Telesailak

Pottokiak adina marrazki bizidun oroitzen dituzte BERRIAren irakurleek

Irakurleak iraganera begira jarri ditu BERRIAk, umetan ikusten zituzten euskarazko marrazki bizidunak gogoratze aldera. Erantzun pila bat jaso ostean, hona hemen pot-pourria.

Doremiren magia
Hazuki, Doremi eta Aiko, 'Doremiren magia' telesaileko sorginetako hiru.
Julen Otaegi Leonet.
2024ko martxoaren 13a
13:45
Entzun

Txikitan pottokiak adina marrazki bizidun ikusi izana oroitzen dute BERRIAren irakurleek, ez dira-eta gutxi egunkari honek zeintzuk gogoratzen dituzten galdetu eta gero jaso dituen erantzunak. Nola ez, Dragoi bola errepikatu da gehien —telesailaren sortzaile Akira Toriyamaren heriotza izan da galdeketa egitearen arrazoia—, nahiz eta 50etik gora dauden zerrendan, 80ko, 90eko eta 2000ko hamarkadetan emandakoak guztiak.

«Dotakon eta Arale, zalantzarik gabe», idatzi du irakurle batek Facebooken. Beste batek esan dio ez ahazteko Harlock Kapitaina-z, eta erantzuna jaso du bueltan: «Eta Arturo Erregea... Adina dugun seinale da hau, e». Dotakon robotaz tutik ez dakienak Doraemon ezagutuko du agian, biaoan zela sagu batek belarriak jan zizkion katu kosmikoa, hamaika estualditatik salbatu zuena Nobita Nobi sabelean zuen poltsatik ateratzen zituen hamaika tramankuluei esker. Nork ez du inoiz kasko hegalaria nahi izan?

Hegan ibiltzen ziren erratzen gainean Doremi eta haren lagun sorginak ere, «pirikala panporina peperatu pepelotu!» abestuz magia egiteko. Fantasiatik ere bazuen, esaterako, Sakura, kartak zakura marrazki bizidunak; bertan, Sakurak karta magikoak harrapatu behar zituen hondamendiak saihesteko, eta alboan zuen beti Tomoyo laguna, jantzi ederrak josten zizkiona. Aipatu dute One Piece ere, non pertsonaiek botereak lortzen zituzten deabruaren fruituak janez gero —Luffyren luzatzeko ahala, adibidez—. Magikoa bezain hezigarria zen baita andereño Kizkurneren autobusa ere; Autobus magikoa-k biologia kontuak irakasten zizkien umeei. Eta, autobusez gain, autoak ere ikusten ziren telebisten pantailetan: turbolidoa, txatar tankea, Penelope Xarmaren auto arrosa, harrimobila... Lasterketa zoroak telesailean gidariak lehiatzen zen atalero, eta maltzurkeriatan aritzen ziren Dick Atorrante eta Baldar zakur laguntzailea.

Baldarrez gain, ezin ahaztu marrazki bizidunetan agertzen ziren animaliak: Heidiren Lanbro eta Sin Chanen Elur txakurrak; Muka-muka dinosauroa; Hartz Txiki, Pattal, Mokoilo, Zapi, Gautxori eta Emily; Pantera arrosaMarcoren Amedio tximino ilezuria; Katu-txakur; Keroro sarjentua-ko igel kuadrilla; Pingu pinguinoa; Shaun arditxoa; Ideafix Obelixen txakurra... Edo Sorgin Aspertua eta haren hontza: biek ala biek Ane, Elene eta Terese hirukiak zigortzen zituzten bihurrikeriak egiteagatik.

Hirukotea osatzen zuten Ashek, Mistyk eta Brockek ere Pokemon-en; Martin Mistery telesailean, berriz, poltsikoko munstroak ez, munstro izugarriak eta beldurgarriak agertzen ziren. Berebiziko espioiak ere hiru ziren, eta ETB1ek hiru bertsolariri eskainitako animazio telesailak ere bai, 90eko hamarkadan zehar emandakoak: Fernando Amezketarra, Lazkao Txiki eta Txirrita.

Horiez guztiez gain, beste hainbat ere gogoratu dituzte BERRIAren irakurleek: Sherezade printzesa, Burdin aho, Conan detektibea, Vicky bikingoa, Benetako mamuak, Flyren abenturak, Hattory ninja, Kapitain Planet, X taldea, Jorge oihanekoa, Aita-amabitxi magikoak, Izarretako gerlariak, Boboboak, Ulysses 31, Zoroak zoro, Papyrus, Kiteretsu, Patri postaria eta Kaixo Sandybell.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.