ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Martiarena 'Mattin'. Marrazkilaria

«Presentzia galtzen ari da karikatura»

Euskal kulturan eta feminismoan nabarmendu diren 119 pertsonaiari euren 'Aurpegrafia' egin die Mattinek: liburuaren izena da, karikaturari egindako aitortza da, eta grafikoaren bidez euskarari egindako ekarpena.

ENEKOITZ TELLERIA SARRIEGI.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Karpeta berde batean dakartza goxo bilduta su txikian egindako aurpegrafiak: karikaturari egindako aitortza horiek, ahalduntze grafiko horiek, bazterreko pertsonaia askori zuri-beltzez egindako trazu samur horiek. Iñaki Martiarena Otxotorena Mattin-ek (Donostia, 1967) ondu duen liburua da Aurpegrafiak. Durangoko Azokan ikusiko du argia, Zortziko argitaletxeak ekarria.

Zer da aurpegrafia bat?

Etxean su txikian prestatutako jaki bat, ez daukana egunerokoaren abiadura edo bizitasun hori.

Baina karikatura ez da besteari burla egitea?

Badauka fama txarra, bai. Eta lehen zuen presentzia galtzen ari da leku guztietan. Horri erantzun bat emateko bururatu zitzaidan proiektu hau egitea. Helburuetako bat, hain zuzen, hori da: karikaturari ematea leku bat, ahalduntze grafiko bat.

Balioa galdu duelako?

Alor artistikoaren eta kazetaritzaren arteko hibrido bat da, nik hala bizi dut, behinik behin. Ospea galduta dago. Horregatik aipatzen dut ahalduntzea, eta horregatik diot kazetaritza grafikoa dela: hibrido hori da aurpegrafia.

Zertarako?

Transmisio lan bat egiteko. Ikusten dudalako badagoela ondare ez-materialaren galera bat, eta bazegoela behar bat ondare hori transmititzeko. Herri honetako pertsonaia aitzindariak edo bidegileak direnak erakusteko. Euskaldunon iruditeriari egindako ekarpen bat ere bada, horretan ere galera bat gertatzen ari delako. Dramatiko jarri gabe, baina egitasmo hezitzaileetan-eta banabilenez, ondare horren galera ikusten dut. Eta liburu honen helburua atxikimendu baikor edo positibo bat lortzea litzateke.

Nola?

Ondare horri ordena bat jarri diot. 119 pertsonaia dira, kultur mundukoak gehienak, feminismoan aritu direnak... eta umorea ere beti presente dago: baikortasuna eta bizitzaren alde egitea.

Nolako trazuak dituzte aurpegrafia horiek?

Zuriak eta beltzak kolorez, paperean eta eskuz eginak lehenik, sukaldean, eta gero tabletara pasatutakoak, marra gutxirekin. Kritikoek esango dute joan den mendeko grafika bat dutela, ez dagoelako degradaturik, ez dago ordenagailurik... Eskua dago, keinuzko grafika da.

Badu aurpegrafia bakoitzak bere testuingurua ere?

Pertsonek izena eta abizena dute. Izena litzateke irudia eta abizena litzateke jarduna. Ikerketa lan bat egin dut pertsonaiak aukeratzen, euren biografiak aztertzen, egokitasuna... Batzuk bazterrekoak dira. Zeren gure ekosistema honetan, badaude hainbat pertsonaia bazterrekoak, eta horiek gurera ekarri ditut. Gure ekosistemaren aberastasuna da. Kontraesana dirudien arren, euskarari grafika bat erantsi diot. Grafikak ere ekarpena egiten dio euskarari.

Kontraesana?

Kontraesana diot irudiak ez daukalakoa hitzik, baina iruditeria bat sortzen da horrela, eta uste dut hori dela nire lekua, gaztetan egiten nuena, eta orain ere horretan nabil.

Zortziko argitaletxearekin aterako duzu liburua.

Aspaldi daukat harremana Christian Velez editorearekin. Hain zuzen, Zortziko ere bada bazterreko argitaletxe bat, Donibane Lohizunen dagoena, eta kultura bisuala atsegin duena. Asko gustatu zitzaien lana, hasieratik. Indar handia dauka, zeren balio dezake euskararen munduarekin lehen kontaktu bat izateko.

119 dira. Etorriko dira gehiago?

[Barrez] Zoritxarrez, tiraderan gelditu dira asko. Ez da izan urgentziaz egindako lan bat. Egia da urgentziazko lanean oso trebatua naizela, eskarmentu handia dudala, eta badela nire dohain bat, baina hau ez da horietakoa izan. Asko gelditu dira argitaratu gabe, eta ari naiz horien grafikari beste buelta bat ematen, grabatuarekin [erakutsi egin ditu irudi berriak, karpetatik aterata]; beraz, proiektua ez dago itxita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.