Marijaiaren mezulariak. 2011. Kirmen Uribe

«Pregoilari kapela janztea superheroi antzeko bat izatea da»

Bilboko jaietatik «giroa» du idazle ondarroarrak gogokoena, eta horretan bete-betean murgildu zen iaz, pregoilari lanetan. Txosnetako barraren gainean ere dantza egin zuen.

Kirmen Uribe, Arriagako balkoian, pregoia irakurri eta txupina jaurtitzeko unean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Iazkoarekin alderatuta, aurtengo Aste Nagusia oso modu desberdinean biziko du Kirmen Uribe idazleak. Izan ere, 2011n pregoilari lanetan igaro zituen jaiak: aurreko urteetan Bilboren izena mundu osoan hedatu zuen Bilbao-New York-Bilbao liburuarekin, etapregoia irakurtzeko ohorea eskaini zioten konpartsek. «Altxa Porruko Urkok deitu zidan ezustean, aspaldiko lagunak, nire izena proposatu zutela abisatzeko», gogora ekarri du Uribek. Hasiera batean, ezezkoa eman zion proposamenari. «Ez neukan gogo handirik; momentu txar bat pasatu nuen, lagun handi bat galdu nuelako».

Hala ere, azkenean, onartu egin zuen pregoilari izatea, eta aitortu du jaietan bizitako esperientziak «minak gainditzen» lagundu ziola. Behin erantzukizuna hartuta, pregoiaren testua prestatzeko garaia iritsi zitzaion idazleari. Horretarako, Gabriel Arestiren Egun da Santimamiña poema hartu zuen oinarritzat. «Pentsatu nuen: 'idazle izateagatik eman didate saria; ba, jende guztiak parte hartzeko moduko pregoi bat egingo dut, eta, gainera, idazle tankerakoa'. Horregatik inspiratu nintzen Arestiren kopletan».Pregoian, orduan bolo-bolo zebiltzan gaiak jorratu zituen. Hala, bakearen eta bizikidetzaren aldeko aldarria lau haizeetara zabaldu zuen, eta Kukutza gaztetxea babestera deitu zituen bilbotarrak —husteko mehatxupean zegoen Kukutza—. Horrez gain, euskalgintzaren alde eta eraso sexisten kontra agertu zen Uribe.

Arriagako balkoira igotzeko unean «beldurra» sentitu zuela azaldu du. «Momenturik hunkigarriena izan zen. Milaka pertsona daude, eta ez zure zain. Marijaiaren zain daude!». Pregoia parte hartzailea izatea zen idazlearen helburua, eta Aste Nagusian konturatu zen lortutako arrakastaz. «Jendeak pregoia kantatzen zuen kalejiretan. Oso polita izan zen». Izu eszenikoa igarota, naturaltasunez bete zuen pregoilariaren zeregina. «Ni ez nintzen sentitzen protagonista. Hori bai, ez nuen jantzia kentzen ezta gauean ere! Kapela hori janztea superheroi antzeko bat izatea da».

Bilboko jaietako giroa nabarmendu du Uribek beste edozeren gainetik. Haren esanetan, Zazpikaleetan pasatu zituen joan den urteko Aste Nagusiko unerik dibertigarrienak, «Bilbo Kantarirekin eta bertso poteoan». Horrez gain, txosnetako barra gainean igota dantzan ere ibili zen. «Hori izan zen onena», dio umoretsu.

Oroitzapenak eta etorkizuna

Izeba bat konpartsa batekoa zela eta, Aste Nagusia «ia sortu zenetik» bizi izan du idazleak. «Txikitatik joaten ginen izebaren etxera, eta han aste osoa pasatzen genuen. Hark txosnetan lan egin behar zuenez, han ibiltzen ginen bueltaka. Gero, nik ere egin ditut txanda batzuk hortik, eta Bilbora ia urtero joan naiz». Izan ere, Uriberentzat, «txosnak dira Aste Nagusiaren erdigunea», jaia hezurmamitzen duen eremua. Aurten, berriz, lasaiago biziko ditu jaiak: haur jaioberria du eta hurrengo liburua prestatzen ari da. Datorren urtean gogoberriturik itzuliko dela agindu du. «Umeari konpartsaren kamiseta jantziko diogu, eta benga, Bilbora!»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.