina, Miarritzen sortua eta Arrangoitzen [Lapurdi] hazia naiz. Aita lapurtarra nuen, eta ama baztandarra. Ene haurtzaroa oso uros oroitzen dut. Aberasgarria izan zen; haurtzaro euskalduna eta abertzalea izan nuen. Aita politikoa zen biziki, eta harengandik anitz ikasi nuen. Euskalkien aldetik ere denetarik entzuten nuen.
Beraz, garai hartan hasi zinen iritzi politiko bat sortzen?
Bai. Etxean beti aipatzen zen presoen egoera, iheslariena, Burgosko auzia eta abar. Xantza ukan nuen: ama elbetearra izanki [Nafarroa], oporrak han pasatzen genituen, eta giroa arrunt desberdina zen; ttipidanik egoeraz ohartzen nintzen, Guardia Zibilarekin-eta. Manifestaldietara ere joaten ginen; oroitzen dut Tarnosen [Okzitania] egin zen Francoren aurkakoa. Eta geroago, heldu izaten hasten nintzelarik, zuzenean Euskal Herri osoko iheslariekin harremanetan sartzen hasi nintzen. Seaskan ere sartu nintzen, irakasle gisa, eta hori ere urrats politikoa da. Gaztedanik izpiritua garatzen hasi nintzen, eta denborarekin elikatzera joan zen.
Ikasketa labur batzuk egin ondotik, beraz, Seaskan irakasle bilakatu zinen.
Kontabilitate ikasketak egin nituen bi urtez. Egun batez, antzerkiko lagun batek proposatu zidan Seaskara sartzea, eta sobera pentsatu gabe sartu nintzen; hala bilakatu nintzen andereño. Baina, berantago, andereño izateko irizpideak aldatu zituzten, lege batzuk aldatu ziren, eta irakasle konkurtsoa pasatzeko lizentzia bat behar zen; alta, nik ez nuen. Beraz, euskara ikasketak hasi nituen, Baionako fakultatean. Xantza bat izan zen, jakitatearen ateak ireki zizkidalako. Bertan, historia, geografia, linguistika eta abar lantzen genuen, Axular bezalako idazleen obrak irakurtzen genituen... Frantseseko klaseak ere bagenituen, eta beste maila batekoa zen; zaila egiten zitzaidan frantsesez irakurtzea, ez bainintzen usatua. Kontuan hartu behar da garai hartan jadanik haurrak genituela.
Seaskan lan egitea bizipen aberasgarria izan zen?
Bai! Ez nuen sekula pentsatu irakasle bilakatuko nintzenik, nahiz eta jadanik klaseak eman nituen gau eskoletan. Seaskak hainbat gauza ekarri zizkigun nire belaunaldikoei. Ikastaro eta praktika anitz egiten genituen, bereziki Hegoaldean. Euskal ikasketak egin aitzin, Oñatin [Gipuzkoa] egonaldi trinko bat egin nuen euskaraz alfabetatzeko. Egonaldiaren hastapenean aski harrigarria egin zitzaidan aditz, deklinabide eta arau berri guziak kolpez ikustea. Baina joko bat balitz bezala hartu nuen, eta bukaeran uros eta harro nintzen. Seaskak horrelako esperientziak bizitzeko parada eskaini zigun.
Zure gaztaroko garaiak mugimendu azkarrez beteak ziren. Nola oroitzen dituzu?
Oroitzen dut garai hartan esperantzaz beteak ginela, dena egitekoa zen, eta gu prest ginen hori eramateko. Gauza anitz bazen sortzeko, garatzeko edo egituratzeko. Ez genituen orenak kontatzen! Eztabaida momentu handia zen; ez ginen ados gure artean; ideia desberdin anitz bazen. Eztabaida horiek mamitzen eta elikatzen dute pentsamolde bat. Baziren gaitzeko mugimenduak Ipar zein Hego Euskal Herrian. Iheslarien mundua ere ezagutu nuen, eta iheslari guziekin egoten nintzen; ETA militarrekoekin, espainol errepublikanoekin, anarkistekin, Iparretarrakoekin... Abertzalea naiz, baina denekin egoten nintzen; argi nuen etsaia non zen: ez zen gure artean, parean baizik. Frantses edo espainol Polizia, adibidez. Hiru hizkuntza jakinda, parada nuen edonor ezagutzeko.
