Osasuna. Elikadura

Presio eltzea, janariak denbora gutxian prestatzeko

Frantzian asmatu zuten XVII. mendean presio eltzea, janariak denbora gutxian prestatzeko metodo berritzaile gisa, baina XX. mendera arte ez zen merkaturatua izan.

Arantza Lorenzo.
2013ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Presio eltzeen ekoizleek hainbat modelo eta aukera eskaintzen dituzte gaur egun: balbula biratzailea duen betikoa; kirtenean edo tapan balbula dutenak; eta azkenaldiko eltze super lasterrak, janarien kalitate hobea lortu eta denbora oraindik laburragoan prestatzen dutenak. Gainera gasezko sukaldera, elektrikora, bitrozeramikara eta indukziozkora egokitzen da. Bestalde, ontzi garbigailuan ere garbitu daiteke.

Funtzionamendua:

Presio eltzea ontzi hermetiko bat da eta gehiengo presio jakin baten azpitik ez du aire edo likidorik irteten uzten. Barneko presioak tenperatura 100 gradutik gora igotzea eragiten du; hori dela eta, janariak lapiko tradizionalean baino 3-4 aldiz azkarrago egiten dira, eta horrela, denbora eta energia aurrezten da. Lapikoaren barruan presio jakin bat lortzen denean, balbulak lurruna askatzen du, modu horretara presioari eutsiz eta janaria egostea azkartuz. Merkatuan dauden berrienek beste balbula bat ere izan ohi dute, normalean duten balbulak funtzionatu ezean ezer gertatu ez dadin.

Gainera, eltze hauetan janariak modu azkar eta errazean prestatzen dira ia urik gabe, janariak beren zuku edo uretan egiten direlako. Eta ikerketek erakutsi dute janarien propietate nutritiboak hobeto mantentzen direla tenperatura altuetan denbora laburrez, tenperatura baxuagoan denbora luzez baino. Eltze tradizionaletan, aldiz, ur gehiago eta denbora gehiago behar izaten da, eta modu horretara, janarien zenbait gatz mineral eta bitamina egosteko uretara pasatzen dira: sodioa eta potasioa, besteak beste.

Aholkuak:

Presio eltzea sukaldaritzako teknikarik egokienetakoa izan daiteke, betiere ongi erabilita eta denborak ongi kontrolatuta. Denboran pasatzen bagara, ez ditugu presioaren abantailak aprobetxatzen, eta janariek balio nutritiboa galtzeaz gain, energia-denbora ez dugu behar adina aurrezten. Garrantzitsua da erne egotea, presioak eskaintzen dizkigun abantailak behar bezala aprobetxatzeko; beraz, hona hemen argi eduki beharrekoak:

Eltzeak eduki beharreko gutxieneko ur kopurua bere edukiaren laurdena da, eta gehienekoa edukiaren 2/3 da.

Puztu edo aparra sortzen duten janariak prestatzeko garaian, lekaleak orokorrean (garbantzuak besteak beste), egokiena eltzea gehienez erdiraino betetzea da, balbula trabatu ez dadin.

Garrantzitsua da eltzea ipintzen dugun sua bere diametro berdinekoa edo txikiagoa izatea. Hobe da janariak ur justuarekin sartzea, eta ura irakiten hasten denean botatzea, barazkiak batez ere. Behin eltzeak bere gehiengopresioa lortu duenean, sua jaitsi.

Sukaldea elektrikoa, bitrozeramika edo indukziozkoa baldin bada, itzali eta denbora batez beroa ematen jarraitzen duenez, egostea amaitu baino minutu batzuk lehenago itzali plaka; modu horretara, janaria hobeto kontserbatuko da, eta energia aurreztuko dugu.

Ez ireki eltzea presioa duen bitartean. Bestalde, ez da komeni ere ur hotzetan hoztea. Eltzea hobeto zainduko dugu hozteko bere denbora ematen badiogu. Eltzea ireki aurretik presiorik ez duela ziurtatu beharko da.

Ekoizlearen gomendioak ongi irakurri eta beti jarraitu.

Abantailak:

Denbora aurreztea: Janariak egosteko denbora lapiko tradizionalarekin alderatuta, 3-4 aldiz laburragoa da.

Energia aurreztea: Janariak egosteko denbora gutxiago behar duenez, gasa edo elektrizitatearen erdiarekin nahikoa izan ohi da.

Janarien propietate nutritiboak hobeto mantentzen dira: Egosteko ur eta denbora gutxiago behar dutelako. Modu horretara, egositako uretara pasatu ohi diren bitaminak (C eta B taldea) eta gatz mineralak (potasioa, magnesioa...) ez dira galtzen.

Zapore eta usainak hobeto mantentzen dira: Ur gutxi erabiltzean, janariak bere zukuan egiten dira, eta presio eltzea hermetikoa denez, zapore eta usainak ez dira galtzen, eta plater zaporetsuagoak lortzen dira.

Janarien kolorea kontserbatzen da: Ur gutxiago erabiltzeagatik.

Garbitasuna: Hermetikoa denez, salda, saltsa eta horrelakoen zipriztinak saihesten dira, sukaldea gutxiago zikinduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.