Prebentzioa zorroztea helburu

Teknologiaren garapenarekin, lehen ikusezinak ziren tumoreak atzeman daitezke. Baina egungo diagnostiko tresnek mugak dituzte zehazteko ea tumore horiek agresiboak izango diren. Tratatu egin behar dituzte, nahiz eta batzuk ez diren arriskutsuak izango.

Veronica Torrano ikerlaria bere laborategian atzo, EHUko Leioako campuseko Zientzia eta Teknologia fakultatean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Veronica Torrano ikerlaria bere laborategian atzo, EHUko Leioako campuseko Zientzia eta Teknologia fakultatean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
2024ko irailaren 27a
05:00
Entzun

Minbizien diagnostiko gero eta zorrotzagoak garatzen ari dira, eta egonkortu egin dira horietako batzuk garaiz harrapatzeko baheketa programak. Diagnostiko goiztiarra da joera horrek dakarren onura, baina baliabide horien mugek badute, halaber, arrisku bat: gaindiagnostikoa. «Pazientearen bizitzarentzat edo funtzioentzat ondoriorik izango ez luketen gaixotasunak diagnostikatzeari deritzo», Jose Luis del Curak deskribatu duenez —Gipuzkoako Onkologikoko erradiologoa da, eta ARE EAEko Erradiologoen Elkarteko presidentea—. «Hor egote hutsagatik, tumore horiek tratatu egiten dira».

Tratamenduak ez dira kaltegabeak, ordea. Minbizia gaixotasun hilkorra izanda, esku hartzeen albo kalteak onartu egiten dira, ezinbestekoak baitira bizirik irauteko; baina agresiboak ez diren tumoreetan esku hartzen bada —kirurgiarekin, erradiazioarekin, hormonetan eraginda...—, handiagoa izan daiteke kaltea onura baino. Erradiologoaren berbetan, bi aldagai hartu behar dira kontuan gaindiagnostikoaz berba egiteko: batetik, pazientearen adina; bestetik, tumorearen eboluzio naturala, mota eta agresibitatea. Izan ere, adin batetik aurrera kartzinoma batzuen diagnostikoa «hutsala» dela uste du Del Curak, paziente horiek azkarrago hilko baitira beste kausa batzuen ondorioz; eta, bestalde, minbizi mota batzuetan ohikoagoak dira gaindiagnostikoak: zehazki, hilkorrak izan daitezkeen arren hazkunde motelagoa duten horietan, hala nola tiroideetakoa eta prostatakoa.

«Patologia askotan, ez dago frogatuta baheketa masiboak onura nabarmenik eragiten duenik pazienteen bizitzan. Adibidez, prostatako minbiziaren baheketa ez da sistematikoki egiten ari»

JOSE LUIS DEL CURAGipuzkoako Onkologikoko erradiologoa eta ARE EAEko Erradiologoen Elkarteko presidentea

Diagnostiko teknikak fintzearen ondorioz, handitu egin da minbizia mota batzuen intzidentzia, Del Curak nabarmendu duenez. Horrek ez du esan nahi kopurua handitu denik, ohartarazi duenez, baizik eta lehen oharkabean igaroko ziren tumore batzuk ikus daitezkeela gaur egungo teknologiarekin. Ikus daitezke, baina ezin da jakin zer-nolako bilakaera izango duten, osagilearen arabera. Badaude aldagai batzuk haren agresibitatearen berri eman dezaketenak —ehunka dira, eta minbizi bakoitzak bereak ditu, esan duenez—. «Baina ezin dugu tumorearen garapena aurreikusi zehatz-mehatz. Beraz, behin tumorea topatuta, derrigortuta gaude hura tratatzera; are, obligazio legal bat da, ezin baituzu utzi tumore bat haz dadin».

Badago modurik, halere, gaindiagnostikoak eta premiazkoak ez diren tratamenduak hein batean saihesteko? Del Curak xehatu duenez, «abstentzio terapeutikoa» izan daiteke alternatiba bat, batik bat paziente zaharrekin eta bizi itxaropen laburra dutenekin. «Tumorea zaintzen dugu haren eboluzioa ikusteko. Ikusten badugu eboluzioa geldoa eta progresiboa dela, ez dugu ezer egiten. Baina hori ezin dugu egin paziente guztiekin». Era berean, baheketa programak kontrolatzea da beste bide bat. «Patologia askotan, ez dago frogatuta baheketa masiboak onura nabarmenik eragiten duenik pazienteen bizitzan. Adibidez, prostatako minbiziaren baheketa —PSA prostatako antigeno espezifikoa neurtzen dute— ez da sistematikoki egiten ari, frogatu baitzen pazienteari eragiten zion kaltea onura baino handiagoa zela, nahiz eta minbizi hori potentzialki hilkorra izan».

Irail hasieran, British Medical Journal aldizkari zientifikoan argitaratutako ikerketa batek jopuntuan ipini zituen ostera ere prostatako minbizia detektatzeko baheketa programak: ondorioztatu dute 1980tik Europako gizonei egindako proben emaitzek gaindiagnostikoa iradoki dezaketela, PSAren proba egiten hasi zirenetik asko handitu baita intzidentzia, baina ez heriotza tasa. Hala, Del Curak defendatu du baheketak aholkatutako egoeretan baino ez egitea, hala nola sintomak daudenean, edo analisietan adierazle jakin batzuk agertzen direnean.