«Garai hartan esperantzaz beteak ginen, dena egitekoa zen, eta gu prest ginen hori eramateko»
1981ean, preso sartu zintuzten lehen aldikoz.
Bi aldiz sartu ninduten preso, 1981ean eta 1988an. Lehen aldian, Hor Dago taldeko kide izateagatik atxilotu ninduten, eta Pariserat eraman. Baina [François] Mitterranden Amnistia Legeari esker atera nintzen, auzirik gabe. Zazpi urte berantago, 1988an, berriz atxilotua izan nintzen, Iparretarrak taldeari lotua. Berdin, aldi horretan ere, auzirik gabe atera nintzen, lau hilabete eskasen ondotik.
Bi aldiz preso, baina sekula epaitua izan gabe. Zortea ukan zenuela uste duzu?
Ez, ez dut xantza gisa hartzen, pentsatzen baitut presondegia instituzio biziki gogorra eta bortitza dela.
Zergatik?
Beti oroituko naiz: nire lehen atxiloketaren lehen egunean, osoki biluzteko agindua ukan genuen, zaindarien begiraden parean. Horren ondotik, dutxa bat harrarazi ziguten, beti zaindariak guri so. 24 urte nituen, bortxaketa baten gisan bizitu nuen. Lehen eguna aipatzen dut, baina noiznahi biluztera behartzen gintuzten. Baina denborarekin kusku bat sortzea lortu nuen neure burua babesteko: «Ez naute suntsituko! Burua xut, eta jo aitzina», erraten nion neure buruari. Eta, azkenean, erabaki nuen haien bortizkeria arma gisa erabiliko nuela; adibidez, hilekoak nituelarik eta biluztu behar ginelarik, nire odolez betea zen kulota zaindarien eskuetan pausatzen nien. Haien zentzugabekeria aurpegirat igortzen nien.
Gizonen eta emazteen artean desberdintasunik nabaritu zenuen?
Bai, lehen egunetik ohartu nintzen horretaz. 1988an, adibidez, egin zidaten lehen galdera izan zen ea haurrik nuenetz. Eta horri buruzko komentarioak egin zizkidaten: «Ohartzen zara haur hori bakarrik uzten duzula?». Gizonei ez zaizkie horrelako galderak pausatzen. Gainera, garai hartan ene haurren aitarekin ber betan preso ginen, eta nik haurrak ikusteko eskubidea nuen; berak ez. Desberdintasun hori adierazgarria da gizarteak emazteari zer leku eman nahi dion ikusteko: gu, emazteak, haurrak egiteko eta haurrez okupatzeko eginak gara, besterik ez. Zeldetan ere ezberdintasunak baziren: gizonek tresna gehiago zuten; elikadura mailan ere gizonek kalitate hobeko produktuak zituzten; aktibitateen aldetik ere gizonek kirol aktibitateak zituzten, eta guk yoga edo joste tailerrak... Dirudunen eta pobreen artean ere alimaleko desberdintasuna bazen.
Izaniko bizipenen ondorioz, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokian sartu zinen.
Presondegiaren sistema perbertsoa eta gaiztoa da, eta jendeari maila guztietan sufriarazten dio. Pentsatzen dut presondegia ez dela izan behar. Iritzi eztabaidagarria dela badakit; anitzetan erraten didate: «Bortxatzaileak eta hiltzaileak preso sartu behar dira!». Gaizkileak bai, gizartetik urrundu behar ditugu, aparte eman behar dira, baina ez presondegian gaur egun pentsatua den bezala; horrek ez du deus konpontzen. Gidabaimenik gabe gidatu duen pertsona bat lau hilabetez preso sartzeak zer konponduko du? Ateratzen denean, zer? Emaztea jotzen duen gizon bat preso sartzeak zer hobetuko du ez bada ohartzen egin duenaz?
«Gaizkileak gizartetik urrundu behar ditugu, aparte ezarri behar dira, baina ez presondegian gaur egun pentsatua den bezala; horrek ez du deus konpontzen»
Presondegia ez dela aterabidea diozu. Zer dira plantan ezartzen ahalko liratekeen alternatibak?
Egun, alternatiba batzuk plantan ezarriak dira: eskumuturrekoa, adibidez. Baina jendarteko esparru guzietan bezala, diruak du manatzen. Zigor alternatibo hori lortzeko, dirua, lanbide bat eta etxebizitza segurtatu bat behar dira... Dena heziketatik abiatzen da. Jendea hezi behar da, bai bortizkeria saihesteko, baina baita biktimek argi ukan dezaten ere biktimak direla; gaizkileak anitz aipatzen dira, biktimak ez aski. Biktimek argi ukan behar dute noiz biktimak diren eta zer egin behar duten, eta jasaten dutena ez dela onargarria. Elkarrizketak sortu behar dira, biktimen eta gaizkileen artekoak. Mila manera badira beste gizarte bati buruz joateko.
Zehazki zer da zure lana Presondegien Nazioarteko Behatokian?
OIP Frantzia mailako elkartea da, eta ni Baionako taldean aritzen naiz. Hainbat gauza egiten ditugu: presoen familiei paperak bidaltzen dizkiegu laguntza eskaintzeko edo galderei erantzuteko. Saiatzen gara presondegi barnean zer gertatzen den jakiten, eta, ez bada onargarria, Parisera bidaliko dugun agiri bat idatziko dugu. Urtean behin edo bi aldiz gaualdiak ere antolatzen ditugu, jendea informatzeko.
Politika munduan ere aspalditik murgildua zara. Nola irudikatzen duzu etorkizuna?
Etorkizunak pixka bat kezkatzen nau. Euskaldunok indarra galtzen ari garela iruditzen zait. Egun, ez da gehiago erraten abertzaleak garela, ez da gehiago entzuten. Ez dakit zergatik ez den gehiago erraten. Gaztea nintzelarik, euskaldunak ginela erakusten genuen, denetan Euskal Herriko ikurrak genituen: ikurrinak ateratzen genituen, lepo inguruan, leihoetan, giltzetan zintzilik... Hori galtzen ari da. Ene ustez, hori gertatzen ari da burura sarrarazten digutelako euskaldunak hetsiak eta baztertzaileak garela; beraz, nahi izan dugu ireki eta jende guzia onartu, ikus dezaten zabalak garela eta ez dugula nehor botatzen; salbu eta gure aurka aritzen direnak ere onartu ditugula. Prest gara denak onartzeko, parean errespetatzen bagaituzte euskaldun gisa; euskaldun erraten dudalarik hizkuntzaren aldetik da, baina nortasunaren eta ezaugarrien aldetik, gure ezaugarriak ere errespetatu behar baitituzte. Eta horrek ondorioak izan ditu politikan, baita jendartean ere. Joan den astean, adibidez, dantza ikusgarri bati buruz hau entzun nuen: «Haien artean egon nahi badute, ni ez naiz joanen; honela, nahi duten moduan haien artean egoten ahalko dira!».
«Prest gara denak onartzeko, parean errespetatzen bagaituzte euskaldun gisa; 'euskaldun' erraten dudalarik hizkuntzaren aldetik da, baina nortasunaren eta ezaugarrien aldetik, gure ezaugarriak ere errespetatu behar dituzte»
2014tik Ozazeko auzapeza zara. Zerk eraman zintuen kargu hori hartzera?
Ez nuen nik hautatu. 2014 aitzin, kontseilari nintzen, eta urte hartan Ozazeko auzapezak kargua utzi zuen; segidari pentsatu behar genuen. Kontseilariek auzapeza izateko pertsona aproposa nintzela pentsatu zuten, ez dakit zuzen zergatik; beharbada, besteek nigan ikusten ez dudan gauza bat ikusten dute [barrez].
Ozaze ehun biztanletik behera duen herri ttipia da. Zer da zure eguneroko lana?
Biziki zaila da; ez du iduri, baina hala da. Herri ttipi batean denetarik egin behar da, ez baitugu langilerik. Goiz honetan, adibidez, bide baten eta etxe baten arteko distantzia neurtu behar genuen, errepidean marra bat tindatzeko. Horrelako lan ttipi anitz ditugu; eguneroko gauzak. Politika maila ere aski zaila da kudeatzea, ideia eta ideologia desberdinen artean adostu behar baitugu.
Erretreta hartu zenuenetik, segitzen duzu eskuin eta ezker. Ez zara aspertzen, ezta?
OIPn segitzen dut, eta Baionako Maurice Ravel kontserbatorioko zuzendariordea ere banaiz. Gurutze Gorrian sorospen klaseak ere ematen ditut. Ez naiz aspertzen.