ATZEKOZ AURRERA

Pozaren eta irriaren indarra

Bizipozaren jaia egin dute Usurbilen, eta hara bildu direnek irriz eta jai giroan eman diete sostengua Irrien Lagunak Gizartekintzako 30 elkarteei, beste urte batez.

ainara arratibel gascon
Usurbil
2016ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen Irri egiten duenari kantua ozen entzuten zen atzo, Usurbilgo (Gipuzkoa) frontoiko bozgorailuetatik. Han bildutako haur eta helduen ezpainetan Bizpozak jaiak zizelkatutako irribarre koloretsu bat margotzen zen, aniztasunaren eta elkartasunaren irribarrea. Kantuak dioen moduan, bihotz barruko bizipoz hori esnatu zuten, eta jai giroan Irrien Lagunak Gizartekintza osatzen duten elkarteei sostengua eta hauspoa eman zieten.

Usurbil 11:00 jotzearekin batera hasi zen bizipozez betetzen.Hasieran, frontoi atzealdean zeuden Pirritx, Porrotx, Marimotots eta gainerako kuadrillaren puzgarriek bereganatu zuten umeen arreta. Hantxe zebilen Irati Leitza, gora eta behera saltoka. «Utzi pixka bat gehiago», erregutu zion amari. Hark keinu batez baietz esan zion. Baina baita oharra egin ere. «Ados, baina laster hamaiketakoa egitera». Handik gutxira jaitsi zen puzgarrietatik Leitza. Sei urterekin ondo baino hobeto laburbildu zuen egunaren helburua. «Ondo pasatzera etorri gara, baina baita beharrak dituzten umeei indarra ematera ere». Haren amak, Miren Tellabidek, nabarmendu zuen urteak daramatzatela jaira joaten. «Ederrak dira helarazten dituen balioak».

Handik gutxira, Dani Arizala aurkezleak ondorengoa iragarri zuen: «Piko-piko jokoa hastera doa!». Berehala jendetza batu zen frontoian, eta txikienek sarreran eman zieten papertxoa atera zuten. Han, Irrien Lagunen pertsonaiak ageri ziren: Martinbertso, Tiritatxo, Largabista eta Marikalanbre.

Umeak aho zabalik geratu ziren, hezur-haragizkoak ere han zeudelako. Egokitu zitzaien pertsonaiarengana gerturatu, eta hark esaten zien zein elkarteren erakusmahaira joan behar zuten. «Bizipoza banatu behar dugu egunero», zioen Tiritatxok.

Jokoa egiten ari zen mutikoetako bat zen Iker Gomez. Juneren Hegoak elkartera joatea egokitu zitzaion. «Lau proba egin, eta pertsonaia bakoitzaren gainean gomets bat jarriko didate. Hala, zozketa batean sartuko naiz».

Juneren Hegoak elkartean egin beharreko jolasa belaki pusketa txiki batzuekin tximeleta bat osatzea zen, horixe baita Juneren Hegoak elkartearen ikurra. Pausoka elkartearen erakusmahaian, berriz, umeek oin azpiak tenperaz margotu zituzten, eta folio batean jartzen. Haietako bakoitzean zegoen jolas bat.

Elkarteen aldetik esker onekohitzak baino ez ziren entzuten. Halaxe baieztatu zuen Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkarteko Noemi Uribek. Elkartearen hainbat material zituzten salgai: «Dirua gure umeek egunerokoan behar duten arnas fisioterapiako tratamenduetarako baliatzen dugu». Antzeko helburua zuen bihotzeko gaixotasunak dituzten umeen senideen elkarteak ere: «Tratamendu asko atzerrian egiten dira, eta familiek dirutza gastatzen dute».

Ane Piratarekin dantzan

Handik gertu zegoen adopzioan umeak hartzen dituzten familien elkartearen erakusmahaia, Ume Alaiak elkartearena. Maritxu Pinto eta Bakarne Basurtok nabarmendu zuten jai aproposa zela atzokoa beste elkarteekin harremanak egiteko. «Ume horien egokitzapenean laguntzea da gure xedea».

Eguerdian, omenaldia egin zieten Usurbilgo Kilometroen antolatzaileei, inklusioaren alde egindako lanagatik, eta, ondoren, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Amalur ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten. Arratsaldean, eguraldia kaskartu arren, Ane Piratakparranda ederra antolatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.