Artikutzako (Goizueta, Nafarroa) eta Vezinseko (Normandia, Frantzia) urtegiak nola hustu dituzten kontatzeko, Urak aske dokumentala zuzendu du Bego Zubiak (Arrasate, Gipuzkoa, 1965). Elhuyar fundazioak egin du dokumentala, Pixel ekoiztetxearekin elkarlanean, eta Presak kendu, ibaiak berreskuratu hartu dute lelotzat. Gaur aurkeztuko dute, 19:45ean, Donostiako Trueba zineman.
Zergatik egin duzue Artikutzako presa husteko lanak azaltzeko dokumental bat?
Artikutzan bazegoen urtegi handi bat, hainbat hamarkadatan ez zena erabiltzen. Nahiz eta erabili ez, ordea, urtegiek betebehar batzuk dituzte; besteak beste, segurtasunekoak. Oinarrizko lan batzuk egiten ez zirenez, Uraren Konfederazioak Donostiako Udalari agindu zion mantentze lan horiek egiteko. Azkenean, hango ingurune teknikariekin batera, hustea erabaki zuten, eta guk hustuketa prozesu hori nola izan den eta zergatik hustu den erakutsi dugu.
Eta zer lotura du Vezinseko kasuarekin?
Artikutzako presa husten ari ziren une berean bota dute Vezinsekoa. Erakutsi nahi izan dugu Artikutzakoa ez dela kasu bakarra. Normandian hustu egin dute, eta horma bota; baina, oraingoz, Artikutzakoa hustu egin dute soilik, eta ez dago erabakita zer egin paretarekin. Artikutza mendi artean dagoen eta hazi berri den errekatxo bat da; bestea, berriz, ibai handi bat. Nolabait konparatu nahi izan dugu zergatik hustu eta kendu diren, testuinguruan jarriz.
Hustuketaren ondorioa bera izan da bi kasuetan: naturaren leheneratzea.
Europako Uraren Zuzentarauakesaten du presak funtziorik gabe geratzen direnean leheneratu egin behar direla ibaien ibilguak. Helburua beti da ibaiaren konektibitatea berreskuratzea, pareta bat egiteak erreketan edo ibaietan ondorio batzuk dituelako, errekarako eta inguruan bizi diren bizidunentzat.
Zeintzuk?
Inguruko fauna oztopatzen dute, arrainak migratzaileak direlako. Pareta jartzen baduzu, ezin dira mugitu, eta bakartu egiten dituzte arrain populazioak. Errekek eramaten dituzten sedimentuak ere geldiarazi egiten dituzte, eta arazo handiak eragin ditzakete. Gainera, urtegietatik metanoa isurtzen dela ere ikusi dute zientzialariek.
Hortik dator Urak aske izenburua?
Bai, mezua da pertsonok egiten ditugun ekintza guztiek dutela ondorio bat. Presak kentzeak zein uzteak sortzen ditu ondorioak. Guk ura ikusten dugu, eta iruditzen zaigu ingurumenaren aldetik ez daukala eraginik, baina ez da hala. Gaur egun gauden krisi klimatikoan zer-nolako gauzak egin beharko liratekeen azaltzen du, aukerak azaltzen ditu.
Zergatik piztu dute kasuok hainbeste zientzialariren interesa?
Zientzialariak hustuketa nola egin behar den aztertzen aritu dira. Izan ere, presa bat kentzeak baditu arrisku batzuk ere, inguruko paretei eusten dielako, eta kentzerakoan paretak erortzeko arriskua dagoelako. Frantzian poliki-poliki kendu dute, baina azkar samar hustu; Artikutzan, berriz, husten bakarrik urte eta erdi inguru pasatu dute. Zientzialariek esan dute horrek on egin duela, urteetan pilatutako lohiei eutsi egin zaielako, ez direlako mugitu.
Zer aukera daude Artikutzan aurrera begira?
Tunel bat irekitzea pentsatu zuten, edo, bestela, erreten bat. Horrelako zerbait egin nahi dute errekaren erabateko konektibitatea berreskuratzeko. Izan ere, Artikutzako ingurua baso bat da, eta makineria pisutsuarekin presa botatzen hasiz gero, on baino kalte handiagoa egiteko arriskua dago.
ATZEKOZ AURRERA. Bego Zubia. 'Urak aske' dokumentaleko zuzendaria
«Presak kentzeak zein bertan uzteak sortzen ditu ondorioak»
Urtegiak husteak ibaien konektibitatea leheneratzen laguntzen duela azaldu dute dokumentalean. Zubiak uste du bide emango duela erabaki bakoitzak ingurumenean dituen ondorioez hausnartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu