San Prudentzio jaietako pregoilaria

Teresa Ibañez Axpe: «Pregoian bakarrik ez, edozein lekutan aldarrikatuko dut antzerkia»

Ibañezentzat «beharrezkoa da» antzerki mundutik datozenek presentzia izatea San Prudentzio jaietan eta antzekoetan.

Teresa Ibañez Axpe aktorea, 2024ko San Prudentzio jaietako pregoilaria. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Teresa Ibañez Axpe aktorea, 2024ko San Prudentzio jaietako pregoilaria. ARABAKO FORU ALDUNDIA
unai etxenausia
2024ko apirilaren 27a
05:00
Entzun

Teresa Ibañez Axpe aktoreak (Murgia, Araba, 1944) irakurri zuen, asteazkenean, aurtengo San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren jaietako pregoia. Haren ibilbide oparoa omendu nahi izan dute arabarrek. Antzerkiaren, zinemaren eta telebistaren irudi entzutetsua eta berdintasunaren aldeko borrokalari nekaezina izan da. Pedro Almodovar eta Iciar Bollainen mailako zuzendariekin lan egin du, besteak beste.

Zer etorri zitzaizun burura pregoilari izatea proposatu zizutenean?

Izugarrizko poza sentitu nuen; sekula ez nuen horretan pentsatu. Beharrezkoa iruditzen zait antzerki mundutik gatozenok presente egotea horrelako tokietan. Baina pregoian bakarrik ez, edozein lekutan aldarrikatuko dut antzerkia.

Antzerkian bakarrik ez, zineman eta telesailetan ere aritu izan zara lanean, Pedro Almodovar eta Iciar Bollainen mailako zuzendariekin...

Hainbeste gauza egin ditut... Oso bizimodu ezegonkorra izan arren, ederra ere bada, eta hainbat pertsonarekin lan egiteko aukera izan dut. Zuzendariak eta aktore protagonistak dira ezagun egiten direnak, baina izugarrizko taldea dago atzean. Elkar zaintzen gara guztiok.

Gasteizek baditu antzerki eta aktore onak, ezta?

Gero eta arte gehiago dago Gasteizen. Gero eta aktore on gehiago ateratzen ari dira, eta, gainera, aukerak daude. Gasteiz ezagun egin da, eta baldintzak hobetzen ari dira.

Nola gozatzen duzu San Prudentzio jaiez?

Nire haurrak ume zirenean gozatu nituen gehien jaiak. Gaztea nintzenean, Murgian bizi nintzen; beraz, Gasteizen ezkondu eta bertan bizi arte ez ditut horrenbeste bizi izan. Paseatzea gustatzen zitzaidan, erromeria gozatzea, postuetan zerbait jatea...

Eta zein da aurtengo plana?

Gozatuko ditut, pregoilaria izanda... Hunkitu egin nintzen pregoilari izango nintzela esan zidatenean, eta hunkituta pasatuko ditut San Prudentzio jaiak.

San Prudentzio jaiek badute antzerkitik ezer?

Ez dakit, kultura aldarrikatu egingo dut, hori bai. Festa hauek hain dira politak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.