Telesailak

Postariak mobilizatu zituen eskandalua

Britainia Handiko ‘Mr Bates vs. The Post Office’ telesailak lau ataletan laburbildu du ehunka postariren lan gatazka eta espetxe zigorrak eragin zituen akats burokratiko sortaren inguruko istorioa.

(ID_13910393) (/EZEZAGUNA) mrbatesvs.thepostofficenagusia
‘Mr Bates vs. The Post Office’ telesaileko fotograma bat. MOVISTAR PLUS
Mikel Yarza Artola.
2024ko maiatzaren 25a
05:00
Entzun

«Posta bulegoak behin eta berriz esan zigun: zu zara bakarra, baina hori gezurra da. Hemen gaude denok bat eginda, eta aurrerantzean ez gara sekula bakarrak izango». Mr Bates vs. The Post Office telesail britainiarreko lehen atalaren amaierako esaldia da.

Iruditan dozenaka lagun ageri dira batzartuta, arazo bati aurre egiteko: Erresuma Batuaren historiako akats juridiko larrienetako bat. 1999. eta 2015. urteen artean herrialdeko posta bulegoko Horizon sistema informatikoak emandako datu okerren ondorioz, justizia britainiarrak zazpiehun bat langile epaitu eta kondenatu zituen iruzur, lapurreta eta dokumentuen faltsutze delituengatik.

Postariek 2009. urtean jarri zuten martxan langileen aldeko plataforma; 2021ean abiatu zen ikerketa publikoa, eta, 2024 hasieran, Rishi Sunaken gobernuak balazta zapaldu zuen kalteturikoek lehenbailehen kargu guztiak gainetik kendu eta kalte ordainak jaso zitzaten. Duela bi hilabete sartu zen indarrean legedi berria, ITVk fikziozko Mr Bates vs. The Post Office eman eta berehala.

James Strong (Broadchurch, Downton Abbey, Doctor Who) arduratu da telesaila lau ataletan zatitu eta entretenigarri egiteaz. Postariek urte luzez jasandako presio eta oztopo instituzionalak dira kontakizun lineal honen arretagune nagusia; ez dago ezusteko korapilatsurik, eta, hala ere, narrazioaren erritmoa bizia da. Batzuetan, biziegia ere bai; Strongek lau orduko tartean kabitzen den baino gehiago eta modu didaktikoegian kontatu nahi izan du, eta horrek murriztu egin du ikusleengan arrasto emozional sakonagoa uzteko aukera.

Toby Jones, Ian Hart, Monica Dolan, Shaun Dooley... aktoreen zerrenda aparta da; telesailak lehen mailako izar britainiar andana batzea lortu du, eta horrek proiektua erakargarri bilakatu du lurralde britainiarretatik harago ere. Posta bulegoko langileek indarrak batu eta kolektibo gisa egindako ahalegina azpimarratu arren, telesailak protagonista bakoitzaren bide pertsonala ere esploratu du. Haietako bakoitza familia, kultura eta gizarte testuinguru ezberdinekoa da, eta horrek eskandalu berberaren hamaika aurpegi ezagutzeko balio du.

Erakundeen botereaz hausnartzen du telesailak, justizia eta polizia sistemek ez ezik oro har estatuko egituretan erro sakonak dituen eragile orok gizabanako arruntengan izan dezakeen eraginaz. Alde horretatik, kasik paradoxikoa dirudi telesaileko mehatxu nagusia, eskandalua lehertu eta mundu guztia hankaz gora jarri zuena, gailu elektroniko bat izatea.

Eszena batean, pertsonaia nagusietako bat Computer Weekly aldizkaria irakurtzen ageri da, Horizon sistema informatiko berritzaileak bere lantokira ekarriko dituen nobedadeak ulertu nahian. Posta bulegoarentzat proiektua garatu zuen Fujitsu konpainia teknologiko japoniar ezagunari, ordea, apenas egin dioten aipamenik.

25 urte eta dozenaka adierazpen gurutzaturen ostean, Paula Vennells posta bulegoko buruzagi ohiak aste honetan aitortu du faltsuak izan zirela lehenengoz parlamentari britainiarrei kasuaren inguruan emandako probak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.