Euskaldunen bizitza sozialean protagonismo handia du alkoholak. Bazkarietan, afarietan, poteoan, jaietan, azoketan, parrandetan... alkohola errotuta dago gune gehienetan, bai gazteen artean, bai helduen artean. Harremanak egiteko, badirudi edatea ezinbestekoa dela askorentzat, elkarrizketak errazten dituelako eta konfiantza handitzen duelako. Hori dela eta, alkoholak osasunari eragiten dion kaltea eta sor ditzakeen bestelako arazoak alde batera uzten dira sarritan.
«Edan gabe ere oso-oso ondo pasa daiteke», ziurtatu du Maialenek; 27 urte dauzka —ez du abizenik eman nahi izan—. Abstemioa izatea erabaki du, eta, nahiz eta alkohola probatu izan duen, gaur egun ez du edaten. Haren ustez, alkoholak «lubrikazio soziala» sortzen du, eta horrek, hain zuzen, erakusten ditu jendeak harremanak izateko dituen zailtasunak. Alkoholaren protagonismoa nabaria da, eta ematen zaion garrantzia «gehiegizkoa» sarritan. Izan ere, euskal herritar askok elkartzeko duten ohiturarik esanguratsuenetako bat poteoa da; edatea, funtsean. Eta aukera gutxi ditu alkohola edan nahi ez duenak.
Askotan, edaten ez dutenek arrazoiak eman behar izaten dituzte euren jarrera justifikatzeko. Edatea ez edatea baino normalagoa delako. «Ez, nik ez dut edaten» esateak harridura sortzen du; ezohikoa da, bitxia. «Beti azalpenak emanez ibiltzen dira, ez edatea arraroa baita», esan du Txabi Emaldiak, Zornotzako taberna baten jabeak. Bizitza soziala egiten dute, bistan dago, baina aitortu du presioa jaso ohi dutela: «Txantxetakoa edo broma girokoa, baina presioa da, azken finean».
Norbait droga bat hartzera —edatera, kasu honetan— behartzea sozialki onartuta dago. Ohikoa da edan nahi ez duen norbaiti ardo kopa bat zerbitzatzea edo kaña bat ateratzea. Alkoholak estatus berezia du: bere alde txarrak frogatuak dauden arren, baimendutako droga bat da. Hala ere, alkohola kontsumitzeak, kontrolatuta egonda ere, minbizia, zirrosia, dementzia eta psikosia eragin ditzake, besteak beste.
Alkoholaren onuren «mitoak» zabalduta daude, eta sarritan erabiltzen dira aste barruan ardoa edo garagardoa edaten dutenen ohitura justifikatzeko. Baina Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak horrela azaltzen du: «Jendeak alkohol kontsumoaz duen irudipen subjektibo horrek ez du zerikusirik osasunean benetan eragiten duen kaltearekin. Hirurogei gaixotasun mota eta egoera gogaikarrirekin lotuta dago edari alkoholdunen kontsumoa». Osasun Sailak argi utzi du: «Alkoholik ez edatea da alkohol kontsumoari lotutako arriskuak saihesteko modu bakarra». Alegia, ez dago edateko neurri osasungarri bat.
Hala eta guztiz ere, hori guztia jakinik ere, jendeak ez dio edateari uzten. Bereziki ospakizunei dago lotuta alkoholaren kontsumoa. Lagunekin edo egun berezietan edaten da, eta oso zaila izaten da alkoholik gabeko espazioak topatzea. Adituen ustez, droga hori kontsumitzeak dakarren arriskuaren pertzepzioa txikiegia da askotan: «Jendea ez da ohartzen sor dezakeen kalteaz».
Alkohola «ospakizunekin edo elkarrekin momentu onak bizitzearekin» lotzen da sarritan, hala dio Osasun Sailak bere oharrean, eta horrekin bat datoz Maialen eta Txabi. Hala ere, ikuspuntu desberdinak dauzkate. Maialenen ustez, alkoholak «garrantzi handiegia» du Euskal Herriko kulturan, eta ez du begi onez ikusten guztia alkoholarekin ospatu behar izatea. Txabik, berriz, uste du arazoa «ezkutuan edatea» dela, eta tabernetan jendeak «sozializatzeko» edaten duela, bereziki ospakizunetan eta egun handietan. Testigantza horiek kontuan izanda, bistan da Euskal Herrian alkoholari ematen zaion erabilera.
Kontsumo arduratsua
Izar Arregi psikologoaren ustez, alkoholaren kontsumoa «beti egon da, eta beti egongo da», eta nabarmendu du «kontsumo arduratsua» bilatu behar dela. Horrek izan behar du helburua, haren ustez. Gaineratu du «merezi duen garrantzia» eman behar zaiola droga horri. «Haren alde txarrak ezagutu behar dira, eta jakin behar da kontsumoa kontrolatzen. Arazoa ez da bakarrik zenbat edaten den, baizik eta maiztasuna eta droga horrekiko jendeak duen mendekotasuna». Hau da, edan gabe irten ezin izatea «arazo larria» izan daiteke; Arregiren esanetan, ez da soilik «mendekotasun sozial bat», askok uste duten bezala.
