Bilboko Aste Nagusiaren 40. urteurrenean pregoilari berezia izan dute Bizkaiko hiriburuko jaiek. Festa herrikoien sorrera sustatu zuenetako batek, Zorion Egileor (Mundaka, Bizkaia, 1942) irrati esatari eta aktoreak jantzi du aurten bederatzi egunez jaka horia eta kapela beltza. Ezustekoz hartu zuen konpartsen erabakia, baina adierazi du astea amets batean murgilduta igaro duela. Nekea nabari bazaio ere, une guztiak ilusio berarekin bizi ditu, azken unera arte: goizean goiz prentsan argitaratutako albisteak irakurtzetik lehiaketa gastronomikoetan sariak banatzera.
Noizbait imajinatu al zenuen Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria izango zinela?
Inola ere ez. «Ni jadanik pregoilaria izan naiz», erantzun nien Bilboko Konpartsen Federaziotik deitu nindutenean. 1998. urtean omenaldi bat egin nahi izan zidaten Aste Nagusian. Baina antzerki-itzuli batean nengoen, eta bi egunetan soilik etorri nintzen Bilbora, eta, egun horietan pregoilariaren jantzia jarri zidaten. Pregoilaria izana nintzen, edo hori uste nuen.
Nola jaso zenuen albistea?
Telefonoa eskegi nuenean, neure buruari galdetu nion zergatik eman nuen baiezkoa, eta damutu ere egin nintzen. Ez nuen neure burua bederatzi egunez atzera eta aurrera gelditu gabe ikusten. Baina barrenean poz galanta nuen, ego ikaragarria. Halaber, inguruko jendeak asko animatu ninduen. Hainbeste urteren ostean, nitaz gomutatu izana asko eskertzen diet.
Emozioari ezin eutsita atera zinen Arriagako balkoira.
Oso urduri nengoen, ume baten modura. Balkoira irten eta plazan hainbeste jende niri begira ikusteak, zirrara eragin zidan. Era berean, pregoia irakurtzen bukatu nuenean, bake galanta sentitu nuen barrenean.
Nola joan da astea?
Ederto. Ez nuen sekula pentsatuko hain ondo eramango nuenik. Amets baten nagoela dirudi. Makina bat gauza egiten dugu egun osoan; eta, gauean, ohean sartzean, eguneko errepasoa egitea gustatzen zait. Saioa [Dominguez, txupinera] eta ni oso ondo zainduta gaude une oro. Herritar gisa ikusi gabe nituen hainbat ekitaldi ikusteko aukera izan dugu; horri esker, konturatu naiz asko direla ezagutzen ez nituen ekitaldiak.
Zein ekitaldi edo momentu nabarmenduko zenuke?
Zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta gauza txikiei estimu handiagoa izaten zaie. Horregatik, tiragoma txapelketa eta igel txapelketa ekintzak gustatzen zaizkit niri gehien. Horrez gain, eguerdiero, Areatzan lehiaketa gastronomikoko sariak banatzen ditugun bitartean, atzean udal banda entzuteak ilusioa egiten dit. Bestalde, txosnak ere ederrak iruditzen zaizkit. Gure garaian ez ziren hain ikusgarriak. Halaber, egitaraua oso aberatsa iruditzen zait, alor eta adin guztientzat prestatua baitago.
Hasiera hartan, ideia zoro hura bultzatzean, espero al zenuten 40 urte geroago hartu duen tamaina hartzea?
Inondik inora ere ez. Ez nik, ez beste inork. Irrati bidez deialdi xumea zabaldu genuenean, kalejira bat egitea zen asmoa, eta hiria ia kolapsatu ere egin zen. Hala ere, egia da tamaina horretako zerbait urte hauetan guztietan egin den lanarekin mantentzen dela bizirik. Konpartsek urte guztian egiten duten lana ikaragarria da.
Zertan aldatu da Aste Nagusia urte hauetan guztietan? Jai eredua indartsu al dago?
Jai eredua hasieran baino garbiagoa da, jendea zibilizatuagoa da,eta horrek asko laguntzen du. Bestalde, politizazio gutxiago dago. Eredua zehaztuta dago, eta zaindari asko ditu inguruan.
Nola ikusten duzu Aste Nagusia urte batzuk barru?
Gazteak animoso, piztuta, ikusten ditut, eta gauza gehiago egiteko gogoz.
Eta zuk nola biziko duzu?
Ikusten eta entzuten. Eta aurpegian irribarre handi batekin, jai hauetan ekarpen pertsonal garrantzitsua eginagatik.
Sortzaile, pregoilari, herritar... Aste Nagusia bizitzeko erarik gelditzen al zaizu?
Gazteagoa banintz, orain egiten dudan bezala 23:00etan etxera joan ordez, gauaz gozatzea gustatuko litzaidake.
Azken urteotan hainbat aktoreizan zarete pregoilari. Lotuta al doaz?
Ez pentsa. Antzerkian pertsonaia bat antzezten duzunean zuzendari bat duzu, eta beste bat gehiago zara. Baina pregoilari lanetan bakar-bakarrik zaude, eta norbere burua pertsonaia bihurtzea eta hori antzeztea ez da batere erraza. Era berean, iritzia ematea ere ez da hain erraza. Baina harro egoteko modukoa da aktoreok azken urteotan Bilboko Aste Nagusian izan dugun garrantzia.
Lankideen gomendiorik jaso al duzu?
Bai, asko. Aste osorako gomendioak eman dizkidate bai Patxok [Telleria] eta bai Gurutzek [Beitia]: zein bide hartu behar ditudan, zerekin izan behar dudan kontua.
Bukaerara iristen ari da Aste Nagusia. Prestatu al duzu bukaerako pregoia?
Zerbait esan behar al dut? Inork ez dit ezer esan oraindik. Hala ere, esan behar dena esango dugu.
Irudimena aipatu zenuen jai hasierako pregoian. Ba al du irudimenik Bilbok?
Antza, bai, baina beti eduki daiteke gehiago. Irudimenarekin jokatu behar da, eta, ideia bat izan beharrean lau baditugu, askoz hobe. Bakarra hartu zein laurekin batera joka daiteke, konbinazioak sortuz.
Festak ganoraz eta zentzuz igarotzeko eskatu zenien herritarrei. Baina lehenengo egunetikeraso sexistek festak belztu dituzte.
Hala da. Egun bakarra igarota, kontzentrazioa egin genuen aurreko gauean gertatutakoa salatzeko, eta asko arduratu nintzen.Ordu gutxi gelditzen dira; espero dut ordu lasaiak izatea, eta ezer larririk ez gertatzea.
Bilboko Aste Nagusia. Zorion Egileor. Pregoilaria
«Pregoilaria izana nintzen»
Aste Nagusiaren sortzaileetako bat izan arren, 40 urte igarota festen beste ikuspuntu batzuk ezagutu dituela aitortu du Egileorrek. Jai eredua ondo finkatuta dagoela iruditzen zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu