Pottokaleku zalditegiko arduraduna da Jon Elorza. Oñatitik (Gipuzkoa) Arantzazura bidean dago zalditegia, eta hainbat ekintza egiten dituzte pottokekin: ekinoterapia, entrenamendu saioak eta zaldiketa, besteak beste. Elorzak maite ditu pottokak, eta bere mirespena gainontzekoei helarazten saiatzen da. Izan ere, «Europako zaldi zaharrena», glaziazioari ere aurre egin zion animalia, desagertzeko arriskuan dago orain. «Esku artean dugun altxorraz ohartzeko, Bizi Pottoka jardunaldiak antolatu ditugu Arantzazuko Parketxeak eta Pottokalekuk, biharko eta datozen bi larunbatetarako». Jardunaldi horietan, bideo emanaldi bat eta pottokekin ibiltzeko aukera izango dira, 10:30etik aurrera.
Zein da pottoken jatorria?
Antzina, Asiatik Europa aldera etorri ziren zaldiak. Ugaltzen joan ziren heinean, lur eremuak hartzen joan ziren, eta Europara iritsi ziren. Pirinioetan eta Kantauriko mendietan geratu ziren zaldi horiek, eta ordutik iraun dute. Euskal Herriko mendietan hemengo mendietako baldintzetara egokituz iraun dutenei pottoka deitzen zaie. Asturiasen garai bereko arraza bat dago; han, asturkoiak deitzen diete. Galizian ere badute zaldi bat oso antzekoa, eta han beste izen batekin deitzen diete.
Hainbeste urtetan gorabehera asko gainditu beharko zituen, hortaz, pottokak, ezta?
Orain gutxi arte uste izan da pottokak ez zuela azken glaziazioa iraun eta zeltek ekarri zituztela berriro. Duela gutxi, ordea, hezurrak eta aztarnak aurkitu dira, kontrakoa erakusten dutenak: pottokek glaziazioa iraun zuten.
Mendez mende, Euskal Herriko naturara moldatzen joan dira zaldi horiek. Zein ezaugarri dituzte?
Pottokak 1,15 eta 1,32 metro luze inguru dira. Oso animalia landakoa da, eta oso ohituta dago gure mendietan bizitzen, bai neguan bai udan. Pottokek apenas behar duten zaintzarik: ez sendagairik, ezta ferrak jartzerik ere. Azken finean, mamuten garaiko animalia da, glaziazioa iraun duena. Hortaz, ohituta dago negu gogorrak pasatzen eta jan gutxirekin bizitzen. Gure mendietan irauteko guztiz prestatuta dago. Amatasunerako ere oso aproposa da, eta, ondo zainduz gero, oso animalia gozoa da.
Noiz utzi zioten pottokek animalia basatiak izateari?
Zeltek ekarri zuten zaldiak erabiltzeko kultura, orain dela 4.000 bat urte. Garai hartan, zaldia gerrarako edo garraiorako erabil zitekeela ikustea aurkikuntza handia izan zen. Ordura arte, ehizatu baino ez ziren egiten, jateko. Garai hartako kroniken arabera, erromatarrak etorri zirenerako euskaldunek zaldi gainean egiten zuten borroka.
Hasieran, hortaz, borrokarako erabiltzen zuten pottoka?
Bai, beste herri batzuk menderatzeko. Gizakia, izatez, animalia oso motela da. Zaldiaren abiadurak, berriz, abantaila ematen dio. Zaldiaren funtzioa ia kultura guztietan izan da hori. Bestalde, garraio modura ere erabiltzen zuten.
Gerra eta konkista garaiak atzean utzita, Euskal Herriko historian zein garrantzi izan du pottokak?
Gero eta pottoka gutxiago egon arren, beti izan du presentzia gure gizartean. XIX. mendean, esaterako, pottokak oso preziatuak ziren Valentziako eta inguruko soroetan lan egiteko. Animalia txikia izanik, aproposa zen laranjak biltzeko. Gainera, jateko gutxi behar dute. Hortaz, hona etortzen ziren pottokak erostera. Orduko testuetan agertzen da sanfermin batzuetan, egun batean soilik, 900 pottoka saldu zituztela Valentziara. Euskal Herrian, pottokak hazi eta Valentzia aldera saltzetik bizi ziren asko.
Saltzeaz gain, hemengo baserrietan zertarako erabiltzen ziren pottokak?
Batez ere, garraiorako. Adibidez, kontrabandoan erabiltzen zituzten. Izan ere, oso erraz ibiltzen ziren leku estuetan, harri arteetan, eta oso animalia esanekoak dira. Bainuetxeak modan egon zirenean, berriz, irteerak egiten zituzten inguruko mendietara, pottoka gainean. Edo, besterik gabe, pottoketan buelta bat ematera ateratzen ziren.
Hainbeste urtez iraun duen animalia orain desagertzeko arriskuan dago. Zergatik?
Komertzialki ez duelako irteerarik. Jendea beste arraza batzuekin gurutzatzen joan da, haragitarako zaldiak lortzeko. Izan ere, gaur egun, zaldiketarako edo haragitarako erabiltzen dira zaldiak. Pottokak, ordea, haragi gutxi du, eta baztertzen joan dira. Orain oso gutxi geratzen dira: 2007ko datuen arabera, Gipuzkoan 600 bat daude; Bizkaian, ehun; eta, Araban, hogei.
Zer egin daiteke pottokak ez desagertzeko?
Gu saiatzen gara jendeari erakusten pottokek kulturalki zer-nolako balioa duten. Pottokak hemen bizi ziren lehen gizakiak etorri aurretik; Europako zaldirik zaharrena da. Ez gara ohartzen esku artean dugun altxorraz, eta galtzen ari gara. Izan ere, oraindik baditu erabilpenak; esaterako, oso aproposak dira soroak eta basoak garbitzeko. Guk, berriz, Pottokalekun, terapiak egiteko erabiltzen ditugu. Zaldi gainean ibilita, zaldiaren onurak jasotzen dira. Haien mugimendua, esaterako, gurearen oso antzekoa da. Hortaz, elbarrien kasuan, adibidez, zaldi gainean jartzen direnean, oinez ibiliko balira bezalako seinalea iristen zaie burmuinera. Adimen emozionala ere lantzen dugu pottokekin.
Jon Elorza. Pottokalekuko arduraduna
«Pottokak Euskal Herrian bizi ziren lehen gizakiak etorri aurretik»
Euskal mendietako zaldia, pottoka, desagertzeko arriskuan dago: 700 bat baino ez dira geratzen, merkatuan ez baitu irteerarik; Elorzak, Pottokalekun, gogoz lan egiten du, hori gerta ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu