Pozik egoteko arrazoiak

Beste behin ere, Gasteizko gaztetxeak ekitaldi ugari antolatu ditu jaien inguruan jendea erakartzeko. Oro har, festetan izaniko giroaren balorazio «positiboa» egin dute.

Jende ugari bildu da Gasteizko gaztetxera festek iraun artean: irudian, jaien lehenengo orduetako giroa. JUANAN RUIZ / ARP.
Gasteiz
2016ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Gasteizko gaztetxeak aurten ere egitarau zabala izan du festa gosez zirenei eskaintzeko. Azken egunotan, bere lekua bereganatu du jaietarako prestatutako beste guneekin batera. Ez baitira gutxi Gasteizko jaietan parranda egiteko lekuak: txosnak, Alde Zaharra, diskotekak eta blusa eta neska taldeen jai eredu propioa, esaterako, baztertu ezin diren jai eremuak dira. Hori jakinda, Gasteizko gaztetxea jaietarako egitarau «emankor eta dinamiko bat» prestatzen saiatu da.

Bost eguneko festen ondotik, jaien ondoren balorazioa egitea tokatzen da. Oraindik «goizegi» da xehetasunei erreparatzeko, Garazi Atxa gaztetxeko batzordeko kideak adierazi duenez, baina balantze orokor bat egin dute aurtengo jaiek eman dutenaren inguruan. Adin guztietarako ekitaldiak antolatu dituzte gaztetxean: besteak beste, kontzertu andana helduentzat, eta haurrentzako ekitaldi ugari. Kontzertuei dagokienez, esaterako, Mallick Reggae Band, Frack eta beste talde batzuek girotu dituzte bost eguneko jaiak.

Atxak azaldu duenez, oro har, «positibotzat» jo du gaztetxeak izan dituen ekitaldiei eta etorri den jende kopuruari begira. Dena den, haren esanetan, oraindik goizegi da zehatz-mehatz esateko nolakoak izan diren aurtengo jaiak aurreko urteekin alderatuz. Batez ere, goiz da egindako gastuen eta izandako sarreren arteko aldea kalkulatzeko, eta, beraz, geroago egingo dute horren inguruko balantzea. Baina hori hala izanik ere, giro «egokia» egon dela nabarmendu du.

Egun guztietan jende ugari joan da gaztetxera antolaturiko ekitaldietan parte hartzera, Atxaren arabera. Jaien lehenengo egunean, txupinazoaren ondoren, jende «ugari» bertaratu zen, eta gainontzeko egunetan ere jenderik ez da falta izan. «Abuztuaren 6an, larunbata izanik, gaztetxea leporaino bete zen, eta 8an ere lanik ez zitzaigun falta izan».

Kontzertuen artean, aurten arrakastarik handiena larunbateko kontzertuek izan dute, Atxaren esanetan. «Mallick Reggae Band eta Gold Kiss Experience taldeek jo zuten, eta jende asko bertaratu zen». Kontzertuetan musika estiloen aniztasuna bermatu nahi izan dute, eta denetik eskaini dute: rock, reggae, ska eta techno musikak bere arrastoa utzi dute. Lehenengo egunean, esaterako, DJ Raybonen techno ukituekin estreinatu zituzten festak.

Garrantzi handia izan duen beste ekitaldi bat Titeres Desde Abajo taldeko txotxongilolariek egindako antzezpenak izan dira; bi saio egin zituzten. Sarkasmoa eta umore beltza erabilita, gaztetxera joandakoak animatu zituzten. Lehenengo saioa helduentzat egin zuten, eta bigarrena, berriz, haurrentzat. Atxak adierazi du harrera «bikaina» izan zuela antzezpenak.

Erasoei aurre egiteko prest

Aurtengo jaietan gaztetxeak bultzatutako berrikuntzei dagokienez, garrantzitsuena eraso sexisten aurkako protokoloaren ezarpena izan da. Mugimendu feministak ezarritako jarraibideei segituz, gaztetxeko batzordeak protokoloa bere egin, eta elkarlanean jardun dute. Erasoren bat gertatu orduko protokoloa bera aktibatzeko mekanismoak martxan jartzeko prestatuta zeuden.

Hala ere, erasoen eremua ez dute gaztetxera mugatu: jai eremu guztietakoak izan dituzte kontuan. «Erasoren bat gaztetxean zein beste eremu batean gertatu orduko, musika hamabost minutuz kendu dugu». Halakoetan, edariak zerbitzatzeari utzi eta ohar bat irakurri dute gertaturikoa salatzeko. Gaztetxean orri sorta bat egon da egunotan, erasoren bat ikusi edo pairatuz gero, idazteko, baina ez omen dute salaketa ofizialik jaso.

Horrela, agur esan die aurtengo jaiei gaztetxeak. Orain zer hobetu aztertu beharko dute datorren urteko jaiei begira. Horren aurretik, ordea, atseden hartzea tokatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.