Azaldu duenez, arriskuaren pertzepzioa askoz handiagoa da beste drogekin alkoholarekin baino. Adibidez, tabakoak, marihuanak edo kokainak eragiten duten kaltea «oso ondo» ezagutzen du jendeak, horren gaineko «kontzientzia handiagoa» baitago. Baina adierazi du alkoholaren ondorio txarrak ez daudela hain zabalduta, eta, horregatik, arriskuaren pertzepzioa baxuagoa dela.
«Txikitero baten eta alkoholiko baten artean dagoen muga oso fina da», ohartarazi du Arregik. «Egia deserosoa izan daiteke hori, baina horrexegatik esan beharra dago». Arregiren esanetan, edateari utzi ezin diona edo edan gabe irten ezin dena, «nahiz eta problematikoa ez izan, alkoholikoa da», drogarekiko mendekotasuna duelako. Hala ere, alkoholaren kontsumoa hain errotuta dagoenez, pertsona hori ez da integratu gabe egongo. «Izan ere, askotan edaten ez duena egoten da integratu gabe».
Adituen esanetan, ez da batere erraza gizartean alkohol gutxiago edatea. Momentu onei lotuta dagoelako, ia guztiek egiten dutelako, bere alde onak oso erakargarriak direlako... Gaur egun, lotsa kendu eta konfiantza ematen duen neurrian, pertsonen arteko harremanak izateko era alkoholak eragindakoa da, neurri handi batean. Osasun Sailak berak, dena den, «kontsumo arduratsua» aipatzen du.
Alkohola eta gazteak
Zer ikusi, hura ikasi. Txiki-txikitatik, umeak gurasoekin irteten dira poteoan. Helduek edaten duten bitartean, haurrak jolastu egiten dira, korrika eta oihuka. Edozein tabernatan ikus daiteke hori, 30 urtetik gorako lagun kuadrilla bat, umeekin. Txikiek mahaietan gertatzen dena ikusiko dute, eta, nerabezaroan, hasiko dira ohitura hori kopiatzen.
Datuak aintzat hartuta, gazte asko 14 urterekin hasten dira edaten; batzuk are goizago. Arregiren ustez, gazteek ez diote garrantzi handirik ematen alkoholari, «ohituta» baitaude hori ikustera: «Denek egiten dute». Hala ere, jendeak «ikaragarri» edaten duela uste du. «Helduek aste oso batean edaten dutena gazteek asteburu batean edaten dute, askotan inolako kontzientzia edo heziketa barik». Adin horretan ere, edaten ez duena sentitzen da «tokiz kanpo», psikologoak azpimarratu duenez.
Arregik nerabeekin egiten du lan, eta azaldu du gaur egun gai guztiak lotuta daudela: alkohola, marihuana, kokaina, pornografia, sexu harreman bortitzak eta bestelako mendekotasunak. Batak bestera eramaten ditu nerabeak. Gazteek dena banalizatzen dutela esan du: «Bai alkohola edatea, bai sexu harremanak izatea». Arregik zehaztu du 15 urtetik gorako neska askorentzat normala dela sekulako mozkorra harrapatzea eta berehala norbaitekin oheratzea. «Ligatu gabeko» edo «historiarik gabeko» sexu harremanak dira horiek, Arregiren ustez. «Gazteak, gehienetan, pornografian ikusten dutena kopiatzen saiatzen dira, eta horrek sexu harreman bortitzak eta patriarkalak eragiten ditu».
Gazteen polikontsumoa ere oso arazo larria izan daitekeela uste dute adituek. Alkoholarekin batera, «mota guztietako drogak» hartzen dituzte askok: marihuana, kokaina eta speeda, besteak beste. Alkohola «depresore bat» da, lokartu egiten du, eta gazte batzuek efektu horri kontra egiteko erabiltzen dituzte speeda edo kokaina. Arregik azaldu du droga horiek uztea «errazagoa» dela, baina atzean dagoena, alkohola, ezin dutela laga, «bizitza sozialeko esparru guztietan» presente egongo delako. Horrez gain, alkoholak biharamunean «tristura» eragiten du, eta, tristura hori estaltzeko, gehiago edaten dute askok, «berriro ondo pasatzeko».
Alabaina, gazte askok ondo egotearekin nahasten dute ondo pasatzea. Hala uste du Arregik. «Psikologikoki ondo dagoena gai da gaizki pasatzeko eta etxera garaiz joateko». Ostera, Arregiren esanetan, ondo ez dagoenak sarritan pentsatuko du alkohola behar duela ondo sentitzeko, eta ez da ohartuko konponbide hori «iragankorra» dela, «eta are sakonago murgilduko duela ezinegon horretan».
«Arazo larria» bada ere, Arregi ziur dago soluzioak badaudela: horren inguruan hitz egitea, sozializatzeko beste era batzuk bilatzea eta alkoholaren kontsumoa sentimenduekin lotzea, besteak beste. Gazteek «modu errazean barruan dutena plazaratzeko» erabiltzen dute alkohola, baina «beste modu bat» aurkitu behar dute horretarako. «Gogoeta» eginarazi behar zaie: «Alkoholaz gozatu nahi baldin bada, kontsumo arduratsua izan dadila».