Gleasonen parametroa

Terminologiaren zehaztapen bat egin du Veronica Torranok —prostatako minbizia ikertzen du EHUn—. Esplikatu duenez, prostatako tumoreak hainbat modutan ager daitezke: izan daiteke neoplasia onbera bat, edo tumore agresibo bat —alegia, minbizia—. Neoplasia onberek ez dute tratamendu espezifikorik behar, ez baitira arriskutsuak pazientearen bizitzarentzat; kasu batzuetan, kirurgia egitea erabakitzen da tumore masa hori kentzeko, baina ez besterik. «Tumoreen gaindiagnostikoa» legoke halakoetan, ikerlariak ñabartu duenez.

«Zelulen kanpoko matrizearen bitartez, tumore zelulek isuritako proteinak jasotzen dituzte inguruko zelula osasuntsuek, eta, ondorioz, tumore zelula bihurtzen hasten dira»

VERONICA TORRANOEHUko ikerlaria prostatako minbiziaren arloan

Beste kontu bat litzateke «minbiziaren gaindiagnostikoa», ordea: izan ere, zaila da aurreikustea minbizi bat agresibo bilakatuko den edo ez. Odoleko PSA proben eta ondesteko haztapenaren bitartez tumorearen zantzuak atzematen dira, eta onkologoek eta urologoek Gleasonen parametroa erabiltzen dute haren arriskua aurreikusteko: biopsia bat egiten da, eta patologoak gai dira tumore zelula horien ugalkortasuna ikusteko haien morfologiari erreparatuta, hazkunde azkarragoa duten zelulek forma ezberdina izaten baitute, Torranok esplikatu duenez. Gleasonen parametroan puntuazio baxua duten minbiziek agresibitate apala dute; horiek horrela, batzuetan pazienteei jarraipena baino ez diete egiten, ohiko tratamenduak ez bailieke aparteko onurarik ekarriko. Kontrara, puntuazio altuko minbiziak tratatu beharrekoak dira nahitaez, oso agresiboak direlako.

Baina nola jokatu behar dute erdibideko puntuazioa duten minbiziekin? «Printzipioz, ez dira oso agresiboak, baina ezin dugu jakin horietatik zeintzuk bihurtuko diren agresibo eta zeintzuk ez», onartu du ikerlariak. Oraingoz ez dagoenez horren berri eman dezakeen tresna diagnostikorik, gainerako minbizi agresiboak bezala tratatzen dituzte. «Baliteke batzuk neurriz gain tratatzea. Baina horrek ez du ondorio negatiborik edukiko pazientearengan», azpimarratu du.

Komunikazioa ulertzea

Hain justu, erdibideko arriskua duten tumoreak dituzte jomuga prostatako minbizia ikertzen ari diren askok; besteak beste, Torranok zuzentzen duen taldeak. Agresibitate adierazleak aztertzen dituzte, konkretuki, jakiteko zerk bihurtzen dituen tumore horiek erasokor. Esplikatu duenez, tumoreak zelula mota askoz osatuta daude, eta, gainera, aldamio gisako bat dute, ehun osasuntsuek daukaten bezala: zelulen kanpoko matrizea. Aldamio horrek zelulei eusten die —kasu batzuetan, babes hesi bezala funtzionatzen du—, eta elkarri lotuta dauden proteina multzoek osatzen dute.

Ikusi gehiago

Matrize horretan desorekarik sortuko balitz, eragina izan lezake zelulen hazteko edo mugitzeko moduan. «Zelula normal bat tumore zelula bihurtzen denean, guztiz aldatzen da haren geneen adierazpena, baina baita zelulak matrizera isurtzen dituen proteinen konposizioa ere», zehaztu du Torranok. Konparazio bat erabili ohi du prozesua ulergarriagoa egiteko: hitz egitean, berbak igortzen dira, eta horiek hartzaile batengana heltzen dira; tumore zelulek antzeko mekanismoa erabiltzen dute harremanetarako. «Matrizearen bitartez, tumore zelulek isuritako proteinak jasotzen dituzte inguruko zelula osasuntsuek, eta, ondorioz, tumore zelula bihurtzen hasten dira».

Hori jakinik, Torranoren taldearen helburua da zelulon arteko komunikazio sistema ulertzea, eta estrategiak garatzea tumorearen lengoaia blokeatu edo isiltzeko. Prezisiozko medikuntza edo medikuntza pertsonalizatuan oinarritzen dira, nabarmendu duenez: pazienteak maila molekularrean sailkatzen dituzte, eta, segun eta zein komunikazio bide dagoen moldatuta, terapia bat edo beste garatuko da. Sailkatzeak zera esan nahi du, ikerlariak xehatu duenez: paziente bat heltzen da klinikara, ondo lokalizatuta dagoen tumore primario bat du, erdibideko arriskua duena, baina, alterazio jakin batzuk dituenez, badakite metastasia garatzeko edo tratamenduari ez erantzuteko probabilitatea duela. «Oso garrantzitsua da hori aurreikustea, zeren, nahiz eta agian orain ezin den tratatu, jarraipena egin ahalko diogu; eta, etorkizunean, botikak gara ditzakegu aldatuta dauden bide horien kontra, metastasia eragozteko». Izan ere, gaur egun metastasiak ipintzen du arriskuan prostatako minbizia duten pazienteen bizitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.